Heriotzaren tradizioa

Heriotzaren tradizioa

Iruñeko entzierroak bukatu diren honetan, Amatiñori jasotako sarrera dakargu, zezenei buruzkoa.
 
Amaitzear dira Sanferminak eta, aldi berean, amaituko da zezenez gaizki esaka ezin jardun ahal izateko epea. Berriro ere debekualdia amaituko da, Donostiako zein Bilboko zezenketen kontra jarraitzeko eta, besterik ezean, baita Gasteizko bigantxen aurka ere. Bihartik aurrera, dena libre.

Ez da erraz ulertzekoa zergatik, hurrengo jaietan, Gasteizko bigantxak premiarik gabe estresatuak izango diren eta nabarmen asko gaizki tratatuak, Iruñeko zezenak -goizeko entzierroan zein arratseko korridan- Coliseoko gladiatore ohoretsuak bailiren laudatuak izan diren artean.

Nik ez dut batere eragozpenik Azpeitiko, Zestoako nahiz Debako zezenketetara lantzean behin joateko, inoiz gehiago eratuko ez balira ere batere faltan botako ez nituzkeen bezalaxe. Ziurrenik, nire jarrera arduragabekeria hutsa baino ez da, baina ez behintzat aipatu hiru herri horietako zezenak tradiziotzat jo eta Donostiakoen kontra -sua dariela- mortalak eta bi esaten dituztenena baino arinkeria handiagoa.

Iruñeko entzierroak eta zezenketak inork ukatzen ez duen tradizioa dira. Eta, emeki-emeki ahitzen ahalegindu beharreko tradizio zaharkitua baino, nonbait aurrera begira sustatu, areagotu eta iraunerazi nahi den tradizioa, hain zuzen ere.

Sanferminetako programa ofizialaren barruan haurrentzako apropos eratzen diren sasi-entzierroak ikusi besterik ez dago eta, benetako entzierroetan noizbait korritzeko, gaztetxoentzako antolatzen diren ikaskaiak jarraitu baino ez. Zer pentsa ematen du, gero, hainbat umeren naturaltasunak, “arriskua” eta “heriotza” normal-normal aipatzen, nolabaiteko lantzeak ikasten dituzten artean.

Heroi hutsak dira Iruñeko zezenak. Ez estresik eta ez tratu txarrik.
Heriotzaren tradizioa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Heriotzaren tradizioa”-ri buruz

  • Apunte bat artikuluaren mami nagusitik aparte, haurrek “heriotza” eta “arriskua” normal-normal aipatzea heldutasun seinaletzat hartuko nituzke nik, hala paternalismoz jokatu behar dugu hor ere?