«DCn gor daude»
Hala ere, bai demokratek, bai errepublikanoek, astearteko emaitzen interpretazio okerra egin dutela uste du: «Ez dira boto-emaileek itxuraz desesperatuki lortu nahi duten aldaketa eskaintzen ari. (…) Ia 15 milioi estatubatuar lanik gabe daude. Jendeak ez du nahi datozen bi urteetan Kongresua Obamaren administrazioa etengabe aztertzen aritzea, zerga murrizketa gehiago egitea, aberats handiei kontzesio gehiago egitea, eta jende arruntari gutxienez segurtasun ekonomiko pixka bat ematen dieten Gizarte Segurantzako, Medicareko [65 urtetik gorakoentzako osasun sistema publikoa] eta langabezia aseguruko programei eraso egitea». Obamak amore eman eta errepublikanoen agenda bere egitea akatsa izango litzateke, Herberten arabera, jende xumearen eta pobreen egoera okertu besterik ez lukeelako egingo.
«Alderdiek herrialdeko plan ausart eta koherentea eskaini behar dute, ekonomia egoera onean uzteko eta lanpostuak sortzeko; gure gizon eta emakume gazteak Afganistango eta Irakeko gerretatik etxera ekartzeko; hezkuntza sistema erreformatzeko, datorren belaunaldia 21. mendeko erronka handiei aurre egiteko prestatu ahal izan dezan; eta, AEBen can-do (dena da posible) espiritua berrindartzeko, herritarrek sinets dezaten helburu handi eta eraikitzaileak lortzeko elkarlanean ari direla».
Bob Herbertek nabarmendu du kanpainan alderdiek ez dituztela gerrak aipatu, ez zeukatelako ezer positiborik esateko beren buruen alde. Baina hezkuntza ere apenas aipatu dute eta hori kezkagarriagoa iruditzen zaio. Izan ere, Herberten ustez, kalitatezko hezkuntza sistema edukitzea funtsezkoa den arren, sistema indartu beharrean okertzen ari dira, milaka irakasle kalera botaz.
Buruzagi politikoak errealitatetik urrun ikusten ditu. Hori guztia ikusita, hauteskundeetatik ondorio garbi bat atera du: benetako lidergoa Washingtonetik kanpo sortu behar dela; hau da, jendearengandik gertuago dauden erakundeetatik, adibidez, estatuetako legebiltzarretako edo udaletako hautetsiengandik, fundazioetatik eta herri elkarteetatik, langile mugimendutik, erlijio zentroetatik eta zentro komunitarioetatik. Eta herri mugimenduak eredu gisa jarri ditu. «Eskubide zibiletako aitzindariak ez ziren presidentetzarako edo Kongresurako hauteskundeen zain geratu, ezta emakumeen mugimenduko buruzagiak ere. Beren lan erabakigarriari ekin zioten, aurreikuspen guztien kontra eta oso gogorra zirudien aurkakotasunaren aurrean. Langile mugimenduko liderrek armei, bonbei, espetxeratzeari eta batek daki zer gehiagori aurre egin zieten, langileriarentzat soldata egokiak eta duintasuna lortzeko».
Obama Etxe Zurira eraman zuen kanpainaren Yes, we can leloa zuzenean aipatu gabe, baina horren kutsu nabarmenarekin, egoera konpontzeko giltza itxaropena dela adierazi du The New York Times-eko zutabegileak: «Estatubatuarren dena da posible espiritua berpiz daiteke, eta gizarte zuzenago, bateratzaileago eta gizatiarrago baten ikuspegiarekin, gainera».