Trebiñurentzako errezeta
Trebiñurentzako errezeta –
Izenburua irakurrita edonork pentsatu lezake hurrengo lerroetan Trebiñuk bizi duen egoera bidegabea konpontzeko errezeta dagoela, baina literala da. Trebiñuk errezetak behar ditu, medikuarenak, farmaziara joan ahal izateko, hain zuzen ere.
Alea hedabide arabarrak eman digu, testigantza eta guzti, sendatzen hain zaila ez dirudien botika kalapita honen berri. “Errezeta elektronikoari buruz ari zarete? Tira, bat baino gehiago izango dut nik linboan galduta” omen zioen. Argantzungo farmaziako bezero batek. Argi utzi zion bertan zen kazetariari errezeta elektronikoa ezarri zenetik, arazo handiak dituztela trebiñarrek sendagaiak hartzeko.
Adierazpen argigarrienak dira, ordea, Susana Grandes Argantzungo farmazialariarenak, eta bertan bizi duten arazo bikoitza bikain azaltzen du.
- Araban (administratiboan) erroldatuta daudenak: “Argantzunen bizi eta Araban erroldatuta daudenek normalean Gasteizen erosten dituzte medikuak emandako sendagaiak; herrian jaso nahi izanez gero, ezingo lukete, hemen Euskadiko osasun sareak sortzen dituen errezetak ezin baititugu ikusi ezta eman ere. Behin, gogoratzen dut, herriko aita bat etorri zela, arratsaldeko 19:30ak aldera; Gasteizera joateko denborarik ez zuen, eta umearen asmarentzat botika behar zuela; ezin izan nion eman, Euskadiko osasun txartela zuelako”.
- Herrian erroldatutakoak (administratiboki Gaztelan). Euskadiko eta Gaztela Leongo administrazioen artean sinaturiko hitzarmenaren arabera, mediku-espezialistak Gasteizen dituzte trebiñarrek. “Arazoa da espezialisten kontsultatik ateratzen direnean, esku hutsik ateratzen direla”.
Labur esanda: Gasteizko medikuak errezeta elektronikoa ematen die trebiñarrei, baina hauek ezin dute botika Gasteizen hartu, Gaztela Leongo osasun txartela daukatelako; eta are okerragoa dena, Trebiñuko farmazietan ere ezin dute medikuak agindutako sendagaia hartu, EAEko osasun sarera sarbiderik ez dutelako bertako botikek.
Grandesek honela azaltzen du botikak eskuratzeko prozedura: “Trebiñuko edo Argantzungo familia medikura joan behar dira, Gasteizko espezialistak eman dien errezeta eskuratzeko”. Baina noski, hor tartean bi administrazioen burokrazia dago, eta erraza da errezetak bidean galtzea.
Argantzungo botikaria behin baino gehiagotan kexatu da: “Arazo politikoa da, borondate politikoa behar da. Ez gabiltza hemen txorizoak saltzen, jendea behar bezala artatzeko eta jarraipena egiteko ezinbestekoa da, gutxienez, gure herritarren errezetaren berri izan ahal izatea”.
Diotenez, erkidego bakoitzak ematen dituen errezeta elektronikoak gainerako erkidegoetan erabilgarriak izateko prozesua abian da. Baina jakin badakigu hori analgesiko hutsal bat besterik ez dela. Diagnostikoa aspalditik daki Trebiñu berak: errespeta dezatela bertako herritarren hitza.
Duela hiru urte neskato bat hil zen, Txagorritxuko ospitalean. Gurasoen arabera, Mirandako anbulantzia eskatu behar zutela esan zieten Osakidetzatik, Argantzunen bizi zirelako, Trebiñun.