Paul de la Cuesta, munduko eskiatzaile onenekin lehian
Munduko Kopan ari diren eskiatzaile gazteenetakoa da Paul De la Cuesta. Joan den urtean Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen. Eskia alde batera utzita, poliki-poliki bada ere, odontologia ikasten ari dela kontatu dio GAZTEZULOri. Baita surfean aritzea eta futbolean jokatzea gustuko duela ere.
Hona hemen elkarrizketaren pasarte batzuk:
Eski probek minutu eta bi minutu artean irauten dute. Horren denbora tarte laburrean, hanka sartuz gero zureak egin du.
Bai, baina hori ere entrenatzen da. Hainbeste urte eta gero ohitu egiten zara. Eskiatzaileok jakin badakigu akats ñimiñoena larrutik ordaintzen dugula, ez ditugula 90 minutu gaizki hasitakoari buelta emateko. Tentsioa badago, baina harekin bizitzea ikasi beste erremediorik ez dago.
Nola oroitzen dituzu joan den urteko Olinpar Jokoak?
Oso oroitzapen polita dut. Lehen Olinpiar Jokoak ziren niretzat, txikitatik horrelako proba batean egoteko ametsa nuen. Inguruko guztia ikusita sumatzen da txapelketa berezia dela. Hala ere, lehen proba iritsi zenean, jaitsiera, lasai antzean nengoen; ez nintzen finegi ibili denboraldi osoan lasterketa horretan eta, beraz, ez nuen presio handirik. Ferran Terra kataluniarra eta biok gazteenetakoak ginen Kanadan; jaitsieran, denak gu baino zaharragoak ziren, eta erraldoian, beharbada gure adineko baten bat egongo zen, baina bazegoen 35 eta 38 urteko eskiatzailerik ere.
Zeintzuk dituzu pista kuttunak?
Austriako Interstoder eta Italiako Alta Badia; Italiako pista horretan erraldoia oso polita da, nahiz eta nik oraindik ez dudan bertan lehiatzerik izan. Baqueirakoa ere aipatu behar dut, gozatu ederrak hartu baititut bertan.
Elkarrizketa osoa, gaztezulo.com webgunean.