Baionaren eta BABren estatusa euskal politikan

Baionaren eta BABren estatusa euskal politikan –

Baionaren eta BABren estatusa euskal politikan

Azken mendeetako gure historia tragikoan, XVIII. mende bukaerako iraultza frantsesa izan zen trauma handiena Iparraldeko herriarentzat; gaurko egoera larri hau hortik dator xuxen-xuxena. Orduko arduradun iraultzaile guziahaldunek, gupidarik gabe, indarkeria hutsak emaiten zizkien baliabide guziak erabili zituzten gure populu xumea errausteko, Lapurdin batez ere. Aspaldiko denboratik zetozkigun hiru probintzietako erakunde politikoen arrastoak suntsitu zituzten, eta “Basses Pyrenées” departamendua sortu zuten, eta honen azpian bi suprefetura: Baionakoa eta Maulekoa, alegia.

Alde batetik, Lapurdi eta Nafarroa Beherearen parte bat sartu zituzten Baionakoan, eta, bestetik, Nafarroa Beherearen hondarra eta Zuberoa Maulekoan; 1926ko urtean berriz haste!, suprefetura Mauletik Oloroera pasa zuten, Zuberoa eta Biarnoren parte bat bateratuz, aldi honetan Nafarroa Behere osoa Lapurdirekin gelditzen zela Baionako suprefeturan.

Beraz, ororen buru, Euskal Herria erdibitu zuten, erdi bana suprefetura misto batean sartu, euskaldunak eta besteak nahasteko; badaezpada ere, botere politikoa beti suprefeturaren parte erdaldunean jarri zuten, osotasuna Biarnoko Paue hiriaren zuzendaritzapean emaiten zutela. Argi eta garbi, hauxe izan zuten estrategia.

Euskararen gaurko egoera larria ikusita, nor litzateke, gure artean, aski tontoa pentsatzeko maniobra hauek oro ez zirela eremanak izan etnozidio baten xedearekin?

Dokumentuak existitzen direnetik –bigarren milurtekoaren hasieratik, alegia–, nasaiki dokumentatua dago Baiona ez zela nehoiz hiri euskalduna izan. Horrengatik besteak beste, auzoko lapurtarrekin harreman gatazkatsuak izan zituen betidanik, harreman ekonomikoak beti eduki arren.

Beraz, deuseztatu zuten Lapurdiko probintzia historikoa, eta, araiz, haren biltzarra, orduan Uztaritzen biltzen zena; horren orde sortu zuten suprefetura Baionan, Lapurdiko eta Nafarroako euskaldunak bertako frantses gaskoiekin nahasteko asmoz. Erran gabe doa gure arbasoek galtzen zituztela, denbora berean, aspaldiko garaietarik gelditzen zitzaien autonomia eskasaren arrastoak.

Lapurtarrak araiz asaldatu ziren; nola ez? Entseiatu ziren argudiatzen zatiketa administratibo berri hura artifiziala zela, euskaldunak eta baionesak nahasten zituelako; debaldetan, ordea, justu horixe bera bilatzen baitzuten iraultzalari frantziar etnozidiozaleek.

Ordutik, okupazio militarrak eta zapalkuntzak eragindako eraldaketa sozial eta ekonomikoengatik, garai latzak pairatu behar izan zituen Iparraldeak: erlijio pertsekuzioa, deseuskalduntzea, Hegoaldekiko harreman kulturalen eta ekonomikoen etetea, ekonomiaren narriatzea, gosetea, hiru mila lapurtarren deportazioa, emigrazioa, bi mundu gerletako erroldatze bortxatuak, militanteen eta iheslarien pertsekuzioa… Mota guzietako tratu txar guzien zerrenda luzea da.

Alta, gure populuaren herri kontzientzia politikoari dagokionez, ez gara sekula konturatu deusek ez digula horrenbeste kalte egin, nola egin diguten orduan inposaturiko zatiketa administratibo horiek. Horiengatik, guhaurk konfunditu dugu, gero eta gehiago, gure egiazko lurraldea Baionako suprefeturaren eremuarekin, hots, Frantziak sorturiko administrazio territorio mistoarekin. Denbora pasa arau, inposizio horrek eta gure buruan sortu duen konfusioak eraldaketa sozioekonomiko eta kalte itzelak eragin dituzte herrian.

Izan ere, iraultzatik hona, bainan batez ere hogoigarren mende hasieratik, hiri nagusi posizioak suspertu zion garapenari esker, Baionak gure hiri tipien garapena oztopatu du, herri guzia zurgatu eta kolonizatu. Gure notable frantsestuen konplizitatearekin eta beste guzien pasibitate etsituarekin.

Orai, 1789. urteko gure aitzineko lapurtarren oihuei elkor, txalotzen dugu Frantziak jarritako CAPB estruktura; beti bezala Pariseko boterearen transmisio uhala baizik ez dena, gure abertzaleei plazer egiteko doi-doia egokitua; BABko ehun mila frantses eta Iparraldeko azken euskaldunak elgarrekin bateratzen dituena. Zernahi dibagazio entzun daiteke gure lurraldea BABraino zabaldu nahi dutenenganik: Batzuek segurtatzen dute Baiona politikoki eta kulturalki pixkanaka konkista daitekeela… Pentsa! Ehun mila eta frantses jatorriko eta bertako biztanlez osatutako eremu frantsesa guk, iparraldeko azken mohikano euskaldunok, konkistatu beharko genituzkeela? Inozokeria hutsa!

