Hitzen dantza pozoitua merkatu librean
Hitzen dantza pozoitua merkatu librean –
Botere estamentuetan beti martxan den mekanika da, haientzat ezinbestekoa: Gai, arazo edo gatazka bati ekitean, lehenik eta behin hiztegi bat plazaratzen da merke-merke, hain merke non konturatu orduko denok ari garen hiztegi hori erabiltzen leialtasun harrigarri batez:
Gauzatua da amarruaren parte handi bat. Hortik aurrera etxean jokatu eta arbitro erosita bezalakoa izango da beti partida haientzat.
Espainiako estatuaren aferan -zergatik esaten digute denok Kataluniakoa?- ez da honetan salbuespena izan. Hona hemen beste askoren artean bereziki mingarri egin zaizkidan batzuk:
.
Eredua
Iñigo Urkulluren ahotan (edo Podemoseko buruzagienean edo beste edozein aingeru zerutar ekidistantearenean) behin eta berriro Eskoziako eredua entzuteak tinpanoa urratzeraino belarri ondoan tutua martxan jartzea bezalako izan da niretzat, eta gezurra ereiteko alorra paregabe prestatzea da hori: Hor Londresko eredua esanera isilpean gordetzen da maltzur, hori izanda ere esan nahi dena baina ezin esan daitekeena: hori esateak Madrileko eredua arbuiatzen dugula esaten ibiliko baikinateke inplizituki eta gure lehendakaria ez dago horretarako.
Kataluniako eredua ez zaigu gustatzen esateak arazoaren muina makur ezkutatzea dakar bere baitan, eta irtenbideak zital ixtea: Katalunian aldebakarrez egin behar izan den guztia egiteko arrazoia, eta zer esanik ez ondoren eta ondorioz etorritako bortizkeria latzarena, Madrilen da:ukazioaren eta larderiaren bitartez urteetan Katalunia iraindu duen Madril zapaltzaile hori da arrazoia.Baina Kataluniako eredua esan eta Madril kanpoan gelditzen da,zer ikusirik ez balu bezala, bortizkeria basatia erabiliz eredu hori derrigortu duena bera izan ez balitz bezala; ez aipatzeak berak zurikeria lana egiten du.
Urkulluk horrenbeste maite duen CUPeko anarkorik gogorrenetatik hasita guztiok gaude aldebikotasunaren alde, baina eredu hori ukatu duena Madril da eta ez Katalunia. Tranpa egina da.Eredua ez da Kataluniakoa Madril larderiatsu horrena baizik. Urkullu bera ez da aipatu zaharra el problema de Katalunia…Dudarik gabe harentzat Katalunia da arazoa, ez Espainia. Argigarria da gure lehendakaria -eta bera bezalako aingerutar guztiak- bere eredu kutuna azken unera arte -eta oraintxe ere bai- defenditu dutenak horrela arbuiatzea eta eredu horren txikitzaile garbia den Madril horren aldera lerrokatzea. Tranpa egina da.
Eta gauzak zer diren, hau bukatzen ari nintzela ez zaigu ba etorri albiste hanpurutsua: EITBfokusen azken inkesta eta bertan galdera: Gustuko al duzu Kataluniako eredua Euskadirentzat? Eta Urkulluren herriaren %62k omen dio: Ez, ni erreferendun paktatuaren alde nago. Bai ni ere. Baina hor ez da galdetzen Madrileko ereduaz. Alegia galdetutakoek beraiek defenditzen duten eredu bera lurperatu dieten eta besterik ezean eta derrigorrez guztia aldebakarrez egin beharrean izan diren katalanak juzgatzera behartzen dituzte eta ez eredu hori lurperatu dutenak; horrela, galdekatutakoek, inplizituki eta nahi gabe ere, Kataluniako prozesua arbuiatzen dute. Galdera estu horrek ez du bestetarako ematen, horretarako egina da. Horratx nola erabiltzen gaituzten inkestak nahi bezala ateratzeko. Horratx zergatik EITBfokus guztiak datozen beti Iñigo Urkulluren tesiak babestera.
Kataluniako ereduaz galdetuta nik baietz esango nuke, oso gustuko dudala, hara: Unibertsitatean guztia katalanez egiteko aukera, UOC (katalanezko online unibertsitatea), katalanera ikastea dohain izatea, parlamentuan txintik ere ez gaztelaniaz, komunikabideak, literatur sorkuntza, eta jakina, etxezuloa, supermerkatua, izkinako taberna…bai, nik oso gustukoa dut Kataluniako eredua. Hor herria dago. Euskal eredua barregarri gelditzen da harekin alderatuta.
.
