Motxo arrantzontzia bertan utziko dute

Atoiontzia eta Motxo sokaz lotzeko saiorik ez, beraz. Kontuan hartuta bihartik aurrera eguraldiak eta itsasoak okerrera egingo dutela nabarmen, garbi dago Motxo harraldetik ateratzeko aukera baztertu egin dutela. Bestalde, ia erregai guztia isuri du eta inguruko putzuak kutsatuta daude. Gaur goizeko argazkiak eta informazio guztia, baleike webgunean.

Itxura guztien arabera, Motxo arrantzontzia Baratzazarraurrean geldituko da. Erreskatea prestatzeko lanik ez dugu ikusi gaur goizean, eta aurreko egunetan aurrera eta atzera ibili diren arduradunik ere ez. Salbamendu taldekoek arrantzontzia hustutzen eman dute goiza. Haiek esan dutenez, ia gasoil guztia galdu du: 3.000 litro inguru gelditzen omen dira depositoetan (15.000 zituen). Eta handik metro gutxira, Aldundiko langileak sarea harraldetik atera nahian.

Atoiontzi bakarra ikusi dugu itsasoan, erregaiari eusteko hesia zabalduta. Arratsaldeko itsasgoran arrantzontzia ateratzeko operazioa prestatzeko lanik ez, beraz. Ababor aldera etzanda dago Motxo. Istripua gertatu zenetik galdu dituen hainbat objektuz inguratuta dago: buiak, sokak, aingura, salabardoa, berogailua, telebista itxurako pantaila bat… Eta gasoila. Usainak salatzen du, eta inguruko putzuetan nabarmenak dira erregaiaren kolore biziak. Pikoteazpirainoko tartea harrapatu du gasoil orbanak.

Gasoil arrastoak nabarmenak dira ontziaren inguruko putzuetan

Irudia | Gasoil arrastoak nabarmenak dira ontziaren inguruko putzuetan | Gorka Zabaleta / Baleike.com | Creative Commons By SA
arrantza, ekologia, istripua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude