Epailea erosi

Epailea erosi –

Indo-europar mitologian aski ezaguna da, etsaia urrearen truke koipetzearen motibua. Baina mitologia hori ez da ipuintxo soil bat, sakon sustraitutako jarduera baten adierazlea baizik, eta horregatik Historian ere, sarritan aurkituko dugu jokabide honen adibide ugari, Lusitaniako Biriatoren pasadizotik hasi eta gaurdaino. Indo-europarren botere-ideologia ortodoxoari atxikien loturiko eredua Erroma da, honen miresle eta oinordeko fidela dugu “mundu latinoa”, eta mundu honetan nabarmen, Espainia.

Etsaia koipetzearen bariantetzat har dezakegu epailea erostearen ohitura. Mendeetako inmersioak naturalki onartzera eraman gaituen ohituraren arabera, epailetza erakundeak badu halako sakratutasun eztabaidaezin bat, indarrean dirauena epailea nor den eta epailetzara nola iritsi den zeharo alde batera utzita. Ezerk ezin du nonbait epailetzaren zilegitasuna auzitan jarri, epailearen epailetzarako bidea sagar ustelez osatutako galtzada bada ere.

Boterearen jatorri zerutiarraren ideologiatik zuzen-zuzenean datozkigun uste eta onarpen hauek, tentagarriegi bihurtzen dute epailea erosteko aukera, eta espero zitekeen bezala, Historian zehar jokabide hau etengabe ikusten dugu burutzen, han eta hemen.

1479an, Alcaçovasko Ituna sinatu zuten Portugalek eta Castillak, 1481ean Sixto IV Aita Santuak, Aeterni Regis bulaz sendotuko zuena. Bertan, mundu ez-kristauaren banaketa egiten zen bi estatuon artean: Kanariar Irletatik iparrera zegoen guztia Espainiarentzat, eta hegora zegoen guztia Portugalentzat. Kolon bere lehen bidaiatik itzuli zenean, Portugalgo erregeak itun hori aldarrikatu zuen, horren arabera, Mexikotik Argentinarainoko lurralde osoa baitzegokion. Ituna sinatu zenetik hamaika urte baino igaro ez ziren arren, Gaztelak lortu zuen Alejandro VI aita santu berriak, aurrekoak ezarritako marra aldatu eta Portugalen kalterako marra berria ezartzea, Amerikar kontinente ia osoa Gaztelaren eskuetan utziko zuena.

Epailea erosiNor zen Alejandro VI hau? Bada, Rodrigo Borgia, Gandian jaioa, hamar ume izan zituena, hauetako bat, omen, bere alaba batekin. Alaja hau, Errege Katolikoen aspaldiko laguna zen eta haiengandik mesede mordoa jasotakoa. Aita Santutzara iristeko bidean, gainerako lasterkideak koipetuz iritsi zen, garaian ohi bezala, hogeita zazpi kardinal hautesleetatik, apezgo bidekoak lau baino ez ziren sinodo batean. (Gainerako guztiak “hatzaren merituz izendaturikoak”). Hala eta guztiz ere, “detaile” hauek alde batera utzita, mundu katolikoak onartu egin zituen Alejandro VIren bulak eta erabakiak, eta Portugalgo erresumak oso kalteturik uzten zuen Tordesillasko Ituna sinatu behar izan zuen apur batzuk jasotze aldera. Noski, Aita Santua baitzen, errege kristauen arteko liskarretan epaile bakarra. Epailea erostea arrunt errentagarri atera zitzaion Gaztelari. Bai inbertsio bikaina. Mundu protestanteak noski, ez zien ez zilegitasunik aitortu ez eta kasu izpirik egin zorioneko bulei.

Jauzi handi samar bat eginez, gure gaztaroko Espainiako futbol liga datorkit burura. Orduan ere bazen talde bat, besteak baino indar edo meritu gutxiago zituenean ere, halere garaile irteten zena. Jokalari onak ekartzea beharrezkoa da txapeldun izateko, baina epailea erostea ezin bestekoa. Ez dago azken hau bezain fitxaje errentagarririk. Harrigarriena berriz, aurreko adibideko portugaldarren kasuan bezala, kaltetuen sumisio etsia, egoeraren ustelaren kiratsa jasan ezina denean ere.

Garaitsukoa da halaber Espainiako Konstituzioaren erredakzioa. Lan horietatik oso urruti ibili ez zen norbaitek kontatu zidanez, fandangorik ez baina txeke-dantza izaten omen zen, puntu zailen batean kakotuta geratzen zirenean. Tres-en-uno horri zor zaio nonbait hainbat kontsentsu  eta hainbat amore-emate.

Tradizio zahar bezain gazte honen azkenetako adibide ezaguna, Konstituzio Auzitegia litzateke. Borgia aita santu egin zuen sinodoan hogeita zazpi kardinaletatik lau baino ez baziren apezgo bidetik iritsitakoak, halere gehiago ziren, Konstituzio Auzitegian epailetza lanean bildutako merituz eta epaileek zuzenenan hautatutakoak baino. Baina berdin dio. Zeruak emandako agintearen jabe bailitzan onartzen ditu gizarteak haren erabakiak. Kataluniak baino ez du izan, zilegitasuna argi eta garbi ukatzeko korajerik, baina gerra batean irabazi ez duenez Erromako uztarpetik irteteko eskubidea, latz ari da nozitzen orain hainbesteko atrebentzia.

Eta Kataluniaz ari garela, epaile berria nor den gogoeta egiten badugu, Europa alegia, diruaren txin-txin hotsa iristen zait belarrietara, EBko hainbat goi-karguren Espainiaren aldeko hitzak entzuten ditudanero. Frogagaitzak dira horrelakoak (Alejandro VI eta Errege Katolikoen artekoa 1992 arte ezin izan zen dokumentatu), baina tradizioaren indarra, iraupena eta etekin mardula ezagututa, zalantza gutxi dut epaileak erosteko saioak izan direla aurreko hilabeteotan eta une honetan bertan ere bor-bor iraungo duela azpi-joko zikinak. Erreforma burutu zuen Europak eutsiko al dio!

Epailea erosi