“Gu Kataluniarekin beti”
“Gu Kataluniarekin beti” –
Gauza on asko eta handiak dira Kataluniako prozesuak ekarri dizkigunak eta ez dira txikiagoak izango ekarriko dizkigunak, guztiak atzera-bueltarik gabekoak, honezkero Espainiako estatu endekatuan edo estatu horretatik gelditzen denean ezer ez da lehen bezala izango.
Prozesu horren testuinguruan euskal abertzaletasunaren bertsio guztiek emandako neurria oso izan da eskasa, harrigarriro eskasa: gurekin eta gure etorkizunarekin zer ikusirik ez balu bezala etsigarria izan da hala “erabateko errespetua” nola “erabateko elkartasuna”. Batzuek beren burua munduan kokatzen nahikoa lan dutela oso une txarrean harrapatuta, akaso; besteek Espainiaren batasunean parte hartzaile aktiboa izateagatik orain arteko pagotxa agortzen ari zaiela ikusita, inoizko ridikulurik handiena eginez.
Prozesuak ekarritako gauza on ugari horien artean, azpimarratzekoa da zentsurak eta manipulazio informatiboa nagusi izan diren estatu honetan, berrogei urteotan lehenbiziko aldiz segurenik, zenbait eztabaida bere tokian kokatu direla eta hori lehenbiziko baldintza da edozein eztabaidari heldu ahal izateko.
Prozesutik kanpo izanda ere, baina dudarik gabe prozesua martxan egoteak ahalbidetuta, hala gertatu zen atentatuaren ondoren CUPen beste akzio paregabe bati esker, lehenbiziko aldiz jihadismoa dela eta hitz egin ahal izan denean kontu horren muin-muinean dagoenaz eta ez beste ezer: horrelako astakerien ernamuina dugu mendebaldeko oligarkiak dituen negozioez, armen ezkutuko salmentez eta haien interesez.
Kataluniako prozesura berara bueltatuta, gauza bera gertatu da 78ko erregimenaren bukaera hizketagai nagusitu denean. Lehen esan dugu: edozein eztabaida izateko, nahitaezkoa da eztabaidaren muina eta gaia ondo seinalatuta eta izendatuta egotea. Hori horrela dela jakinda, horixe izan da erregimen honek -eta beste edozeinek-erabili duen trikimailuetako bat, alegia, aferaren muinak ezkutatu eta gaien izendatzeak ekidin edo itxuraldatzeak. Egun, funts horietaz izen horiek erabiliz aritzea izan liteke erregimen horren bukaeraren seinalagarri garbienetako bat, hain justu ere. Segi dezagun bada hala hitz egiten.
Izan ere, ez daukagu ahazteko 78 hartan txiringito hura antolatu zenean alde batetik izuak hartuta zeuden klandestinatetik etorri berriak eta bestetik diktadura hartako arduradunak, agerian da hortaz “negozi(azi)o” horietan oraindaino zigorrik batere gabe dauden kriminal banda baten nagusitasun erabatekoa. Han zer egosi eta konstituzio hori nola egin zen ondo gordeta eduki dute. Baina denbora ez da alperrik aurrera joaten eta azkenean hauek ere bere lekuan jarriko dituela dirudi, azken urteotan argi gelditu baitira zenbait kontu: gauza guztien gainetik Espainiaren batasunari eusteko behar zen azpiegitura legala, administratibo, ekonomikoa eta ideia honi kontra egin ziezaiokeen edozein -euskal militanteak gehienak-, basati torturatzeko eta beren giza eskubideak batere errespetatu gabe urteetan kartzelatzeko ahalbidetzen zuen sistema legala; beste aldetik Espainia batu eta handi horretan elite bati behar dituzten mekanismo guztiak, hauek ere legalak, jartzen zitzaizkion eskura batere eragozpenik gabe lapurtu eta herri xumea nahi bezala erabiltzeko eta zapaltzeko, botere exekutiboak judiziala ondo menpean zeukala jakiteak ematen duen patxadaz, gainera.