Egia da kontatzen omen dugula baionesen izpiritu idekiaren gainean edo gure seduzitze gaitasunaren gainean haiek euskalduntzeko. Bainan ez ote dituzte frantsesek ere beren lurraldean frantses egoiteko arrazoi onak? Eta eskubidea?

Nor gara gu, gure herrian euskaraz bizitzea lortzen ez dugunok, Baionan edo BABn haiek euskalduntzeko pretentsioa izaiteko?

Gehiago dena, nola alde batetik etnozidioaren kontra oihu egin gure herrian eta bestetik baionesak saldoka euskaldundu nahi izan beren herrian?

Garai batez entzuten zen ere BABko oligarkia politikoa eros zitezkeela… Norbait erosia izaitekotan, ez ote gara gu, estatu frantsesak mila maneraz banatzen dizkigun lanpostu, subentzio eta diruarekin?

Konkista kontu hauek orok ez dute den mendreneko errealismo politikorik.

Bainan nola esplikatu horrelako estrategia eroa iraganean serio, langile, kementsu eta ekimen sortzaile izan zen gure populuarenganik?

Baiona zinez da hiri biziki ederra, omentsua, historio propio bat aspaldikoa eta aberatsa daukana; bainan existitzen denetik erran ginezake dena izan dela erromanoa, frankoa, ingelesa edo anglo-normandiarra, gaskoia eta azkenean frantsesa; beraz, erran ginezake dena… euskaldun izan ezik. Artetik erraiteko, nahiz euskal gutiengo bat beti bertan bizi izan den, ez da Iruñea, Gasteiz edo Bilbo bezala, non, denok badakigu orai, biztanleen gehiengoak euskaraz egiten baitzuen duela bi edo hiru mende.

Oso handia ez izanikan ere, Baionak baditu hiri handi batek dituen abantaila guziak, gure herriko hiritxo esklerosatu eta abandonatuek ez dituztenak. Hogoigarren mendearen erditik hona, milaka euskaldun gure herritik BABra joan dira lan egitera, ikastera eta bizitzera, gutiengo gotor eta dinamiko bat osatzeraino. Bertan laketu dira, gazteak batez ere, eta, momentuz edo betiko, bertan nahiago dute bizi.

Azken hamarkadetan, BABko talde honek lortu du dominantea izaitea euskal mugimenduan, bere ideologia eta politika propioak inposatzea mugimendu guziari; hau da funtsezko esplikazioa. Horrek argi eta garbi erakusten du euskal nazio osoaren mailan gidaritza politikorik ez den bitartean endekapen ideologiko guziak posible direla. Gure etorkizunerako, nabarmen da gure lurraldearen definizioan Baionari eta BAB osoari emaiten diegun estatusa erabakigarria dela. Gaurko mintzatzeko era konplikatuan, erran liteke paradigmatikoa dela.

Berrikitan administrazioak sortutako CAPB estrukturak, guk inkontzientziaz “Euskal elkargoa” bataiatu dugunak, bateratzen du, aldi honetan, euskal herri osoa BABko eremu frantsesarekin; honen nagusigoa kontsakratzen du. Zergatik egin ote du berrikuntza hau?

Harentzat nabarmen baita Baionaren eta BABren dinamismo demografikoa eta ekonomikoa kapaz dela orai euskal herri guzia laster asimilatzeko erabat eta betiko; konbentzitua dago jadanik irabazi duela eta ez dela gehiago erresistentzia seriorik izanen abertzaleenganik.

Nola buelta eman orai aspaldiko erru baten ondorio den egoera honi? Oraindik posible ote da?

Hala eta guziz ere, errealitatea aurrean begiratu behar dugu, eta aitortu gaur egiten ari garenaren ezinbesteko ondorioa. Izan ere, Baiona onartzen baldin badugu Ipar Euskal Herriaren hiriburutzat, BABko eremua sartzen baldin badugu gure lurraldearen definizioan, iraultzaz geroztik Frantziak inposatu nahi digun bezala, orduan abandonatu behar dugu betiko independentziaren proiektua bera; aurreikus genitzakeen ondorio latz guziekin: euskararen salbatzeari begira, herriaren garapen ekonomikoari begira, euskal nazio osoaren batasunari begira… Orduan, gure iraganeko ekimen guziak, beti aipatzen ditugunak, bat bestearen ondotik errekuperatuak izanen dira eta neutralizatuak; zorigaitzez, neurri haundi batean, jadaneko egina da; ezinezkoa zen bestela izaitea.

Bakarrik geldituko zaigu, orai, gero eta gehiago sumatzen dugun politika oportunista hura; gure nazioaren beherakada eta desagerpena eragozteko nahikundea erabat abandonatu duena; funtsean erregionalismo mota arraberritua bertzerik ez dena.

Zorigaitzez, badirudi hau dela momentuz egin dugun hautua.

