Bizikleta publikoak
Bizikleta publikoak –
Bizikleta publikoen sistema maileguen zerbitzuak dira. Sistema honen bitartez, bizikleta puntu batean har daiteke eta beste desberdin batean utzi. Azken urteetan mota horretako sistemen ezarpena jazo izan da mundu mailan.
Nik bizikleta publikoen zerbitzua erabiltzen dut, Bilbokoa hain zuzen ere. Sarritan, Bilbon zehar bizikletaz joaten naiz eta hiritik mugitzeko aukera ona dela deritzot. Halaber, Bilboko udalak eskaintzen duen bizikleta zerbitzuaren prezioa hogei eurokoa da (urtero). Beraz, Bilbotik bizikletaz mugitzea ez zaigu hain garesti suertatzen. Horrez gain, hiritik bizikletaz ibiltzea garraiatzeko era osasuntsua edo jasangarria izan daiteke. Bilboren kasuan, aldapa malakartsuak eta bidegorri sare mugatua alde batera utziz, ez dago arazo handirik bizikletaz ibiltzeko.
Askok diotenaren arabera, bizikleten alokairua neurri positiboa da. Bizikleta publikoen alokatzeak hirian mugikortasun iraunkorragoa sustatzea du helburu. Alokairuak merkeak/doakoak izateaz gain, ariketa fisiko erregularra egiteko aukera ere ematen du. Zerbitzu publiko honen erabilerari esker, bai hirietako kutsadura mailak bai arnasketa gaixotasunak murriztu egingo dira. Hortaz, zenbat eta bizikleta gehiago erabili, orduan eta ingurugiro garbiago izango dugu.
Bizikleten zerbitzu desberdinei dagokienez, Bilboko bizikleta publikoen zerbitzua Gasteizekoarekin alderatuko dugu. Esaterako, Gasteizen bizikleta mailegua dohainik da eta bizikletaz ibiltzeko laurogeita hamazazpi kilometroko ibilbidea dago. Horrez gain, hiri laua izateak bizikletaz mugitzeko errazago gertatzen da. Bilbon, aldiz, hogeita bederatzi kilometroko bizikleta ibilbideak daude eta 20 euro ordaindu behar da urtero. Bilbotik erraztasun handiz ibiltzen bada ere, traba garrantzitsuak daude bizikleten higikortasuna atsegina izan dadin; hala nola, trafiko handia, bidegorri gutxi egotea, txirrindulariek espazio eza izatea, etab.
Baina Euskal Herriko zein hiritan dago bizikleta mailegu publikorik?
Ba, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Leioa, Getxo, Iruñea, Baiona, Zarautzen… Horiek dira nagusienak (agian, baten bat ez dut aipatu).
Alokairu sistemei gagozkiolarik, hirietan dauden sistema hauek udalen edo kontraten menpe daude. Oro har, udalen menpeko alokairu sistemak dira nagusi hiri gehienetan. Sistema hau hirietatik bizikleta aparkalekuetan hainbat puntu kokatzean datza. Horri esker, abonatuta dagoen edozein erabiltzaile sistema horretaz baliatu daiteke. Txirrindulariak hiriko puntu batean hartzen du bizikleta eta hiri bereko beste edozein puntuan laga dezake. Bizikleta ibilbide txikietan erabiltzeko bultzatzen ari denez (autoaren ordez), denbora muga bat ezartzen da (ordu erdi, eskuarki) eta bizikleta horien erabilera abonuaren prezioaren barnean sartzen da. Bilbon, esate baterako, bizikletaz ibiltzeko denbora ordu batekoa da.
Hiri guztietan ez dira, ordea, zerbitzu publikoak. Antza, Txina eta Asia ekialde aldean negozio pribatu bezala planteatzen dute. Eta arrakastatsua omen da sistema hau. Bizikletek beste ezaugarri batzuk dituzte: geolokalizatu daitezke eta ez dira zertan ainguraleku batean utzi behar (auto blokeo sistema dute). 2 ezaugarri nagusik ahalbidetu dute arrakasta hau; teknologia berriak aplikatzea (geolokalizazio bidez, erabiltzaile berriek mugikorrean topa dezake aurreko erabiltzaileak utzitako bizikleta) eta oraindik bizikleta garraiobide bezala erabiltzen diren tokiak (Europa edo AEBak ez bezala, non erakunde publikoek mailegu sistema bizikleta suspertzeko metodo bezala erabiltzen duten).
Hemen informazio gehiago.