Iñaki Perurena eta Kepa Junkera, harria eta trikitixa
Perurena eta Kepa Junkera –
Harriaren eta trikitixaren inguruko ekitaldi baten protagonista izango dira Perurena eta Kepa Junkera
Datorren irailaren 25ean (astelehena, 19:00etan), Donostiako Koldo Mitxelena Kulturguneak TRIKIHARRIA performancea hartuko du Iñaki Perurenaren eta Kepa Junkeraren eskutik.
Mondragon Linguaren TOPAKETALK jardunaldi zikloaren hasiera izango da, eta ikuspegi emozional batetik jorratuko da komunikazioaren, sormen artistikoaren eta hizkuntzen arteko komunikazioa. Hilaren 28an Gasteizko Artium Museoan aurkeztuko diren jardunaldi horiek Euskadiko hainbat udalerritan eskainiko dira urrian zehar eta, besteak beste, Gorka Urbizu, Izaro edo Txaro Arrazola artistek eta Alberto Iñurrategi kirolariak hartuko dute parte. Ez dira betiko hitzaldiak izango, formatu originalak dituzten diziplina anitzeko ekintzak baizik.
TRIKIHARRIA gure jatorriaren edo kulturari buruzko ahozko hausnarketa eta zuzeneko musika bateratzen dituen ekitaldia da. Performance honetan, Leitzako harri-jasotzaileak harriaren inguruko zenbait kontu botako ditu euskaraz eta bederatzi atal laburretan. 41 urte harriarekin ibili eta gero, asko dauka Perurenak harriaren inguruan esateko. Gaia bere osotasunean hartuta, karga autobiografiko handia duen bakarrizketa bat prestatu du. Izan ere, kirolari baten barruko sentimenduak azalaraziko ditu, bederatzi atal ezberdinetan: Nere harriak, harri-aroak, harribitxiak, harria ikasgai, harria bidelagun, harria irakasle…
Bizkaiko trikitilariak saio honetarako bereziki konposatutako doinu berriekin tartekatuko da bakarrizketa.
Donostian ez ezik, Bilbon eta Gasteizen ere eskainiko da ekitaldia datozen egunetan. Ekitaldirako sarrera doan izango da tokia bete arte, baina aldez aurretik izena eman beharko da MondragonLingua zentroetan edo www.mondragonlingua.com webgunean.