[Buru Ariketa] Azken erantzuna
[Buru Ariketa] Azken erantzuna –
Zientzia Kaiera atariak dozena erdi ariketa proposatu ditu udarako, eta horrela egin dugu geuk ere. EHUren Kultura Zientifikoko Katedraren blogetik, iazko ariketak berreskuratzea otu zaio salabardoari, oraindik ere egin gabe dituzuenontzako. Igandero bat eskegi dugu leiho honetan, aurreko ariketaren erantzunarekin batera. Eta gaur dakargu azken ariketaren erantzuna.
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta udako oporretan egiteko astero ariketa matematiko bat proposatu dizugu; Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu zituen Zientzia Kaieran argitaratzeko.
.
Seigarren ariketaren erantzuna (noiz izango ditu berriro otsailak bost astelehen):
Iaz otsailak bost astelehen izan zituen. Zein urtetan gertatuko da horrelakorik berriro? Hemendik ordura arte, zenbat bider izango ditu urtarrilak bost astelehen?
Otsailak bost astelehen izateko otsailaren 1a astelehena izan behar da eta urtea, bisurtea. Bisurte batetik hurrengora, otsailaren 1a bost egun mugitzen da. Iazkoa astelehena izan zenez, 2020an larunbata izango da. Noiz gertatuko berriro astelehen izatea bisurte batean?
Laster konturatuko zarete zazpigarren bisurtean gertatzen dela berriro, hau da, 27 urte barru; 2044an izango ditu otsailak bost astelehen eta hemendik ordura arte, urtarrilak hamabi bider izango ditu bost astelehen.
Urtarrilak bost astelehen izateko, 1a, 2a edo 3a astelehena izan behar da. Hogeita zazpi urteko ziklo horretan urtarrileko egun bakoitza lau bider pasatzen da asteko egun bakoitzetik. Beraz, lau bider izango da 1a astelehena, lau bider 2a eta lau bider 3a. Denetara, hamabi.
.