Zaindu zeure arrautzak maitea

NDEyMg==

Zaindu zeure arrautzak, maitea.

Nahi baino gehiagotan gertatzen da konfiantza ematen diguten lekuetan erosten ditugula arrautzak: harakinarenean, barazkiak saltzen dizkigunaren dendan, okindegian… “Baserrikoak dira”, esaten digute, edota txartel bat dute aurrean: “Arrautza fresko-freskoak”.

Supermerkatuan baino apurtxo bat garestiago ordaintzen ditugu, baina pozik joaten gara etxera, arrautza kontuak ez baitira txantxetarakoak: jaten duzun horixe zara.

Ohar bat, hala ere. Apustu egiten dizugu, hamar alditatik ia guztietan, zure arrautzak ez direla munduko onenak eta iruzurra egiten dizula konfiantzako dendari duzun horrexek. Guri, behintzat, probatu dugun leku guztietan gertatu zaigu, mugaren bi aldeetan, gainera, Donibane Lohitzunen eta Irunen.

Prezioa halakoxea zutenez, arrautza bikainenak erosten genituela uste genuen, baina etxera iritsi, oskoleko etiketari begiratu eta 3 dioen zifra ikusi dugu numerazio konplexu baten aitzinean.

Zer esan nahi du honek?

3 zenbakia arrautzan idatzita ikusteak esan nahi du, arrautzarik merkeena erosi duzula. Arrautza hori jarri duen oiloa, estu-estu bizi dela kaiola batean, eguneko argirik ikusi gabe hilko dela eta jan ere, batek daki zer jango duen. Europar Batasunean, lau maila daude arrautzentzat eta derrigorrezkoa dute arrautza guztiek kode bat eroatea oskolean. Hortik hasi: koderik ez badute eta ez badira zeure izebaren oiloenak, ez erosi koderik gabeko arrautza horiek.

 Lau mailak    

  • 0 zenbakiak esan nahi du zifra hori daraman arrautza biologikoa dela. Alegia, oiloak aske ibiltzeaz gain, elikadura ere zaindua dutela. Zenbateraino zaindua? Hori beste kontu bat da, arrautza biologikoek euren arteko mailaketa ere bai baitute, baina oro har, %80 gutxienez elikadura ekologikoz hazita daude oilo horiek eta debekatuta dituzte antibiotiko eta bestelako botikak. ·
  • 1 zenbakiak esan nahi du, arrautza horiek jarri diuzten oiloak aske dabiltzala, aterpean daudela baina kanpora ere ateratzen ahal direla, 9 oilo metro koadroko dentsitatean. ·
  • 2 zenbakiak esan nahi du oiloak ez duela egunargirik ikusten, etxe itxi batean hazten baitute,  baina zoru gainean ibiltzen da, behintzat. ·
  • 3 zenbakiak esan nahi du arrautza hori jarri duen oiloa kaiola estuan bizi dela, handik atera gabe, argi artifizialez egun guztian eta metro erdi koadroan, 9 oilo sartzen dituztela. Arrautza mota hauxe aurkituko duzu sarrien, baita zeure dendari maitearen etxean ere.

Nola irakurri etiketa?

Oso maiz ikusiko duzu arrautza kaxak kanpotik publizitate bikaina daramala: “Aire librean hazitako oiloen arrautzak”, “Arrautza kanperoak”, “Arrautza freskoak”, “Omega 3 dutenak”… Baina kontu bat da iragartzen dena eta bestea arrautzaren kalitate benetakoa. Hau, oskolean idatzitako etikeak baizik ez dizu argituko.

Esaterako, oskolean  3ES48220010 etiketa duen arrautzak erosi baditugu, honela irakurri beharko dugu zenbaki hori.

  • 3 zenbakiak badakizu zer esan nahi duen, honez gero. Beste hiru zifrak, 0, 1 edo 2 bakarrik izan daitezke. ·
  • ES horrek esan nahi du Espainian ekoitzitako arrautzak direla. FR balitz, Frantzian. ·
  • 48 zenbakiak erakusten du zein lurraldetako arrautzak diren posta kodearen arabera (Kasu honetan, Bizkaia 48)
  • 220 zifrak erakusten du zein herritakoak diren (Kasu honetan, Abadiñokoak) ·
  • 010 zifrak ostera erakusten digu, Abadiñoko 10. arrautzategikoak direla arrautzok.

Zeuk erabaki zein arrautza erosi, baina behintzat ez zaitzatela engaina. Arrautza kontuak beti izan baitira garrantzi handikoak.

(Iñakito Garayk, PAPEREKO ZUZEURako)

Irudia | Zaindu zeure arrautzak | PixelAddict | Creative Commons By SA

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.