Legalitatea
Azken urteotan aspertzeraino sartu diguten beste mantra bat, oso berria eta lehen apenas erabiltzen zena.
Esango nuke ETAren jardun armatuaren teloi erraldoiaren azpian urteetan ezkutatu ondoren teloia altxatu eta estatuaren gorotz guztia (ustelkeria, presoen eta familiarren kontrako gehiegikeriak, hamaika giza eskubideen urraketa, Europatik etorritako agindu askoren txuliatzea….) agerian uztean, hasi zitzaizkigula lehenbizi Madriletik eta ondoren hots anplifikatu bikainez Ajuria-eneatik, legalitatea nazkatzeraino errepikatzen, hau da lege urraketa handienak zeuzkatenak, mandatari jendea denok ere eta makina bat lege urraketa ezkutatzeko premia larrian zeuden momentuan. Ordura arte ez zen batere aipatzen. Egunotan komentatu izan da: Intsumisioaren garaian lege urratzen ari zenik ez zen batere aipatzen. Espainian bezala hiru probintziatxoetan ere (hauek beti eskutik helduta) ez dute beste diskurtsorik izan, urteotan. Orain, beste aldetik, badakigu (lehen ere bai) Urkulluk Legalitate espainolaz ari zela eta ez beste ezertaz: Kataluniak bere legalitate propioa eraiki eta, hala ere, erreferendum hark ez zeukala berme legalik esanez segitu zuenean. Bata, 78an oligarkia frankistak ezarritakoa, bestea herriaren aupada kalean zuela Kataluniako parlamentuak fin-fin ehundutakoa. Urkulluk Espainiakoa aukeratu du. Berak azaldu beharko digu Espainiaren batasun sakratuari eusteko jaio zen lege baten barruan nola arraio lortu nahi duen Euskal-Herrirako autodeterminazio ariketa taxuzko eta gauzagarri bat.
.
Akordioa
Ez da azti izan behar ikusteko mamirik ez dagoenean azalkeria goraipatzen tematzen direla batzuk, aspertzeraino hemen ere.
Goiko esaldi honek igual berean balioko luke aurreko punturako ere: Eduki politikorik izan ez eta legalitatea, aipatuko digute nazkatzeraino aipatuko ere. Akordioaz ari garela ere, esan liteke: argumentu politikorik izan ez eta akordioa hitz magikoa berria gure kaleetan barna erromerian.
Zerbait lortu edo zerbaiten eraikuntzan ari garela halako batean beste subjektu batekin akordioa lortzea lagungarri izan daitekeela iruditu eta horretara joko dugu, betiere geure helburua jomugan. Ahaztu gabe gainera, horretarako lehenik eta behin subjektua izan behar duzula zu bezalako beste subjektu batengana jo ahal izateko.
Batere jantzi gabeko nire entenimendu motxean sartzen ez dena baina, zera da:akordio hitza gosariko kafesne zopetan ere egunero aurkitzea, akordioa zertarako nahi dugun garbi azaldu gabe, akordioa bere horretan helburua balitz bezala eta ez zerbaitetarako bitarteko. Hor ere, eduki politiko faltan itxurakeria nagusi eta itxurakeri horri engainu, gezur eta saldukeriaren kiratsa dario alde guztietatik. Gure mandatarien jarduna ikusita garbi dago akordioa beti dela nagusi-morrontza eskemari segida emateko eta ez inola ere rol hori apurtzeko. Horregatik, hain juxtu ere ez dute inoiz zehazten akordio horiek zertarako nahi duten, izan ere, ez litzateke batere itxurosoa esatea morrontza horretatik haiek etekin mardultxoak lortu dituztela eta hor segitu nahi dutela, per secula.
Ondo agerian gelditu da berriz ere, Iñigo Urkullu, bere bitartekari lanak Kataluniarako eskainita. Estatus quoari eusten interesik handienetakoa daukan agente bat, bitartekari! Argigarri guztiz, oraindik orain esan zuenean: «Nire aldetik, behintzat, ez naiz eserita geratuko trenen arteko talka gertatu eta errailetik irteten direla ikusi arte». Zinez kezkatuta zegoen, Madril zinez kezkatuta dagoen bezalaxe. Orain. Haiena kolokan ikusitakoan, ez orain dela zazpi urte. Eta zer du ba hark proposatzeko, Espainiako batasuna bermatzeko jaiotako lege baten itzaletik ez dela milimetro bat mugituko behin eta berriz esan duen gure lehendakariak?
Nik aproposagoa ikusten dut Raxoiren ordezkari gisa izatekotan ere. Planteamendu bera dute, inondik ere. Baina hemen ere tranpa egina da: Akordio hitzari baliabide esanahia erantzi, eta errepikapenaren poderioz sakralizatu, ez daukan balioa emanez. Horretarako dago EITB.