Baionaren eta BABren estatusa euskal politikan

Beñat Castorene

Baionaren eta BABren estatusa euskal politikan

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

29 pentsamendu “Baionaren eta BABren estatusa euskal politikan”-ri buruz

  • Zatiketa administratiboaren helburu historikoa euskaldunen asimilazioa izan zen eta da, baina arazoa, ez politikoa eta ez demografikoa ez da Baiona eta BAM, frantses estatu inperialista baizik eta lurralde hori frantses okupatzaileei oparitu eta berauek euskalduntzeko nahia guk pairatzen duguna haiei egitearekin parekatzea guztiz desitxuratzailea da. Baiona eta BAM frantsesak dira frantziar estatuak frantses egin dituelako, baina egun Maule ere erabat frantsesa da, Donapaleu erabat frantsesa da, Donibane Lohitzune erabat frantsesa da…oparituko dizkiegu ere?
    Frantses estatu inperialistak botere handia du eta gure aldean indar demografiko handia ere. Ez da Baiona-BAM-en afera, frantziar asimilazioarena baizik. BAM eta Baionako frantsesen artean zenbat dira berez Baiona-BAMekoak? Lapurdi osoan lan adinean den populazioaren erdia Frantziatik etorria da, kopuru hori are altuagoa da Baiona eta BAMen. Urtero milaka dira iparraldera etortzen diren frantsesak. Uztaritzera, Senperera, Ziburura, Kanbora, Donibane Garazira iristen diren frantses gehienak ez dira jatorriz Baiona edo BAMekoak. Pariseko eskualdetik edota Bordeleko eskualdetik heldu dira gehienak bai BAMera eta bai Ipar Euskal Herriko beste tokietara. Baiona iparraldean diren Landetako herrietara ere milaka iritsi dira azken urteetan.
    Euskaldunok nazio kontzientzia indartu eta nazio askapena azkartu behar dugu. eta horren baitan faktore demografikoa irauli behar dugu. Zentzu hortan egungo testuinguruan azken mohikonoek arrozturiko eremuak sedukzioz berreskuratu ahal izatea zozokeria besterik ez da. Baina gure helburu polikoak ez du izan behar Urepelen erreserba ttipi batean eustea, euskalduntzean eremuak irabazteak baizik.

    • Ezetz, Maule , Donapale et Donibane lohitzune ez dira erabat frantsesak, larriki frantsestuak baizik; Herri guzia bezala. Euskal estaturik ez izana gatik.
      Aldiz, nehork ez du ukatzen euskal hiri direla. Bilbao, Gazteiz edo Iruña bezalakoak dira.
      Baionaren historia eta kasua bestelakoak dira. Ez da sekulan euskal hiri edo hiri euskalduna izan, ez eta errepublikaren sortzearen aurretik ere. nahiz euskal gutiengo bat eduki, Logroñon edo Zaragotzan bezala.
      Lapurdiko biltzarrekoek ebidentziaz, esperentziaz, historiaz eta senez hori bazakiten. Euskal kontzientzaren hastapen bat ote zen?
      Berrikiago, gure ataxi amatxiek senez bazakiten oraindik.
      Guk dugu, azken belaunaldietan, kontrarioa asmatu, manera bihurri eta intersatu batez bat egiteko inposatutako zatiketa administratiboarekin.
      Ez dugu gogoratu nahi Iparraldean, euskal nazioak kointziditzen zuela etnia tipi eta ahul batekin.
      Lapurdiko biltzarrekoek bazakiten, haro ziren eta aldarrikatzen zuten. . Gure aitaxi eta amatxiek bazakiten oraindik bainan zorigaitzez, kolonazioak eraginda batzutan ahalge ziren eta izkutatzen zuten.
      Ez da politika seriorik egin egiaren edo errealitatearen gainean oinarrituz baizuk.

      • Noiztik da euskal populua etnia ttipi eta ahula? Erromatarrak iritsi zirelarik orain Baiona den lurretan ze populu bizi zen? Baiona euskal hiri bat dela ukatzea etsaiari opari bat egitea da eta are gehiago bere frantses izateari zilegitasuna aitortzea. Erromatarrak urrunetik iritsi ziren Kantauriko hegi hontara eta frantsesak ere bai. Euskaldunon minorizazioa okupazio eta zapalkuntzaz burutu da eta horrek eragin du euskaldun herriaren gibelapena eta eremu geografikoaren galera.

        • Romatarrac heldu cirenean gascoinac vascoinac ciraden, hau da, euscaldunac. Eta hala iraun çuten mende ascotan. Oraino ere, badira gascoin euscaldunac.

        • Benat Castorene 2017-12-10 06:35

          Iraultza denboran jadaniko Iparraldean bilakatu ginen “etnia tipia eta ahula” Izan ere, ez ginen den mendren kapable izan irautzalarien exakzioen kontra egiteko, Vendean Chouanek egin zuten bezala.
          Badut uste baionesen %95 ak ( azken mohikano gaskoiak barne) harrituta egonen liratekeela gu entzutean berba egiten beren etorkizunaz “etsaiari opari” terminotan.
          Eta badut uste ere gainerateko %5 ek ez luketeela adorea edo inkontzientzia nahikoa horrela hitz egiteko agerian haien aintzinean. Adibidez “Elkargo berriko lehendakaria”ren aurrean.
          Aditu eta gogotik sinesten dutanez, erromanoen denboran oraindik, Dax edo Akizeko eskualdean ere euskara antzeko hizkuntza mintzatzen zen.
          Akizeko eskualdea, etsaiari oparitu behar diogu? ala ez?
          Sentitzen dut bainan ezdakit zinez konturatzen zaren zer kinka larrian gauden?
          Zuri bezala, eni ere Herriaren historia mespretxatua interesatzen zait, goxatzen dut ere.
          Bainan praktikoki ez ote da ordua iragan denborako gure eremuaren handitasunaren oroitzapen nostalgikoetarik iratzartzeko? hautuak egiteko? estrategia errealista bat eratzeko?

