Ba al dugu gizarte-zatiketarik?
Ez dut uste kazetariak planteatzen duen zatiketa soziala dagoenik, baina baditugu muga batzuk gure artean.
Lehenengo aipatuko nuke aberatsak, hau da, herri xumeak jator ordaintzen dituen zergei iruzur esku-leuna eginaz bizi direnak, hots, inbertsioa eraginkorrena nola egin beste kezka ez duten horiek, eta nomina xume batetik datorkien soldata apala (hilabeteko gastuei aurre egiteko eskasa) jasotzen dutenen artean gertatzen den zatiketa. Bizi naizen hirian nabarmena da haustura hori.
Baina batzuk besteak agurtzen ditugu nahiz eta haien lapurretaz kontziente izan.
Bigarren zatiketak hiru talde sortzen ditu nagusiki. Batean daude batzuen biolentzia justifikatzen edo gutxienez (ozen edo isilik) onartzen edo aurrera egiteko beharrezkoa ikusten dutenak; bestean, beste aldekoen biolentzia justifikatzen edo gutxienez (ozen edo isilik) onartzen edo aurrera egiteko beharrezkoa ikusten dutenak; eta hirugarren taldean, bakea eraikitzeko bakearen bidea ezinbestekoa dela aldarrikatzen dutenak.
Baina batzuk besteak agurtzen ditugu nahiz eta haien okerraz kontziente izan.
Hala ere, beste gizarte-zatiketa hau azaldu nahi dut gogoeta bukatzeko, ez baita txantxetakoa dakarren haustura. Alde batean daude Iñaki Perurenaren bideoa bukaera arte ikusita, azkeneko zatitxoa ulertu ez eta ulertzeko saiakerarik ere egin gabe hortxe hitzaldia bukatutzat eman dutenak, eta beste aldean, elkarrizketa bitartean gozamenarekin batera hizlariaren deserosotasuna ere sentituz, justu bukaeran, Perurenak bere-gure hizkuntzan nagusitasunez mintzatuz, “ulertu didazu…” esaten hasi denean, poza behetik gora igotzen sentitu dugunok.
Baina batzuk besteak agurtzen ditugu, nahiz eta “hasta luego” esan behar haiek jakin dezaten zer esan nahi dugun.