La Azoka
La Azoka –
Gogoan dut aspaldi batean, lagun erdaldun batekin hizketan gaztelaniaz ari nintzela, elkarrizketaren une batean, nik “mi padre” aipatu nuela. Behin baino gehiagotan aipatuko nuen “mi padre” eta, orduan, lagunak esan zidan oso arrotza egiten zitzaiola halakorik entzutea, ez zuela ulertzen zergatik ez nuen “aita” esaten; “mi aita”, alegia. Nik hala ateratzen zitzaidala ihardetsi nion, azken finean, gaztelaniaz ari ginela eta, hortaz, normalena zela, nire ustez.
Ez nion aparteko garrantzirik eman kontuari, baina lagunari ez nion esan benetan zer pentsatzen nuen. Hain zuzen, berezko euskaldunek, nik orduan ezagutzen nituen (eta orain ezagutzen ditudan) berezko edo jatorrizko euskaldunek, gaztelaniaz egitean ez dutela halakorik esaten, ez dutela euskarazko berbarik tartekatzen gaztelaniazko diskurtsoan, ez behintzat oinarrizko kontzeptuak adierazteko; akaso, alderantziz bai, gaztelaniazko hitz edota esamolde dezente sartzen dituzte euskarazko jardunean. Eta ez nion hori guztia esan neure burua jatorrizko euskalduntzat jotzen nuenik pentsa ez zezan, edo, are okerrago, bera erdaldun petoa edo sasi-euskalduna zela pentsatzen nuenik ere ez zezan uste. Hala uste dudan edo ez, azken finean, ez du axola, ez orduan, ez orain.
Gerora, gogoan dudan lehenengo aldi hartatik hona, askotxotan gertatu izan zait antzekorik, baina sekula ez dut garrantzitsua denik uste izan. Nolabait, inguru metropolitar honetan ibiltzearen zuzeneko ondorioa dela pentsatu dut inoizkotan, azken batean, erdal inguruan “de baskito” agertu nahian dabiltzanek darabilten estrategia-edo delakoan; mis aitas, de oporras eta enparauak diotezenak.
Egunotan, ordea, Sormenaren Lurraldea bere 52. edizioan delarik, kezkatzen hasia naiz, kaletarren erdarazko jardun askotan ez eze, zenbait telebista saiotan ere (gaztelaniazkoak, noski), “la azoka” ahotan darabiltela ikusita. Nolabait, zera sentitu dut, Euskal Telebista bera eta beste hainbat euskal komunikabide bat-batean baskitoz bete izan balira bezala, hau da, erdaldun kaleko jende hori euskaldun etxeetara sartzen ahalegindu balitz bezala, gaztelaniazko euskal hedabideen zirrikitua probestuz, eta estrategia hori zergatik eta zertarako erabiltzen duten neure buruari galdezka hasi naiz, kezkatuta ez ote den inbasio edo konkistarako estrategia sotila.
Tira, bada, ez naiz orain paranoiko jarriko. Badakit ez dela atzo goizeko kontua, aurreko urteotan ere entzun izan baitira horrelakoak; La Azoka de Durango, El Zinemaldi de Donosti, La Aste Nagusia de Bilbo, El Jazzaldi de Gasteiz… Baliteke, besterik gabe, keinu bat egin nahi izatea euskarari eta Euskal Herri euskaldunari, baina, nire iritziz, itsusi, kursi eta pedante samarra izateaz gain, mesede baino kalte handiagoa egiten diote euskarazko munduari. Izan ere, nahasmena sortzen dute euskarazko hitzen inguruan, berez ez duten generoa ezarriz edo ahoskera zalantzagarria eginez, besteak beste. Baina garbi dago, bidenabar, azokak eta aste nagusiak ez dutela genero femeninorik, zinemaldiak eta jazzaldiak maskulinorik ez duten bezalaxe (la edo el artikuluak gaztelaniaz pentsatuak izan direlako seinale dira); eta Zinemaldi sekula ez litzateke Cinemaldi ahoskatu behar, gaztelaniazko hitza bailitzan.
EZINBESTEKO da euskal hitzak tartekatzea gaztelaniaz, gaztelaniaz EZ dakitenen artean. Zergatik? IKUSGARRI izateko. Ez “espektakulo” egiteko, PRESENTE egiteko baizik (ikusgarri=visible).
Testuan diozun bezala, ahoskera, zaindu behar da? Bai, noski.
Baina euskarak gaztelaniari esparru hartu joan behar dio, erabat aldatzeko gaitasuna eduki arte. Ez al dugu gaztelania tartekatzen euskaraz ari garenean?
Eta zergatik ez dugu horrela egingo alderantziz?
Akaso Azoka-k “Feria” hartu behar du izen ofizial bezala? Ba, EZ. “Durangoko Azoka”, ta kitto.
Ahalik eta presentzia gehiago behar du euskarak, hitz solteetan, indarrik ez duen bitartean. Ingelesak egiten du, gero eta gehiago. Esparru guztietan. Zergatik ez dugu egingo guk geurean?
Euscaldun “abertzale”enec “prozesu” hitza gaztelaniazco CErequin ahoscatzen dute: proCEsu euscaraz ari direnean.
La Azoka, El Zinemaldi… artikulu horrekin ez, baina ekitaldien izena euskaraz bada, euskaraz eman beharko litzateke beste hizkuntzetan ere: “Ha comenzado Durangoko Azoka”