          • Nik ez dut historian zehar ukaniko lurraldetasunaren nostalgia osagai politikotzat, baina egun mundu guziak euskal lurraldetzat onartzen duena are guttiago murriztea zer eta frantses inperialistei oparitzeko, bai oparitzeko, euskal ikuspuntutik ez zait ez errealista ez eraginkorra iruditzen. Baionan eta Baionatik kanpo beharrezkoa dena da euskal komunitate ttipi eta ahul hori ugaritu eta indartzea. BAMen ikastola gehiago, Olentzero gehiago, euskara gehiago eta euskal ekimen gehiago eta hobe.
            Eta zer da baionesen %95aren istorio hori? Mauletarren edo kanbotarren %95 eta Iparraldeko egungo biztanleen %90 euskaldunon nazio askatasunaren eta independentziaren aurkakoak dira ere berdin-berdin, eta? Frantses okupazioaren ondorioak dira eta okupazio hori da borrokatu behar dena. Harrigarria iruditzen zait gibelka goazen garai hauetan ekarpen on bat egin nahi izan eta zer eta BAMen frantsestasunaren defentsa egitea.

  • Egunon, ez naiz euskalduna, ez dakit 100% ulertu dudan artikulua edo euskaraz ondo erantzuteko gai izango naizen,

    nire ustez, behardabada egia da Frantziak “euskaldunak bertako gaskoiekin nahastea” asmoa zuela, baina kontua da mugako lurretan gaskoiak eta euskaldunak dagoeneko nahasturik zirela -baita Donostin edo Pasaian ere- Gaskoi kultura ez da arrotz Euskal Herrian, txanpon berdinaren beste aldea baizik

    Salutacions des de Catalunya

    • Pep,
      Çucen çaude. Gascoinac hegoaldeco bertaco erdaldunac beçain “vasco” dira. Gascoinera euscal ezpainetan sorthutaco romancea da.
      Milla esquer!

    • Iraultzalariek nahi zuten euskaldunak Baionesekin nahasi, ez eiki hauek gaskoiak zirelako, baizik eta gehiago fida zirelako haien frantsestasunean. Edozoin jatorrikoak izan, alegia gaskoi edo frantses lehenik eta… euskaldun ere.
      Izan ere, bistakoa da beti izan dela gutiengo euskaldun bat Baionan, belaunaldiz belaunaldi arraberritua, bainan biziki laster asimilatua.
      Iraultzalariek Baiona hautatu zuten botere lokalaren egoitzatzat aspaldi danikako Frantziaren gotor leku militar segurua zelako. Anglo normandiarrak fueratu ondoren, beti estatu frantsesaren parte oso eta leial egon zena.
      Egia erran, gure herriaren problema ez da sekula izan gaskoiekikoa, ez Baionan ez beste nehun ere, Frantziaren boterekikoa baizik.
      Gainera, seguraz ere, gutariko gehienok, denok ez erraiteko, gaskoiak edo frantsesak ere baditugu besteak beste gure arbasoetan.
      Izan ere, beti danik gaskoiak edo arrotzak sartu ziren ofiziale, meatzari, gure herrietan; itsakari edo merkatari gure portuetan; baita ere laborari gure baserrietan. Suerte bat zen herriarentzat . Bainan orduan, euskara hegemonikoa, zenez laster euskalduntzen ziren. Horretan dago diferentzia oraiko inbasioarekin.
      Hala ere, ez gaitezke joan horrengatik erraiteraino euskaldunak eta gaskoiak euskal herrian txanponaren bi aldiak direla. Gaskoiek, baionakoek eta besteek, hartu zuten bide bat guk hartu ez ginuena eta emaiten diena guk ez dugun identitate bat.

