Zergatik Kataluniak ez duen Europako Batasunarekin arazorik izango

Zergatik Kataluniak ez duen Europako Batasunarekin arazorik izango –

Zergatik Kataluniak ez duen Europako Batasunarekin arazorik izangoKataluniaren independentziaren auzian badago behin eta berriz mahai gainean jartzen den gai bat: Europako Batasunetik kanporatuko al dute balizko Kataluniar estatu independentea?

Alde eta kontrako iritziak daude –erdibideko gutxi–, eta tartean, interesgarriak dira Alfons Lopez Tena politikari subiranistaren hau, edo Roger Domingok idatzitako artikulua, ñabardura batzuekin, baita The Guardian-en Eskoziaren harira Alan Trenchek argitaratutako hausnarketa. Unionismo espainiarretik ustezko argudio eztabaidaezinak ere badaude: Enrique Clementek La Voz de Galicia-n idatzitakoa lekuko.

Iritzi kontrajarri gehiago: Oriol Junquerasek dio katalanak europar hiritarrak direla eta hori ezin zaiela kendu; Garcia Margallok automatikoki Katalunia kanpo geldituko litzatekeela, legediak ez duelako aurreikusten berehalako integrazio bide bat. Junckerrek, Europako Batzordearen izenean erantzun du, araudiak dioena, gutxi gorabehera, Europan gaudenok gaudela eta beste edozein kanpoan geldituko dela. Hirurek dute neurri batean arrazoi, eta ikusteke dago. Argi xamar dagoena da ez dagoela batere argi. Lastima da Eskoziak aurrekaririk sortu ez izana. Edozein kasutan, eztabaida horren gainetik, nere ustez, gaia egoki fokatzeko ezinbestekoak diren ideia sinple batzuk jarri behar dira mahai gainean.

Nazioarteko eta Europar Batasuneko legedia xehetasunez ezagutzen ez badut ere, atrebitzen naiz galderari erantzun labur bat ematera.

Kataluniak ez du Europako Batasunean egoteko arazorik izango. 

Zergatik Kataluniak ez duen Europako Batasunarekin arazorik izangoHasteko, ebidentzia bat: Katalunia estatu independentea izango da nazioarteko gainontzeko herrialdeek hala aitortzen badute. Herrialde, herri, hiri, errepublika, nazio bat, estatu bihurtu dadin –Nazio Batuak estatuz osatuta daude– errekonozimendua behar du.

Demagun Kataluniak independentzia aldarrikatzen duela urriaren 1eko erreferenduma eta gero. Bi aukera daude: onartua izatea ala ez.

Onartua ez bada –estatu indartsuenek onartzen ez badute– Katalunia ez da estatu independentea izango de jure, legez. Hortaz, eztabaida amaitu da. Kataluniak de facto, praktikan, maila batean estatu batek bezala funtzionatu arren, onarpen ezak Espainiako estatuan mantenduko du. Ondorioz, Espainia den heinean Europako Batasunean jarraituko du, ez delako estatu independente bat izango.

Onartua bada –zailena hori da: estatu indartsuenek, Europakoek barne, aitortzea– une horretan de jure estatu bat bihurtuko da. Espainiaren iritzia gorabehera, independentea izango da Katalunia, Kosovo den bezala Serbiak aitortu ez arren. Egoera horretan, non Kataluniak nazioarteko onarpena eskuratzen duen, arazoak berehala amaitze bidean jarriko dira. Govern-ak Europan egon nahiko du, eta Europako estatuek ere bai. Zein zentzu luke Alemania batek Kataluniako estatua aitortzea gero Europatik kanporatzeko? Zergatik onartu independentzia hori estatu boteretsuen kalterako bada? Europak Katalunia Batasunean behar du, eta alderantziz, dirua kontuengatik bada ere. Espainiaren barruan edo estatu independente bezala, baina barruan.

Hala eta guztiz ere, posible da Europako Batasuneko legediaren irakurketaren arabera, Kataluniak denbora bat Europako Batasunetik kanpo egin beharra. Aurrekaririk ez duen bezala EBren baitan independentzia aldebakarreko batek, beste hainbeste gertatzen da integrazioarekin. Txertatze hori gerta dadin soluzioak aurkituko dituzte –Espainiak ere berrikusi beharko lituzte EBrekin harremanak, lurralde zati, populazioa, BPG zati bat galtzearen ondorioz–. Ez duzue uste prozesu hori ahalik eta laburrena izan dadin, kalte gutxien sor ditzan, araudia moldatuko dutela? Munduko erraztasun guztiak jarriko dizkiete Europako Batasunean jarraitzeko. Errepikatuko dut: ez du ez buru ez hankarik Katalunia estatu gisa aitortzeak gero EBtik kanpo egotera kondenatzeko.

