Non dago Motxo?

Horren berri jakin dugu telebistetatik, irratietatik, egunkarietatik… Eta guztietan ere, antzeko hitzak: “El Motxo (…) encalló en la madrugada del jueves en el biotopo protegido de la franja costera que se extiende entre Deba y Zumaia”, “(…) embarrancado en la madrugada de ayer en una zona de acantilados entre Deba y Zumaia”, “(…) ha encallado esta madrugada en Deba, concretamente en la zona de Sakoneta, muy próxima al municipio de Zumaia”…

Istripuaren berri izan orduko, berehala jakin nahi izan nuen non gertatu zen zehazki ezbeharra, eta ez zen izan erraza. Bakarrik baleike.com-en aurkitu nuen idatzita Baratzazaraurrea parean zegoela itsasontzia, ia Zumaia eta Deba arteko mugan. Hedabide batzuetan Sakoneta aipatzen zuten, baina itsasontzitik ia bi kilometrora dago paraje hori; beste ia guztietan, Zumaia eta Deba artean kokatzen zuten, ia 8 kilometro luzeko kostaldean, eta 8.000 metro horietan leku eta izen ugari sartzen dira: Algorri, Andikaraerreka, Pikoteazpia, Baratzazaraurrea, Aizbeltz, Arantzazpia, Sakoneta, Aitzuri, Txertudiko gabarlekua, Aitzandi…

Izen horiek ez al daude hedabideentzat? Ez, itxuraz. Dena da “franja costera”, “biotopo”, “costa”… Hain zaila al da galdetzea (Debako edo Zumaiako udaletan edo Elorriagan bertan, adibidez) nola izena duen leku horrek? Zertarako ateratzen dira toponimia-mapak, izendegiak…?

Oharra atera dute elkarrekin Debako Udalak eta Zumaiako Udalak, eta sarreran “Arantzabekoa baserria zegoen parean” kokatu dute ontzia. Zapuztuta geratu naiz eta pentsatu dut hauek ere ez direla, ba, eredugarri. Zertarako erabili lehorreko erreferentzia bat, harraldean –itsasoak bustitzen dituen haitzetan– hainbeste izen berezi dauzkagunean? Gainera, itsasontzia pare horretatik dezente ekialderago dago, Aizbeltz pasata, Baratzazaraurrean, ia Palankamugarrin. Irudipena daukat oraingoan ere aukera ona galdu dugula. Motxo non dagoen edo ezbeharra non gertatu zen azaltzean, zergatik ez begirune handiagoz jokatu eta lekuari bere izenarekin deitu? Zergatik ez erabili harraldea edo Baratzazaraurrea? Noizbait ikasiko ahal dugu, beste ezbeharrik gertatu beharrik gabe.

Artikulu osoa hemen dago.

Motxo harraldean, Baratzazaraurrean

Irudia | Motxo harraldean, Baratzazaraurrean | Gorka Zabaleta, Baleike | Creative Commons By SA

Zer duzu buruan “Non dago Motxo?”-ri buruz

  • Irakurle bat 2010-11-12 22:06

    Berria egunkariak ere Baratzazaraurrea erabili zuen istripuaren biharamoneko egunkarian.