    • Benat Castorene 2017-12-13 22:20

      Ez « Mundu guziak » ez du BABa euskal lurraldetzat hartzen, zuk « lurraldea » ulertzen duzun zentzuan.
      « Baiona Frantziari oparitzea » erraiteak ez du zentzurik. Izan ere ez da sekula gurea izan ez eta sekulan santan izanen ere. Ezinezkoa da eta.
      Baionesen %80a ez da euskaldun, ez jatorriz, ez mintzairaz ez eta nazio sendimentuz. Frantsesa da eta horretaz harro
      Bertakoa denez, ez du Baiona okupatzen. Etxen dago gu Maulen edo kanbon etxen garen bezalaxe
      Zer egin nahi duzu harekin? AEKn erregistratzera derrigortu? Bortxaz edo zeduzioz konbertitu? Ala ibaiaz haraindira bota?
      Horrek ez du kentzen BABko euskal gutiengoaren euskaltasuna laguntzea mantenlzen garrantzia duela Pauen, Bordalen edo Parisen bezala. .
      Eskualde horietarik buelta litezkeen indar guziek ere eragin handia eduk lezakete gure herria berpizteko.
      Bainan ezinbestekoa den helburu bakarra da euskaltasuna eta independentziaren nahia Herrian bertan berpiztea eta indartzea..
      Diozularik %90 euskaldunon nazio askatasunaren eta independentziaren aurkakoak direla ere, egia da. Konbentzimenduz edo ezinbestez edo ignorantziaz sumititu direlako
      Bainan ez da “berdin berdina“ gehitzen duzun bezala:
      Aurkakoak izan eta egon nahi ere herritarrek pertzebi lezakete edo pertzebi araz giniezazke bederen hautua eta erabakia izan litekeela.
      Aldiz Baionesen gehiengoari ez zaio burutik pasatzen ere. Erabat harrituta egon liteke Baiona konkistatu edo euskaldundu edo independentziara ereman nahi dugulako xedea entzutearekin.
      Bada joera herriaren egoera etsigarriaren estakuruan denetan berdin dela erraiteko eta orduan BABren konkista ezinezkoa justifikatzeko .
      Baikor diren guzien kontra egia diozu: dudarik gabe gibelka goaz eta horretan erabat ados naiz zurekin.
      Eskertzen zaitut idazlearen ongi egin nahia errekonoziturik.
      Bainan, othoi, ez ote litzateke ordua gure buruari oneski galdegiteko zergatik gibelka goazen?.

      • Gibelka zergatik goazen azaltzeko luze ari beharko genuke eta seguraski orokorrean ez ginateke ados jarriko. Alta hortan eragiten duen fenomeno argiena abertzaletasunaren gainbehera da, abertzaletasun falta abertzale deitzen den mugimenduan berean. Hortan beharba ados ginake.
        Lapurdiko kostalde guzia frantsestua da Baiona bezainbat eta egungo joera demografikoarekin frantsestasuna eta frantsesak gero eta gehiago ari dira zabaltzen barnealdera komunikazio lerro nagusiak segiz. Erdigune inperialistako estatu guziak bezala frantses estatua hiri-handien ardatzen arabera egituratzen da eta mugimendu demografikoak berauetatik ematen dira. Milaka paristar mugitzen dira Bordelera eta milaka ere Bordeletik Landetara eta Baionara. Lapurdiko kosta saturatua denez orain barnekalderako komunikazio bideetan kokaturiko herrietara zabaltzen da mugimendu hori.
        Bai Donibane Lohitzünetik Azkaine eta Senpere aldera, bai Baionatik Uztaritze eta Kanbo aldera. Horrela segituz gero beraz fluxu hori Garaziraino iritsiko da hurrengo hamarkadetan. Populazio mugimendu horien eragina izugarria da, diozun gisan euskaldunon komunitatea ttipa eta ahula baita. Beraz zer egin? gauza anitz, baina berebizikoa komunitatea handitu eta indartzea.
        Erran dut kostalde guztia frantsestu dela azken urteetan…dena? Ez, Hendaian euskara gehiago entzun eta erabiltzen da Bidarten edo Getarian baino. Zergatik? Han fluxuetarik bat Gipuzkoatik iristen delako. Euskal komunitatea ahultzen ari da Hegoaldean ere baina zinezko euskal masa Hegoaldean dago. Baiona ez da hain handia ere eta urtero Gipuzkoatik ehunka familia batzuk joanez gero anitz euskaldunduko litzateke. Helburu gisa jarriz gero egingarria litzateke eta gainera Baiona euskalduntzeko dagoen manera errealista bakarra da;Baiona euskalduntzea baino askoz zailagoa da independentzia lortzea. Afera da puntu hortan bi aldagai direla: dentsitatea eta zabalera. Hau da, euskaldunok dispertsatuak egotea ez zaigu komeni disolbatu egiten garelako erdal komunitatean, baina eremu geografikoak galtzea ere ez zaigu komeni zokoratzea gaur egun erabat zaurgarria delako. Beraz ugaritu behar dugu bai natalitatea handituz bai erdaldunak euskaldunzten entseatuz, ahal den heinean barne fluxuak sustatu behar dira eta diozun bezala untsa litzake ere diasporaren parte bat aberrira itzultzea euskal komunitatearen biziberritzeari ekarpen egiteko.

        • Abertzaletasuna gain behera doala? batez ere abertzale mugimenduan? nehork baino hobeki deskribatzen duzun inbasio horrek herria funditzen duela? Hots kinka ezin larriagoan gaudela?
          Horietan guzietan erabat ados gaude; ez baita guti, gehienak ezkusiarena egiten duen garai hauetan.
          Naturalki ez gara adosten Baionari eta BABri buruz, ez aparantziarik ere!
          Hau ere ez da guti, zeren eta, azkenean desadosten baigara gehien kezkatzen nauen eta ene artikulua berez bakarrik justifikatzen zuen arazoaren gainean.
          Estrategia oinarritzen duzu Baionaren konkistaren gainean. Artetik erraiteko, zuk bezala kontatzea Gipuzkotarren etorrerarekin, da oso oso optimista izaitea ez erraiteko espantuka aritzea. Izan ere, ez dut sinesten haien demografiak ahalbidetuko liekeen frantsesekin horretan luzaz konpetitzea.
          Nik, daukat BABa konkistatzea ezinezkoa izaiteaz gain ez dela bidezkoa ere.
          Zuk ez bezala, pentsatzen dut BABa konkistatzea baino errazago izanen dela independentzia lortzea BABa lagaz. BABa diot ez gure hango diaspora.
          Segur nago ere, Iparraldean bederen, ideia hau dela, besteak beste, abertzaletasunare beherekadaren kausa eta emaitza.

