Beti hor, baina

Beti hor, baina

Orbanez eta arrastoa uzteaz idatzi du Nerea Ibarzabalek Gaur8 agerkarian.

Umetan banuen praka pare bat laranja koloreko pintura orban batekin; gogoan dut zein egunetan zikindu nituen, arte-eskolan izan zen, txakurkume batzuen koadro bat margotzen nenbilela. Han igarotako arratsalde guztiak informazio eta irudi multzo lauso bilakatu zaizkit, baina prakak zikindu nituen egunean zertaz hitz egin genuen ere oroitzen naiz. Orban laranja hark lortu zuen ezer apartekorik izan ez zuen egun hark etorkizunean irautea, prakak janzten nituen bakoitzean oroitzea nola erori zitzaidan tanta izterrera, eta zer esan nuen gero, eta nola ama etorri zitzaidan bila 18:00etan eta esan zidan oleoa ez dela joaten garbigailuan mila aldiz sartuta ere.

Beti hor, bainaAntzerako zerbait gertatu zitzaidan jertse zuria arrain-zopaz zikindu nuenean, edo kulero berriak hilekoz, edo praka bakeroak belar marka berdez. Orbanari begiratu eta uneaz oroitzen nintzen, egun horiek existitu ziren berme bakar gisa. Eta orbanek iragana aldarrikatzen dutelako dator, agian, etorkizun urruneko pertsona bat garbigailurako xaboiak iragartzera. Historia ezabatzeko.

Beharbada, zu ere horrela ohartuko zinen badirela moduak jendeari gauzak oroitarazteko, eta gauza horien artean, zeu. Ze zuk batzuk ahaztu nahi dituzun indar berarekin nahi duzu beste batzuek zu oroitu zaitzaten. Horregatik gainezka egiten dagoen zopa platerkada bat bazina bezala zoaz bizitzatik, ertzetatik darizula, ukitzen duzun hori zikindu nahian. CSIko kapitulu bat, baina alderantziz, gaizkileak ahalik eta arrasto gehien utzi beharko balu bezala.

Horrela uzten dituzu zure ile luzeak autoko eserlekuetan, inoren jertseetan, bizarretan. Gero ile laburrago batzuk izaretan, edo ezpain ertzen batean. Orban zuriak uzten ere badakizu, eta toallak gorriz zikintzen ere bai noizbehinka. Malkoak eta mukiak, besteen kamiseten sorbaldetan. Betileak burkoan. Zure azaleko izerdia bestearen azalean. Aurpegitik pasatu duzun toallatxo desmakillatzailea mesanotxean. Agurtzerakoan, masailean muxu busti bat, haizeak hoztuko duena urrundu ahala.

Zure DNA oparituz zoaz, agian inkontzienteki, baina agian ez. Zuk badakizulako zer den norbaiten zatiak gorde nahi izatea, ileak, usaina, muxuak, puzzle bat bezala osatu ahal izateko falta denean. Orbanari begiratu eta uneaz oroitu. Eta hori erraztu nahi diezu besteei ere, agian inkontzienteki, edo agian ez. Baina ez daitezela zutaz ahaztu.

Ze zutaz ahazten badira eta zoriontsu baldin badira zugan pentsatu gabe, eta etorkizunetik ekarritako xaboiren batek –denborak agian– zuk utzitako aztarna denak ezabatzea lortzen badu, beharbada esan nahiko du ez zinela horrenbesterakoa izan. Horregatik, DNA arrastoak ia desagertu arren, beti geratzen da zure arroparen bat armairuren batean, «pasako naiz bila» bat eskegita duela. Edo zure hatz-markaz jositako liburu bat apalean, «lasai, itzuliko didazu». Edo urtebetetzeko opari handi hura, bere gelan jarri zuena. Eta, nola ez, hortzetako eskuilak abandonatuta plastikozko basoetan, lehen esaten zenituen hitzen testigu gertuko, eta orain diskurtsoz aldatu duzula jakin gabe, zure zain –gauzak uztearena gaizki ulertu zenuen–. Eta orbanak orbain, horrela ere ezin ziurtatu zutaz oroituko direnik zu beraietaz beste. Aldebakarreko oroimena baita izutzen zaituena.

Beti hor, baina Beti hor, baina Beti hor, baina

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.