.
Demokrazia
Gazte eta lerden ginela, aitortzen dut, behin baino gehiagotan esanda gaudela “Hauteskundeetan mahaian egotea tokatuz gero, hara joan? ezta pentsatu ere, lehenago kartzelan demokrazia zaintzen baino”. Hertzainak-ek ere esaten zuen orduan “gaur ikusi haut telebistan lepoa altxatuz, demokrazia salbatuz”.
Niretzat demokrazia Espainiako oligarkia frankistak ezarritako sistema higuingarria besterik ez zen, PNVren bedeinkapenaz gurean ezarria. Urnak horren sinboloa ziren gainera eta gure ametsa urnak errekara botatzea.
Gaur da eguna non aitortu behar dudan urnak maitasunez eta grinaz zaintzen izan berri naizena.
Hitzaren plazaratzea baina, hemen, justu kontrako bidetik etorri da, hiztegi ofizialetik desagertu edo lausotu edo erabilera murriztu. Hiztegi batean dagoenaz gain ez dagoena ere hartu behar baita kontuan. Beraz, mass-media erraldoiaren artilleriak ez baina Kataluniaren herri xumeak jarri du zirkulazioan lehenik eta ondoren hango mandatariek, eta hitza erabiltzeaz gain gauzatu ere egin dute, seguraski azken urteotan munduan izan den demokrazia ariketa erradikalenean. Erradikalak baina, ez du esan nahi harrika eta suaz ibili direnik, sustrai-sustraitik ekarria dela baizik. Halakoxea da hitzen salmenta zital merke hau. Bai ikusi eta ikasi berriak gara, Demokrazia ez dela beste batzuek jartzen dizuten aukera paretsuen artean derrigorrean erabaki behar izatea, baizik eta zure nahia den horren alde erabaki ahal izatea.
Gure mandatariek lotsa pixka bat balute berrogei urteotan demokrazia hitza nola erabili duten ikusita, etxera joan beharko lukete, inoiz berriro ez ateratzeko.
.
Bortizkeria
Hemen ere martingala kontrako bidetik egin digute: ez bonbardaketa bidez, desagerraraziz baizik. Aspaldiko egoera bortitzena bizi izan du Kataluniak: kereila kriminalak, komunikabideen eta weben itxierak, atxiloketak, konpetentzien zirtziltzeak, izuaren hedatze gaiztoa, adinekoak edo umeak batere bereizi gabe, besoak altxatuta zegoen jende xumearen kontra polizien oldar indiskriminatuak…hau guztia gertatzen ari dela desagertu edo itzali edo ezkutatu dute bortizkeria hitza hiztegi ofizialetik. Oraindik orain belarrian dur-dur egiten digutenean: “Gure salaketarik sendoena”, “Datorren tokitik datorrela beti gaitzesgarria” bezalako mantrek edo haien bertsio modernoenak ere: “Ezin bortizkeria erabili inolako ideia politikorik aurrera eramateko” Espainiako mass-media handian eta hemen duen bozgorailu fidel EITBn entzun al ditugu horiek egunotan? Ez, ez daude hiztegian, desagertu egin dira, gure politikarien hipokresia berriro ere agerian utziz. Are gutxiago ikusi dugu gure erakundeek deitutako kontzentrazio edo antzekorik, bortizkeria gaitzesteko edo zergatik ez urriaren batean Kataluniako herritarren izandako jokamoldea goresteko, hori izan baita aspaldian ikusi den bortizkeriaren kontrako ekintzarik zintzoena, gizatiarrena eta zibikoena.
Zibikoa horixe baita eta ez konstituzio bati itsu-itsuan men egitea.
Edarra iritzi artikulua. Gustora irakurri dot.
Beharrezkoak dira honelako artikuluak noizbehinka errealitate bainu bat hartzeko. Hedabide handiek ohikoa dute hitzen esanahia itxuraldatzea norberari komeni zaionean bihurtzeko. Berri Txarrakek ere agian gogoan zuten hizkuntzaren perbetsioa hau sortu zutenean: “Haien berri onak gure berri txarrak direlako… beren hitz politek beti iraintzen gaituztelako”. Txapo idazleari, bide horretan jarraitu nahi izan ezkero gertuagoko adibideak ere aipatu ahalko lituzke, hemen bat:
http://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20171002/eh-bildu-plantea-una-mesa-vasca-de-diagnostico-ante-el-fin-del-regimen-de-1978
Etsaiek engainatzen saiatzea ulergarria da, baina “gure” liderrek egiteak iada beste larritasun bat du