  • Identitatea jadanik dugula garbi utzi behar da. Ez diogu inoiz ez identitateari uko egin.
    Beste gauza da herri zapaldua, kolonizatua, akonplejatua eta kartzelatua izatea. Aktibo politikoak galdutak, politikarako autoestimarik gabe eta gure historia politikaz jakinezinak.
    Estau okupatuaren kideak gara. Estatu horrek izena du. Gure identitate juridiko politikoa nabartarra da. Nabar Estatua da independentziaren abiapuntua.

    • Zer erraiten digu Nafar estatuak kezkatzen gaituen arazo honi buruz?

  • Ea ulertu dudan, Euskaldunak Baionan zeuden Baiona existitu baino lehen, gaur egun dauden hizkuntza guztiak existitu baino lehen.euskaldunak betidanik egon dira hor, nahiz ta gutxiengoan. Ta orain bapatean Baiona oparitu behar zaio etsaiari? Gaur egun dagoen edozer sortu baino lehen euskaldunak hor ziren ta ez dira desagertu beste leku askotan ez bezala . Baina Frantziatik etorria den biztanleriaren %60ari ezin omen zaio eskatu euskara ikas dezan.. Ondo goaz.

  • Eta ez dezagun ahaztu zein izan zen Baionako antzinako izena: Lapurdum

    • Nehork ez du ahanzten naski duela 2 mila urte pasako “Lapurdum” izena
      Bainan zer konklusio atera daiteke gure arazoari buruz?

  • Artikuluarekin jarraituz, noizko NFEko zatiketaren eskaria? Ze Erriberan Baionan baino euskara gutxiago edo antzekoa egiten da, beraz hor dauden biztanleen %55a Espainiatik etorritakoa denez, espainiolak ta “Nafartar” (hau bai beraien gezurra edo hipokresia) sentitzen direnez, euskara gorrotatzen dutenez…… Ba Baionarentzako proposatzen dena proposatu beharko genuen Erriberarentzako ez? Ta Duela 40 urte Araban berdina egin behar izan genuen…… Azkenean EH bezala gaur egun euskaldunak gehiengoa diren herriak hartu ditzazkegu soilik ta besteak laga. Hori bai izango zela euskaldunen akabera. Ba niretzako Baionakoa eragin berbera du.

    • Benat Castorene 2017-12-14 23:42

      Erriberari eta Arabari buruz aitortu beharra daukat ez dakitala zuk bezainbat edo zer baiezteko. Bainan halaere ez zait iduritzen hauek eta Baiona gauza bera direnik.
      Izan ere, horrela izanen zen XVIII. mendean Españak suntsitu izan balitu lurralde historikoen mugak eta horien ordez sortu izan balu mega-entitate administratibo bat, Burgos eta haren inguruak edukiko zituena eta Burgos bera hiri nausi jarri izan balu.
      Erran gabe doa zentro politikoa izanki Burgos ekonomikoki garatuko zela Iruña, Gazteiz eta Bilbao endekatuko ziren neurrian berean.
      Orduan, beharbada zuen burasoak hara joanen ziren lan egitera eta zu bertan sortuko zinen eta laketuko ere euskal diaspora dinamiko eta anbizios batean.
      Orduan, beharbada zuk ere, 250 urteren buruan Burgos euskal herriaren kapital aldarrikatuko zinuen ; naturalki konkistatu eta euskaldundu nahiko zinuen argudiatuz Burgosaldea euskaldun izan zela duela 2000 urte inguru. Eta araiz ez zinion nehundik ere Burgos etsaiari oparitu nahiko.
      Suertez gure nazioarentzat ez da horrela gertatu : Españak arlo horretan ez ditu gauzak erdizka baizik egin ahal izan indar eskasez eta guziz gure arbasoen erresistentzia gatik. Eutsi diegu gure lurrade historikoei.
      Zure ganik ikasten dutanez, Erribera zerbaiti absolutuki konparatzekotan, konparatuko nuke BABren ondo ondoko herri lapurtarrei ( Bidarte, Getaria, Hiriburu…) nun kanpotiarrak eta euskaldunak orekan gauden guti gora behera eta nun etorritakoentzat ezin jasanezko presentzia bat bilakatuko garen laster.

  • Hemen idatziriko hainbat iruzkinekin bat, ez dut uste euskal komunitatearen lehentasuna BABen euskalduntzea izan beharko lukeenik, oraindik badirauten arnasguneak indartu eta saretzea baizik. Errealista izanik euskal nazioa erabateko atzeraldian dagoela ikusiko dugu, jaiotza tasa negargarria eta abertzaletasunaren armagabetze ideologikoa osagai garrantzizkoak direlarik egoera honetan. Bi horiei buelta eman ezean nekez hasiko da euskara eremu berrietara zabaltzen, eta hau euskaldun abertzale horori zabaldu beharreko mezua da.