Baina ez dugu gaur hizketagai Espainiaren historia, ezta gutxiagorik ere; bai ordea horretan kolaboratzaile izan ziren euskaldunen orduko jokaera gaur egungoa ulertzen saiatzeko. Izan ere garaia dugu galdetzeko: gurea ez zen estatu baten batasunari gauza guztien gainetik eusteko antolatu zen gangsterismoan eta bandolerismoan oinarritutako errepresio sistema hartan ze paper jokatu zuen han ibili zen PNVk? Kolaborazionismo hori Espainia haren zutabe nagusietako bat izan da, Katalanen kolaborazionismoarekin batera. Hauek ziaboga eginda kontrako norabidean doaz orain tinko errepublika independentea eraikitzera; euskaldun haiek berriz, berrogei urteotan morroi fidelenak izan ondoren egun ere, erregimena erremediorik gabe hondora doan honetan ere, hor agertu dira salbatzaile plantan, senperenak egiteko prest erregimena bizi dadin, Kataluniari traizioa eginez eta Euskal Herriak segi dezan errekan itota. Errekan itota utzi dituzten bezalaxe Agirre lehendakariaren hitzak: “Gu Kataluniarekin beti”.
PNV da estatua ez apurtzeko interes handien daukana. Gangsterismo sistema horretan bera izan da onuradun politiko eta ekonomiko handienetakoa. Min handienetakoa hari egingo dio badatorren Kataluniako errepublikak. Erregimena desagertuta ze etorkizun du PNVk? Noraez zantzuak ikusten hasi zaizkio.
Eta ezker abertzalea? Ezker abertzaleak, bere burua birkokatze lanek itota dirudi. Ez dugu ikusten, eta agertzen denean ez du diskurtso propiorik. Hemen nagusitu zaigun pentsamendu bakar hori, PPSOEpodemPNVn haragituta, aise dabil bazterretan inork kontra egiten ez diola.
Kataluniako prozesua dela eta azken unera arte ez da agertu. Aukera aparta galdu du hangoa beste modu batean azaltzeko, beste diskurtso bat eraikitzeko, Espainiako komunikabideek -EITBren laguntzaz- ezarri diguten mantra itogarriez bestera. Kataluniako prozesua ez zen hasi pasa den asteburuan kanpainari hasiera eman zitzaionean. Urte batzuk dira honez gero eta urteotan ezker abertzalea ez da azaldu diskurtso propio batekin hura bertsio ofizialaz bestera esplikatzeko.
“Erabateko elkartasuna” lelo polita da edozein tokitan ahokatzen dena. Nik Kurdistanez edo Palestinaz ari naizela halaxe esango nuke, baina Kataluniaz? Ez. Ez da elkartasun kontua, laguntza erreala eta diskurtsoa eraikitzea baizik. Erabat dago gurea haienarekin lotuta. Batetik lezioak eman dizkigute alde guztietatik, baina gu ez geunden ikasteko, ez genituen apunteak hartzen. Bestetik katalanek honezkero egindako lanak eta egiteko daukatenak erabat baldintzatuko du gure etorkizuna eta gure hurrengo pausuak. Kurdistanen askapen prozesuak -nire erabateko elkartasuna daukana- ez bezala.
Niri Gure Esku Dagok antolaturiko manifa hura ikusita Egunkaria itxi zeneko Donostiako hura etorri zait burura: Errepresio gordinak hauspotuta, egunero espainolezko Gara eta Deia eta DV irakurtzen zuten eta duten abertzale pila erraldoi hura, hilik zegoen Egunkariaren irekiera sutsu eskatuz.
Katalunian bitartean, Alicia Sanchez Camacho PPko diputatu ezagunak seme-alabei katalanez egiten die.
Berriro ere esan beharrean gara: Katalunia aspaldian da independentea eta independentzia ez die ez eskubide historikoek ez kontzertu ekonomikoak eman, ezpada, eguneroko gauza txikiak bizitzeko moduak, kulturak, hizkuntzak.