Positibotasuna

Positibotasuna –

Edozein gertaera baloratzerakoan, bi aukera daude: botila erdi hutsik, edo erdi beteta ikustea. Gehienetan bigarrengoa egiten dut nik, izaeragatik ziurrenik, baina baita ere sinetsita nagoelako onura gehiago ekartzen dituela jarrera horiek, eta eraikitzaileagoa delako gauza onak azpimarratzea, txarrekin itsutzea baino.

Atzo omenaldia egin zion Zarauzko Udalak José Ignacio Iruretagoiena ETAren biktimari. Alderdi guztietako ordezkariek parte hartu zuten, haren familiari babesa adieraziz. Adierazpen instituzionala, ordea, ez zen aho batez onartu, EH Bilduk ez baitzuen sinatu. Batzuk horretan jarri dute fokoa beraien irakurketan, ekitaldia iluntzen duelakoan. Nik nahiago dut gauza positiboekin gelditu, asko egon baitziren.

Positibotasuna

Atzo, pleno aretoan, espazio berean, Iruretagoienaren familia osoa, hura hil zuten garaiko zinegotziak –alderdi guztietakoak- eta hainbat ordezkari elkartu ziren, besteak beste. Duela oso gutxi, pentsaezina zen halakorik gertatzea. Elkarbizitza sendotzea eguneroko lana da: mesfidantzak eta ezinikusiak gainditzea, zauriak jostea, puskatuta dauden harremanak pixkanaka berreraikitzea… Hori ez da gauetik goizera lortzen, baina esango nuke denbora gutxian pauso erraldoiak eman ditugula, eta atzoko argazkiak hori irudikatzen duela.

Perspektibaz begiratuta –eta hala behar du-, azken hamarkadotan Zarauzko Pleno aretoan, ez aspaldi, ikusi izan ditugunak gogoratu behar ditugu: gaubeilak, mehatxuak, irainak, desalojoak… Zerikurisik ez gaur egungo, eta atzoko irudiarekin. Normalizaziora ez gara iritsi, badugu oraindik zer egina, guztiok, baina berreskuratu dugu nolabaiteko normaltasun bat, eta albiste ona da hori.

Ahanzturak ez dakar aurrera egitea. Aldiz, herri honen memoria lantzen jarraitu behar dugu. Memoria demokratikoa, kritikoa, inklusiboa eta ez justifikatzailea behar dugu, non biktima orok merezi duten egia, justizia eta erreparazioa. Sortutako minaren aitortza ezinbestekoa da. Horrelako ekitaldiek izugarri laguntzen dute bide horretan.

EH Bilduren barruan izandako desadostasunak desadostasun, aurrerapausotzat jotzen dut atzokoa. Jakin badakit badaudela ezker abertzalean, herriz herri, oinarrian, ausardiaz jokatzen ari diren pertsonak, aurrerapauso zintzoak ematen ari direnak. Itxaropena dut luze gabe haien jarrera gailenduko dela mugimendiko arduradun politiko gorenen artean ere, trakzio lana egingo dutela. Argi dago batzuk ari direla urratsak ematen, nahiz eta gustatuko litzaigukeena bezain azkarrak edo orokortuak ez izan.

Elkarrekiko errespetuan eta elkarbizitzan asko irabazi dugu azken urteetan. Atzokoa bezalako ekitaldiek hauspotu egiten dute bide hori.  Eta ezin aipatu gabe utzi, ezer ez zela posible izango Iruretagoienaren alargun Mari Jose Imazek, Eneko eta Mikel semeek, eta senitarteko guztiek hain ekarpen baliotsua egin izan ez balute; hunkigarriak, eta eredugarriak dira erakutsi dituzten sendotasuna, kuraia eta duintasuna.

Nola ez diegu gauza positiboei helduko, beraiek, sufritutakoa sufritu ondoren, halako pausoa emateko kapazak izan badira?

Positibotasuna

2 pentsamendu “Positibotasuna”-ri buruz

  • ganbaratxotik 2018-01-10 19:12

    Aurrerapausua nola ez, eta autokritika ezinbestekoa, beti.
    Ezker Abertzalea egiten ari da bere bidetxoa. Eta besteak? Eta EAJ-k? Seguruena bortxakeriaren erabilera zuzenean bera izango da ardura gutxiena duena, baina berak ere izan du erantzunkizunik. Beraz, berez berak izan beharko luke errezen autokritika egitea. Eta bera denez gehien eskatzen duena, zergatik ez egin keinutxoren bat horrelako arloren batean: Hilketak, Torturak, Atxiloketa indiskriminatuak (insumisoak besteak beste),manifetako probokazioak, gomazko pilotakadak,mangerazoak, espioitzak, hiletak oztopatzea, izunak, mehatxuak, presoen sakabanaketa…
    Memoria osoa ez bada ez da memoria.

  • Kerman Casas 2018-01-11 12:35

    Zarauzko ekitaldi hori izan zen egun berean, gabaz, ETBk motxiladun haurren inguruko dokumental hunkigarria eman zuen. Asko izan ginen dokumental hori ikusi genuen euskaldunok, eta gehienok ere nekar malkoren bat isuri genuelakoan nago. Berrian irakurri dut dokumental honek izandako audientziak eta zinez pozten nau. Dokumentalaren inguruko txio dezente ere izan omen dira, euskal munduko pertsona ezagun batzuenak tartean.
    Ume horien testigantzak oraindik buruan iltzatuta ditudala, Iruretagoiena zenaren bi semeen irudiekin nahastu zaizkit.
    Bi mutiko horiek ikusteak, eta zer sufritu duten pentsatze hutsak, motxiladun haurrak entzuteak bezainbeste (gutxienez) hunkitzen nau.
    Zenbat eta zenbat umek sufritu duten, eta sufritzen jarraitzen duten herri honetan!!
    Audientzien neurketek, txioek edo-ta manifestazioek, halere lar partzialak izaten jarraitzen duten uste tristea daukat…