948, merkatu erdaldun baten aurrezenbakia
948, merkatu erdaldun baten aurrezenbakia –
Ohiturangatik edo izango da euskarari tarte bat utzi behar zaiola pentsatzen dugula, batzuk behintzat. Ez al da eskean ibiltzea hori? Suposatzen da garai haiek pasa zirela; eta hori da, suposatzen da.
Emanaldiak lotzea ez da erraza, eta emanaldiak euskaraz izateak Nafarroan afera are eta gehiago zailtzen du. Noiz aldatuko da hau? Aldatzeko gogorik ba al dago? Hau da tristeena, gazteleraz lan egitera bultzatzen gaituztela. Emanaldiak eskatzen ibiltzeaz gain, euskaraz izan daitezen eskean gabiltzela dirudi.
Aurreko gobernuak min handia egin zuen, eta ez da indar gutxi behar zauri hauek itxi eta berriz aurrera segitzeko. Baina onartu ezin diren gauzak gertatzen ari dira. Gaztelerakin nahikoa dela pentsatzeak nafarren berezko kultura usteltzen du. Nafarroako Gobernuak nafarrak euskaraz hezitzeko ardura hartuko al du?
Nafarroan euskaraz hezi, euskaraz amets egin, euskaraz borrokatu, euskaraz parranda egin, euskaraz pentsatu eta euskaraz sortzen dugunak bagara! Euskaraz bizi garenak, alegia!
948 Nafarroako arte (batzuen) merkatua da, eta horrela definitzen dute antolatzaileek: “948 merkatua, Nafarroako arteen merkatua, arteen merkatu estrategiko profesionala da. Neguko azoka da. Azoken azoka da. Izaera holistikoko azoka da, nazioarteko bokazioa duena. Azoken azoka hau honako hauetan oinarritzen da: zinemaren eta ikus-entzunezkoen diziplinak, arte eszenikoak (antzerkia, dantza, zirkoa,…), musikak, liburuen edizioa, diskoak eta bestelako euskarriak, arte plastikoak eta ikusmen-arteak eta bestelako industria sortzaileak eta kulturalak (prototipo artistikoak, moda, diseinua, arkitektura eta lanbide berriak)”.
Nola izan daiteke 948 Merkatua izeneko artearen feria batean, arte eszenikoen arloan ez egotea eskeintzarik euskaraz? Nafarroako Gobernuak berak EUSKARA menpeko hizkuntzatzat hartzen badu, gaizki gabiltza. Jarrai dezagun kulturaren alde lanean.