Biktima batzuen indarra

Teresa Jimenezek Alderdi Popularra (PP) ordezkatzen du Europar Parlamentuan. 1998ko urtarrilaren 30ean Alberto eta Ascensión Garciak, bere anaia eta koinata hurrenez hurren, bizia galdu zuten ETAren atentatu batean. Zazpi urteren buruan PPn sartu zen eta gaur Diario de Navarrak elkarrizketatu du. Alde bakarreko biktimak daudela irudikatzen ari den honetan, egunkari eskuindarrak bere ekarpena egin du.

Elkarrizketan hainbat gai jorratu dituzte, denak ETAren inguruan. Kazetariak bere aburua argi uzten du elkarrizketaren hasieratik bertatik, galdera hau botatzen diolarik: “Zer uste duzu, egiazko baketik edo bake lotsagarri batetik gertuago gaude?”. Orduan, Teresa andreak, bere ‘biktima’ rolari eutsiz eta horrek ematen dion zilegitasunarekin, aski garbi uzten du ETArekin ezin dela negoziatu. Elkarrizketak aitzinet doalarik, Egigurenen aurka ere jotzen du anekdota batekin: “Joan zen egunean, Colon Plazan, nire atzean izan nuen Josu Ternerak prestatutako Zaragozako atentatuan hildako bi neskatilen aita. Badakit berak eta bere emazteak auzitara jo dutela Egigurenek Ternerarekin izandako bazkariaren kariaz, eta normala iruditzen zait. Alderdi bateko presidenteak nire anaiaren eta bere emaztea hil zituenarekin bazkaltzen duela adituko banu, deabruek eramanen nindukete. Ez dut ulertzen non bizi garen. Beste herrialde batzuetan hau ez litzateke onartuko. Nik ez nuke terrorista bat defendatuko Egigurenek egin gisan”.

Dena den, perlarik onenak jarraian datoz. Berak dio memoria laburra dugula dirudiela, izan ere, Otegik Gabriel Cisnerosi tiro egin ziola ahantzi dugu. Baina badirudi berak duela memoria laburra, bi kontu ahantzi dituelako: Alde batetik Otegi absolbitu zuten, beraz, berak ez zuen tirorik egin. Bigarrenik, memoria luzatu genezake eta Gabriel Cisneros gaixoaren bizitza politiko-frankistari begiratu bat eman.

Aznarren gobernaldian ere negoziazioak izan direla gogorarazi dio geroago kazetariak. Baina, badirudi, horrekin Teresa Jimenezen alderdiak ikasi zuela behin betikoz zer zen egin ezin zitekeena. Geroago Batasunaren legalizazioaren aurka egiten du eta Gonzalezen hitzak mespretxatu.

Perlarik onena, elkarrizketaren hondarrean dugu. ‘Voces Contra el Terrorismo’ taldeak deitutako azken manifestaldian lagun batzuek agur faxista egin zutela gogorarazi eta ea horrek ez duen lotsatzen galdetu dio kazetariak. Jimenez demokratak ez dio garrantzirik eman eta “anekdotikotzat” hartzen du. Bere esanetan hori edozein manifestaziotan gertatzen da. Baina Anoetan lagun bakan batzuek “Gora ETA” esaten badute (esan bazuten behinik behin) orduan ekitaldian hitz egin zutenak Audientzia Nazionalera.