Ezagutzen duzu izen aldrebesagorik?
Alde batera utziko dugu esatea futbol talde baten izena dirudiela beste ezer baino lehen. Ez diegu kasurik egingo analista politiko ahoberoei ere, Hamaikabat mapatik desagertuko dela dioten horiei: espaziorik gabe geratu direla eta zatitxoren baten bila dabiltzala, etc.
Ez, ez ditut Galdos, Rekondo eta enparauak sutuko, ez naiz sartuko haiek duela hamarren bat urte zertzuk esaten zituzten eta orain zer dioten alderatzen, hori beste nobaitentzako lana da, ez niretzakoa. Izenari heldu nahi diot nik, behin baino gehiagotan gertatu baitzait bai esaterakoan eta, batez ere, idazterakoan, arazoak izan ditudala.
- Ergatiboa du ala ez du?
Ematen du infinitotasuna eta, ondorioz, ugaritasuna ezarri nahi zitzaiola izenari hamaika horrekin. “Hamaikak egin dute bat aukera honetan“, esan nahi balute bezala. Baina hori horrela izatera, HamaikaK bat behar luke, egin dute era eliptiko edo esan gabean utziz. Bat egin badu, norbaiteK egiten du bat, euskaraz bai behintzat.
Ergatiborik gabe jarri dute, ordea: Hamaika. Pentsa liteke akatsez jarritakoa dela izena.
- Hitz bat da ala bi dira?
Euskaltzaindiakoa izan gabe ere, berez Hamaikak bat behar lukeela esango nuke. Bi hitz baitira izan. Eurek, ostera, Hamaikabat esaten dute. Eta kito. Izango da, besteok ez bezala, arauen menpe ez dutelako egon nahi?
- Eta harridura-marka?
Izan ere Hamaikabat!, harridura-markaren laguntzaz idazten dute euren aukera politikoaren izena. Begira wikipediak zer dioen honetaz: “Harridura-marka interjekzioa edo harridura adierazteko erabiltzen den ikurra da eta esaldi baten amaiera adierazten du”.
Zergatik jarri diote? Zerk harritzen ote ditu hainbeste? Ikusgarritasuna handitzeko egin ote dute hori?
Hala baldin bada, marka-ikurra izena ikusiagoa izan dadin jarri badute, edo kutsu baikorra eman nahi bazioten horrekin, usu ikusten den beste akats bat ere egin behar zuten honez gero, bi marka jarriz: Hamaikabat!!
- Nola arraio deklinatu behar da?
Hamaikabat! etorri da, Hamaikabat!ek esan du, Hamaikabat!i iruditu zaio, Hamaikabat!ekoentzat ez dago ondo… gauza deabruak ikusi ditugu euskaraz, baina sekula halakorik!
- Nola demontre laburtu behar da?
Teilatua jo duena, ordea, laburdura da. H11! (Hatxe hamaika!) behar lukeena, H1! (Hatxe bat!) utzi dute. Zenbat dira, azkenean, hamaika ala bat? Sekula halakorik!
Esango dute berriz ere euskaldunok ez daukagula atarramendurik, eta arrazoia edukiko dute. Kezkatzekoa da ñabardura politikoek hainbeste pitzadura eta zoko partikular sortzea, baina izen batekin neurri horretaraino txoriburutzeak, zerbait erakusten du. Ez esan niri ezetz.
Laburdurarena nik ulertzen dut, H horrekin 11 laburtu nahi dutelako eta ondoren datorren zenbakia (1a) logikoa da guztiz. Hori bai, txerri gripearen H1N1 hura gogorarazten dit.
Izen aldrebesa den kontuarekin konforme, bestela. Logoa ere ez zait batere gustatu, Cuatro katearen tankerako burbuilatxoak, Euskaltelen kolorearekin.
Behin-behineko izena ere desegokia izan zuten, Alkarbide, Bizkaiko euskara teknikarien elkarteak zerabilena.
Uste dut Imanol Muruak komentatu zuen banandutako alderdietatik sortu ziren izen xelebreak: PNVren eszisiotik sortu den Eusko ALKARTASUNA, eta orain beste horretatik Hamaika BAT; eta Aralar ildoa alderdi bihurtu zenean zer izen hartu zuen gainerako ezker abrtzaileak? BATASUNA.