    Euskal Herriaren egoera dramatikoa da, eta osagai guztiak dauzka hemendik 150 urtera euskal nazioa desagertua egon dadin. Gure esku dago ataka hontatik irtetea. Tabu asko puskatu beharko dira eta konfrontazioa egongo da dudarik gabe, baina biziraun nahi badugu ez dugu borrokatzea beste aukerarik.

    • Benat Castorene 2017-12-16 17:27

      Sentitzen dut bainan, zu ere ez zara erabat konturatzen, hemen egoera da uste duzun baino askoz dramatikoagoa. Begira gorago Nolak egin digun inbasioaren deskribapen ezin esanguratsuagoa; nabari da martxa honetan, Iparraldean euskal nazioa desagertua izan litekeela 150 urte baino askoz lehenago.
      Egia erran, gure aldean momentuz « arnasgune » izena zinez mereziko lukeen eskualderik ez dut ikusten bainan gelditzen zaizkigun indarrak haren eraikitzeari bildu eta jarriz, espero dut oraindik sor dezakegula.
      Lana, lagunartea, familia (euskaltasunaren Patxi Saezen hirukotea) kulturguneak, eskola, bizitokiak, berreuskalduntze lana, arnasguneen saretzea, Hegoaldekiko lotura…
      Programa itzela eta pasionantea litzateke oraindik erabat etsitu ez direnentzat, eneatzen den gazteriarentzat batez ere; estatuaren eta askatasunerako preparakuntza besterik ez dena.
      Gure taktikaren ardatza izan behar luke dudarik gabe.
      Ez nintzateke harri jaiotza tasa ere berez aldatuko balitz giro berri eta dinamiko horretan.
      Bainan horrengatik suntsitu behar dugu duela mende erdi agerian guk sortutako BABren konkistaren tabu, edo hobeki erraiteko, mito hilgarria bezain zoroa.
      Izan ere, mito hura armagabetze ideologikoaren kausa izaiteaz gain, horren propagandistek galdegiten digute herriarentzat jada aski ez ditugun giza eta diru baliabide gero ta gehiago.
      Hemen entzun ohi da :
      « bai beharbada arrazoi duzu, bainan zer nahi duzu, dirua han dago » norbanakoarentzat beharbada bai, bainan herriarentzat alferrikako gastua besterik ez da.
      Herria eta BABa arteko gure auzia ez da lehentasun kontu baizik eta hautu esklusibo kontu.
      Bistakoa da arduratu behar garela BABko diasporaz bertan euskaltasuna gal ez dezan ; batez ere egun batean haren parte bat bederen herrira itzul litzaigukeelakoan. Besteen arteko inbertsio bat izan behar da.

  • Nabar Estatuak “iparraldea”ri buruz trauma handiena 1620 urtean gertatu zela esaten digu.
    Inperialismoak, geratzen zaizkigun estruktura estatalak suntsitu zituen data hartan. Gure Estatua suntsitu ez gero Parlamentu bat jarri zikiguten, Pauen, Nabarrako Parlamentua izenez. Bakarrik izenez, gaurko Gasteizko parlamentuaren arabera. Pauekoak, Estatuaren izena mantentzen zuen, 400 urte pasatu ondoren gure Estatuaren izenaren arrastrorik ez dago. Amnesia osokoa, basamortu erdian kokatuak, urik gabe. ADNrik gabe, aske izan nahi ez duen herriak, estsaiak erabakitzen duen egoeran bizitzen, etsaiak esaten digun zer garen eta zer ez garen egoera, zer egin behar dugu eta zer ez.
    Nabar Estatuak, Estatu BAT okupatua garela esaten digu eta beraz, ildo estrategikoa markatzen digu.
    Zer egiten dute herriek inbasioaren aurrean? Zer inbaditu zuten inbasoreak? Zer boterea zegoen gure lurraldeetan Estatua izateko?
    Beste gauza bat ere esaten digu gure Estatuak: zergaitik kokatzea Endaia iparraldean eta Donostia hegoaldean? Linea geografiko berberan daude eta. Nondik ateratzen diren kontzepto geografiko horiek? Mente kolonizatuen burutik.
    Hasi gaitezen gure lurraldeak bere izenekin deitzen: Goiko Nabarra (Northen Nabarra- Bordele), Ekialdeko Nabarra (Eastern Nabarra- Foix), Erdiko Nabarra (Central Nabarra-Maule-Iruñea), Hegoko Nabarra (Southern Nabarra-Soria-Zaragoza) eta Mendebaldeko Nabarra (Western Nabarra-San Andrea(Santander edo Amaia)-Atapuerca).
    Nabar Estatuak gure sustrai politikoa erakusten digu.

