«Ornitorrinko hila»
Ornitorrinkoaren metafora baliatuz azaldu zuen Colsek. «1799an, Ekialde Urrunetik iritsitako itsasontzi batek, Londresko kaian lehorreratu zenean, sotoan lehenengo ornitorrinkoa zeramala, zientzialarien eszeptizismoa oso handia izan zen. Nahasketa hori, beharbada hiru espeziek osatua, taxidermista txinatarren gustu txarreko bromatzat jo zuten. Moko federalista, ilaje independentista eta isats ekosozialista eduki dituen hirukoa ez da iruzurra izan. Existitu da. Generalitatekoa Pasqual Maragallek eta Josep Lluis Carod-Rovirak 1998an hondartzako jatetxe batean egin zuten bileratik sortu zen. (…) Ordutik, zer hoberik telebistako eztabaida bat baino etxetik, albaitari gisa, espezimena oraindik indarrean dagoen erabakitzeko. Atzo izan zen eztabaida bat. José Montillak joan den urriaren 24an Liceun esan zuen bezala, ornitorrinkoa hil egin da».
Colsek nabarmendu zuenez, José Montilla (PSC), Joan Puigcercós (ERC) eta Joan Herrera (ICV-EUiA) gobernukideek estrategia aldatu dute. «Atzo ez zioten beren obrari uko egin. Ezta elkarri ezer leporatu ere. Izatez, oposizioak berak ere apenas aipatu zituen hiru kideen arteko ezadostasunak, une honetan aski ezagunak. Baina errepikatzeko asmorik, Masek kanpainaren hasieran esan zuen bezala, batere ez dute». Are gehiago, Puigcercosek Artur Masi (CiU) egin zion keinua. CiUk kontzertu ekonomikoaren aldeko kanpaina egin du eta Puigcercosek esan zion, Madrilek asmo hori geldiaraziz gero, ERCk babesa emango liokeela, baldintza batekin: Convergenciak independentziari buruzko erreferendum bat egiteko konpromisoa hartzea. Masek ez zuen argi erantzun. «Duela lau urte –idatzi du Carles Colsek– eztabaida berdinak titulu argia zeukan, eztabaida egin baino egun batzuk lehenago ere: ‘Hirukoak bat eginda defendatu du bere burua’». Aurten, gauzak aldatu direla dirudi.
Montilla eta Masen arteko lehian, biak zentroan kokatzen saiatzen diren arren, hainbat gaitan jarrera ezberdina adierazi dute. Adibidez, Masek zergak murriztearen alde egin zuen igandeko eztabaidan; Montillak erantzun zion, berriz, Generalitatea CiUren esku egon balitz eta Madrilgo gobernua PPren esku, Katalunia eta Espainia gaur egun Irlanda izango zirela.
Ildo horretan, gehiengo osoa lortzen ez badu, PPren babesari uko egingo diola agintzeko eskatu zion Montillak Masi. Masek alternatiba bat proposatu zion: PSCk Masi babesa ematea, PP erabakigarria izan ez dadin eta, inkestek hanka sartzen badute, CiUk PSC babestea. Colsek zalantzan jarri zuen Masen proposamena: «Benetakoa zen? Montillak aste honetan bien arteko telebista bidezko eztabaida egiteko luzatu zuen eta Masek onartu zuen azken uneko eskaintza bezainbeste. Benetakoa zen?».
Azkenean, Madrilgo Hauteskunde Batzorde Zentralak debekatu egin du eztabaida hori eta Montillaren jokabidea susmagarritzat jo dute gehienek. Protagonismoa berreskuratzeko trikimailutzat. Oraindik badago ezusterako tarterik, inkesten arabera milaka herritarrek ez baitaukate argi noren alde bozkatu. Eta Ciutadansek duela lau urte Legebiltzarrean ordezkaritza lortuz ezustekoa eman zuen bezala, aurten baliteke Solidaritat Catalana eta Reagrupament alderdi independentistek lortzea, alderdi berriak TV3eko eztabaidatik eta, oro har, komunikabideetatik baztertuta egon diren arren. Ez aipatutako azken horiek bakarrik, baita Des de Baix antikapitalista, UPyD eta Plataforma per Catalunya arrazista ere. Hori salatu du Vilaweb egunkari digitaleko zuzendari Vicent Partalek.
http://www.elperiodico.com/es/noticias/elecciones-28n/20101122/crisis-centra-debate-con-tripartito-difuminado/593748.shtml
http://www.vilaweb.cat/editorial/3814155/debat-incomplet.html