Ez dakit “polo” suberanistaren kontuak nola amaituko diren. Nik limoizkoak nahiago, aukeran.
Nik ondo baino hobeto ezagutzen dut izen honen asmatzailea eta ez du euskara ezertarako erabiltzen, are gehiago; euskalduna ez dela esango nuke. Horra hor gakarazoa.
Egia esateko, penatua nago, uste bainuen Hamaikabateko norbaitek egingo zuela izenaren defentsa, nik ikusi gabeko bertuteak plazaratuz. Ez baina halakorik. Zaputz!
Alderdi bezala, beraiek jakinen dute zertan dabiltzan. “Errebeldia” agortu eta garai bateko etxera nola itzuli ezin asmatu?. Beraiek ba ote dakite. Bost!
Izen bezala ordea ona deritzot. Bi idei kontrajarri lau silabatan bilduak. Anitza, plurala, asko… bat, bildurik, amankomunean.
Elkarren ondoan dauden bi hitz baino ez dira, ez loturik edo jokatuak dauden eta esaldi baten “laburdura” liratekenak. Interpretazio hori zure uztakoa da, Iñakito.
Hamaika ikustekoak gara!
Hamaikabateko kidea naiz eta alderdiaren izena dela eta titok bete betean asmatu duela esan behar dut. Bi hitz dira izen bat osatzeko. Ikus bideoa:
http://m.youtube.com/#/watch?xl=xl_blazer&v=4XxboS_czWs
Jakina Titoren lehenengo hausnarketarekin ez nago ados. Hamaikabatek badu zer esan eta horregatik badiki nora joan. Duela urtebere PoloSoberanista delakoa salatu eta hauldu genuen. Herrigintzan fronteak ez direla onak eta gehiengo zabalaren bidetik aritu behar dela uste dugu. Eta hor badugu zer eskaini:
http://www.hamaikabat.com/index.php/2010/09/beramendi-reclama-un-ensanchamiento-del-nacionalismo-como-mejor-respuesta-a-la-sociedad/?lang=es
Xabier, eta zuen alderdiak dituen oinarri horiek, eskaintzeko duzuen guzti hori euskaraz ezin al diguzu eman? Gaztelaniazko orrialde batera lotura?
Izan ere, Iñaki, “gehiengo zabala” gazteleraz mintzatzen da. Ez gaitezen polo baztertzaileen tranpan erori! 😉
Iñakitok idatzi zuen, futbol talde baten izena dirudiela. Baina ez iruditu bakarrik, halaxe baita. Deban sortu zen Amaikak Bat futbol taldea 1930ean, eta Errota-Zar zelaian irabazi izan ditu partida gehien. J.M. Alkorta, Hilario Aperribai, Antonio Arrue, Felix Berasaluze, Antonio Galdona, Mariano Rodriguez, Pedro Ulazia, Txomin Unzueta, Nicomedes Urkiri… haiek izan ziren taldeko lehen jokalariak. Joan den asteburuan Amaikak Bat taldeak Andoainen jokatu zuen hango Euskalduna taldearen kontra (azken doazenen aurka), eta 1-4 irabazi zuen. Aurtengo denboraldian 4 partida jokatu ditu Amaikak Bat-ek: bat irabazi, bi berdindu eta bat galdu.
Iñakito Garay bera H!!-en aldean izen aldrebesa da pertsona edo taldeentzat. Eta honek emandako arrazoiak izena bera baino ehun aldiz aldrebesagoak gutxienez. Nik alderdia bera dut maite ez dudana, izena asko gutatzen zait eta logoa askoz ere gehiago. Eta amaikak bat furbol talde edo elkarte gastronomiko izen bat baino gehiago iruditzen zait izan dela euskal nazionalismoaren historian. Umorez, beti ere
Gorri-gorri, nire aitamak aurkeztuko dizkizut egun batean, haiek jarri baitzidaten izena. Baina hamaikabat, ez esan niri izen serioa denik, gehiago dirudi festetarako kamisetan koadrila batek jartzeko izena. Izatekotan.