    • Benat Castorene 2017-12-17 16:17

      Hain segur ere, Nafar estatuaren historia ezagutuko dukezu nik baino hobeto. Alde horretatik badugu, nik batez ere, huts bat bete behar duguna.
      Dudarik gabe 1620 urtea beste trauma bat izan zen bainan nik aipatzen nuena askoz aintzinagokoa.
      Izan ere, data horretan, Gipuzkoa bezala, Lapurdi Nafaroatik aspaldian moztua zen. Aldiz 1789 urtean bere biltzarrarekin Lapurdik oraindik bazuen eta atxiki nahi zuen estruktura foral bezalako antolakuntza bat. Zorigatzez iraultzalariek kendu zioten eta bortxaz ezkontarazi zuten Baionarekin suprefektura berrian
      Nago hala ere ian ez duzun entrenitzen Nafaroarak behin konkistatuko eremuen nostalgia.gure gaurko egoeran batere laguntzen ez gaituena.
      Aipatzen ditutzun eremu horietan, nehoiz izan bada ere, ez dago gaur gure alderako kontzientzia edo sentimendu den mendrenekorik. Lan egin dezagun beraz euskara epe ertainean susper dezakegun gure 7 edo 6 probintzia historikoetan. Horretan da gure erronka bakarra.
      Ene iduriko, Nafar estatuaren historia bai oso garrantzitsua da, gogorarazten baitu guri eta besteei gure independentziaren nahia ez dela tupusteko fantasia bat, badela, besteak beste, gure iraganari sakon sustraituriko fidelitate zintzoa.

  • Lapurdik ez du inoiz ez moztu Nabar Estatuarekin, 1789ko foru pusketa horiek Nabar Estatuko erresiduak ziren. Donapaleun zeuden Nabar Estatuaren Estatu orokorrak.
    Gaur egun testigantza han dago eta horrek zerbait pentsatzeko ematen du.
    Ezkutatu digute gure historia, gure subirantasuna, gure boterea eta gaurko generazioak berreskuratzen ari gara gure identitatea baina ez maila historizista batean uzteko politikarako indarrez bihurtzeko baizik.
    Hau da nazioarteko konflikto bat, hiru Estatuen artean: Frantzia, Espaina eta Nabarra.
    Beste irakurketa sailatzea gustiz infraestrategikoa da, guztiz infrapolitikoa.

    • Ondo irakurtzen baduzu ikusiko duzu nehork ez duela erran Lapurdik moztu zuela, Lapurdi moztua izan zela baizik. ezbaita gauza bera.
      Bai 1789 ean oraindik bizi zen organizazio politikoa etor zitekeen Nafa
      roako erreinutik edo ere aitzinago bai nafaroan bai lapurdin zegon organizazio batetik edo ere anglo normandiarren eraginetik. Nork daki?
      Izan liteke lapurtarrek berek asmatu zutela beren organizazio politika eragin guziak baliatuz. Zergatik ez?
      Nun dago ote irakurketa infra hau eta infra hura?

  • Politikarako irakurketa infraestrategikoa aipatzen dudanean ez dago lotuta zure textuarekin gure gaurko egoerari baizik. Gaur egun, herri bezala irauteko, estruktura estatalak behar dira. Guk badugu gure mako demokratikoa, gure marko estatala. Nabar Estatua da gure esku bidea.

    • Benat Castorene 2017-12-23 15:21

      Sentitzen dut kilika izanik bainan zure hitzek ekibokaziora ereman ninduten.
      Bai gaur egun, herri bezala irauteko, estruktura estatalak behar direla nehork ezin du gehiago oneski dudan jar.
      Nun Iparraldean baino hobeki uler daiteke egia hau ?
      Hegoaldean beharbada, eta euskal erkidegoan batez ere, autonomiari esker salbatu edo lortutakoak beraientzat nahikoa dutenei ilusioa egin liezaieke momentuz.
      Alabainan Iparraldean, danontzako estatu bat eraiki gabe zer bilakatuko gara bada ?

  • Luizu Kaskuina 2017-12-27 23:03

    Bistan dena arazoak Iraultzatik jiten direla. Oroitarazten dautzut Lapurdi eta Baxe Nafarroako lurraldeentzat elizaren poterearen egoitza betidanik Baionan zela eta bere eragina Erdi aroan Baztan ta Gipuzkoaraino zabaldu zela. Eta ez dela sekulan biziki euskaltzalea izan http://www.ingeba.org/lurralde/lurranet/lur33/33orella/33orella.pdf.

    • Egia duzu, Baztani eta Gipuzkoari dagokienez, horrela zen denbora batez.
      Bainan Baionako apezpikuak ez ziren sekulan izan euskal herri bakarreko apezpikuak, baizik eta beti eremu handiago eta mistoko baten apezpikuak.
      Adibidez, gaur oraindik ere, ez banaiz makur, “evêque de Bayonne; Lescar et Oloron” badira. Garaian ere beti gaskoi herri batzuetako azpezpiku izan ziren denbora berean.
      Egiari zor herria tipia da Iparraldean.
      Bainan azpimarratzekoa da herrian sortu zen apezpiku bat aurkitzeko igo behar dela 1643 eta 1681 artean apezpiku izan zen jean Dolceraino.
      Suposa ginezake orduan elizaren hierarkiak edo ez zituela euskaldunak izendatu nahi postu garrantzitsu horretan edo nahita ere ezin zuela.
      Naturalki kanpotik jin eta Baionan bizi zirenez geroz apezpiku guti bilakatuko ziren euskalzaleak.
      Bestetik merezi luke aztertzea karera bukaeran Baionako katedralean kalonja izaitea ez ote zen sari estimatua ongi portatu ziren apaizentzat.
      Legitimoki pentsa dezakegu botere guziek, elizaren hierarkiak barne, mesfidantza irankorra zutela euskaldunak haien artean bakarrik uzteko.
      Historian zehar, denek ederki ikasi zuten gurekin erabiltzen “la carotte et le bâton”.