Lur ikara

Lur ikara –
Lur ikara

Milaka kilometrora baina gertu egokitu zait Mexikoko lurrikara, gertuegi, zoritxarrez. Familia, lagunak, lankideak… Harremanetan jarri nahi eta ezin, kezkatuta, igaro ditugu orduak. Komunikazio bide nagusiak etenda, tantaka iritsi dira albisteak. Ez argindarrik, ez telefono zerbitzurik. Luze egin dira orduak, gerta zitekeenaren beldur. Inpotentzia. Distantziatik lagundu nahi eta ezina. Ohartu naiz ezin hobeto datorkiola izena fenomenoari: lur ikara.

32. urteurren beltzaren bezperan, simulakro eguna zen atzokoa Mexikon. Urteroko erritua da. Eta, hain justu, hura gogoratzeko ekitaldia bukatu eta bi ordu eskasera gertatu zen hondamendi latza: beste lurrikara ikaragarri batek gogor jo ditu Mexiko Hiria eta inguruko estatuak. Ritcher eskalan 7,1 gradura iritsi da lurraren astindua, ordukoa baino “askoz bortitzagoa”, lekukoen esanetan. Zer esanik ez hilabete hasierakoarekin alderatuta. Independentziaren Aingeruak tinko eutsi dio oraingoan, baina hiriguneko eraikin nagusiak ez dira libratu. Dinbi-danba. Erietxeak, eskolak, bulegoak eraman ditu aurretik lurrikarak. Osorik. Inork espero ez zuenean. Kasualitateak zer diren…

Zoritxarrez ez da lehen aldia. Mexikarren oroimenean 1985. urtea gorriz markatuta dago, eta eraginak agerikoak dira oraindik herrialdean: ia lau mila hildako utzi zituen. Eraikin gehienak horrelakoetarako prestatu omen daude ordutik, baina naturak zein hauskorrak izan gaitezkeen erakutsi digu beste behin, modu krudelean gainera, urteetan eraikitakoa une batetik bestera eraisteko gai dela erakutsita. Indartsua da lurra, uste duguna baino indartsuagoa, aurreikusiezina. Lur ikara: lurra eta ikara.

Lur ikara
Ibili, erori eta altxatzearen oinarrizko legea

Baina jendea ez da kikildu. Berehala altxatu da. Mexikarrak ez dira geldi, lozorroan, geratzen diren horietakoak herrialdea dar-darka sentitu arren. Badakite halakoetan zer egin eta nola jokatu. Eredu dira. Facebookeko denbora lerroa bideoz bete beharrean, elkartasuna zainetan daramate gehienek, eta herritarrak kalera atera dira edozertan laguntzeko prest. Laguntza txikiena handi bihurtzen da larrialdi egoeretan. Haien etxeak eskaini dituzte askok kaltetuei tokia egiteko, beste zenbaitzuek kalean artatu dituzte zaurituak, janaria eta arropa banatu dute han eta hemen… Lanik ez da falta: 45 eraikin kolapsatuta daude oraindik.

Urruti egon arren, ez legoke soberan hemendik ere kaltetuak lagunduko bagenitu modu batera edo bestera, nork bere eremuan hondar ale bat jarriko balu, txikitik eragiten saiatuko bagina premia larria dutenen alde. Laguntza txikiena handi bihurtzen delako larrialdi egoeretan. Arrakalak ez direlako goizetik gauera desagertuko. Doluminak eta elkartasuna Mexikoko herritarrekin. Zuekin gaude!

Lur ikara