Datozen urratsak
Datozen urratsak
Politika arloan etorkizuna asmatzeko jolasean dihardugunero, ohiko akatsa izaten da pentsatzea politikariek gizartearen ongizatea eta hobe beharra gogoan dutelarik bideratzen dutela haien ekintza eta hartzen dituztela haien erabakiak. Denetarik dago, noski, baina sarritan oso bestelakoak eta oso gure logika arruntaren kontrakoak dira haien arrazoiak. Horregatik arrazoi horiek aztertzetik hasi beharra dago, asmakizun jolas horretan txukun antxean ibili nahi badugu.
Gatozen Kataluniara, nora bestela, eta saia gaitezen urriaren 16tik aurrera zer gertatu behar duen asmatzen. Horretarako, ezin bestekoa da Rajoy, Espainiako presidentearen izaera eta motibazioen azterketatik hastea, haren eskuetan baitaude balizko konponbide edo ez-konponbiderako giltzarri gehienak.
Rajoyren, eta ia politikari guztien motibazio nagusia erabaki bat hartzeko garaian zera da, horrek zenbat boto emango eta zenbat boto kenduko dizkion hurrengo hauteskundeetan. Gero badira noski alde bateko eta besteko presioak hainbat neurri har ditzaten eragiteko, indar handikoak izanez gero beren helburuak lortzen dituztenak, baina horrelakoetan amore eman beharrean daudenean ere, esandako boto kontaketak dira politikaren gogoan nagusi azken uneraino.
Honen ondoan, Rajoyren beste ezaugarri sobera ospetsua zera da, egoera zailetan aurpegia emateari dion alergia, eta erabaki gogorrak hartu behar direnero, ezin bestean hartzen dituela erakusteko zaletasuna, berak hartuak ez, baizik eta patu gaizto batek agindutakoak bailiran. Adibide bikain sobera ezagunak dira, bere garaian plasma telebistaren bitartez egindako prentsaurreko agerraldia eta azken asteotako Kataluniako krisian, bere ekinbide osoa epaileen eta fiskaltzaren atzean ezkutaturik garatu izana.
Joan den asteartean independentzia deklarazio urardotu hura aldarrikatu zuen Puigdemontek eta honi eusten dioten politikari kataluniar gehienek, aski eta sobera ezagutzen dituzte Rajoyren aje hauek eta zalantzarik ez dut kontuak ondo aterata dituztela aspaldian: Rajoyk ez du bere kabuz urrats zipitzik egingo egoera zuzentze aldera, ez lehen ez orain eta ez gero. Horregatik egin zuten, egin zuten aldarrikapen light hura, Espainian eta nazioartean negoziazio eskean zeudenen aurrean puntuak irabazteko, eta horregatik aldarrikatuko dute independentzia irmotasun osoz astelehenean.
Rajoyk ez du urrats zipitzik egingo egoera zuzentze aldera, gorago aipatutako ezaugarriek aurkako joera indartzen dutelako. Batetik, katalanen aurkako zurruntasunak boto uzta oparoa ekar diezaiokeelako Espainian, -oraingo gutxiengo egoera deserosotik ateratzeko hurrengo hauteskundeen ondoren-, eta bestetik, konponbiderako behar diren neurri horiek, bere ezkutatze estiloari jarraiki, ezin bestean, nahi gabe, eta Europak aginduta baino ez dituelako indarrean jarriko. Katalunian badakite hori eta azken aste honen ondoren Europan ere ohartzen hasi direla esango nuke. Eta bitxiena, Rajoyk berak ere badakiela esango nuke (ergeletik zinikotik baino askoz ere gutxiago baitu) eta zain dagoela noiz demontre hasi behar zaizkion Europatik gogor jartzen, xeru aurpegia jarrita, berriro ere gauzak ezin bestean eta gogoz kontra egin behar dituela kontatzeko.
Belgikako lehen ministroak ostiralean esan zuenez, Kataluniakoa, Espainia barruko auzi bat da eta Europa ez da beraz, bitartekaritza lanetan hasi behar,… harik eta Espainiak auzia konpontzeko bere ezintasuna demostratzen duen arte. Argiago nahi?