Eta zuri, zer iruditzen zaizu?

Zergatik Kataluniak ez duen Europako Batasunarekin arazorik izango

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Zergatik Kataluniak ez duen Europako Batasunarekin arazorik izango”-ri buruz

  • Dakidan gutxia idatziko dut, hiritartasun europarra biztanle bakoitzarena da, beraz nahiz ta Katalunia independentiz lortu, Europak ezin die horko hiritarrei europar hiritartasuna kendu.
    Europaren legediak ez du ezertxo ere ez esaten EBn dagoen estatu batetik beste estatu bat sortzean egin beharrekoaz, beraz legedia urratzen ez badu Kataluniarrek ta Kataluniak EBren barruan behar dute izan.
    Ta Espainia? Ba Kataluniari arazoak jartzen badizkiote, artikuluan ondo erraten den bezalaxe,Espainia jada ez zen izango EBn sartu zen estatu berbera, beraz bati egiten dizkiotenak besteari ere egin beharko zizkioten, baina jada esan dudan moduan, legea ezer esaten ez duenez….
    Demagun Katalunia independizatzen dela ta EBtik kanpo uzten dutela, ta? Zenbat Estatu daude EBtik kanpo ta arazo barik? Negozioak egiteko EFTAn egotearekin nahiko da, ta EFTAn sartzeko baldintzak lausoak dira oso, demokrazia izatea ta beste zeozer.

    Gauza ez da erraza baina EBko legedia ez du aruka Kataluniak.

  • Eneko Aizpurua 2017-09-14 14:41

    “Zergatik Kataluniak ez duen Europako Batasunarekin arazorik izango” Iñaki Larrañagaren ekarpenaren izenburua apur bat aldatu eta “Zergatik Europako Batasunak Kataluniarekin arazoak izango dituen” azaldu nahi nuke. Izan ere, balizko estatu katalan batek Europako Batasunean izango lukeen tokia aztergai duen eztabaidaz harago, Europako Batasunaren egituraketa bera baita Kataluniako auziak mahai gainean jarri duena. Eta hori da, nire iritzian, eztabaida garrantzitsuena: nazio-estatu berriak eraiki ordez, lehendik daudenak eraitsi eta Europako herritar eta komunitate naturalak barne hartuko dituen egituraketa politiko berri bat sortzea. Nolanahi ere, Europako Batasunaren egituraketa nazio-estatuetan oinarrituta dago egun. Nazio-estatuak dira, Europako Kontseiluan duten ordezkaritzaren bidez, Europako Batasunaren gai nagusietan (finantzak, immigrazioa, etab.) erabakiak hartzen dituztenak, politikari nazionalistak eta elite nazionalak dira, beren interesak lehenetsiz, Europako auzietan gidaritza dutenak. Lisboako Itunak ezartzen duen subsidiariotasun printzipioa gorabehera, Europako komunitate naturalek ia zeresanik ez dute erabakiguneetan. Europako herritarrok ere ez. Oroz gain, estatu nazionaletako herritarrak gara. Ez dugu europar herritar gisa eskubideak eta betebeharrak aitortzen dizkigun eskubiderik. Baina Eskoziaren auziak lehen, eta orain Katalunian gertatzen ari denak agerian uzten duenez, Europako komunitate naturalen eta herritarren eskakizunek nazio-estatuen gidaritzan oinarritutako Europako Batasun horren egituran arrakalak eragin eta egituraketa osoa arriskuan jar dezake. Eta hori da, hain zuzen, Europako Batasuneko nazio-estatu nagusien, politikari nazionalisten eta elite nazionalen beldur handiena. Komunitate eta herritarren eskakizunek bestelako Europa bati ateak ireki diezazkioketela, alegia, nazio-estaturik gabekoa izango den eta europar komunitate eta herritarretan oinarrituko den Europako Errepublika demokratiko baten ernamuina izan daitezkeela. Eta horregatik badago nahikoa arrazoi pentsatzeko Kataluniak Europako Batasunarekin ez, baizik eta estatu nazionaletan sinesten duten politikari eta elite nazionalen morrontzapeko Europako Batasun horrek izango dituela arazoak Kataluniarekin.