Aurrekonturik gabeko ituna sinatu dute

Aurrekonturik gabeko ituna sinatu dute –

Aurrekonturik gabeko ituna sinatu dute

“Nafarroak, Euskadik eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak hitzarmen bat sinatu dute euskara sustatzeko” Jaurlaritzaren hitzetan.

Hitzarmena sinatzen duten hiru administrazioek “euskara hitz egiten den eremuan” politika publikoak kudeatzen dituztela gehitu du Bingen Zupiria sailburuak.

Espainiako Konstituzioari aipu eginez hasten da hitzarmenaren testua.

Baimena ematen omen digu Espainiapeko Euskaditarroi eta nafarroi euskararen arloan elkarlanean jarduteko eta (esker mila…). Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdeko erakunde publikoek elkarlanaren bidea aukeratu dutela dio gero, “errespetutik beti ere” (gaitzerdi), zein bere errealitate politiko eta soziolinguistikotik, zein bere eskumenen esparruan, eta “komeni delako”, antza, hiru erakundeak elkarlanean aritzea “beharrezkoak ez diren gastuak saihesteko” eta ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzeko.

Hitzarmen honen XEDEA omen da, sinatzaileen arteko lankidetza bultzatzea euskararen sustapenari dagokionez. Hala, erakunde bakoitzak hitzarmeneko programak garatuko omen ditu, nork bere ahal ekonomikoen heinean.
Badaezpada ere, sinatzaile guztiek azpimarratu dute “dokumentuak ez duela ekarriko inolako betebehar ekonomikorik”.

BORTZ EREMU LANTZEKO ASMOA ADIERAZTEN DUTE AURREKONTUBAKO AGIRIAN:

HEZKUNTZAN irakasleen, gurasoen edota ikasleen arteko trukeak sustatzeko, probak eta baliokidetzarako aukerak aztertzeko eta batzuen nahiz besteen agiri ofizialak baliokidetzeko bideak aztertzeko asmoa (sic) agertu dute.

HELDUEN EUSKALDUNTZEAN “Jarraituko” omen dute helduei euskara irakasteko curriculuma garatzen eta materialak prestatzen eta hedatzen, lurralde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuz. Beren langileei aukera emango omen diete erakunde bakoitzak antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzeko.
Gainera, helduen euskalduntzea garatzeko laguntza-gailuen diagnosia egiten jarraituko omen dute, eta HABE Liburutegiaren hainbat dokumentu eta datu hiru aldeentzat eskuragai jarriko omen dira.
Hizkuntza gaitasunen ebaluazioa eta egiaztapenari buruz ere, elkarlanean arituko omen , hiru aldeetako ziurtagiriek elkarrekiko onespena izan dezaten.

EUSKARAREN ERABILPENAREN SUSTAPENA: Aisialdiaren arloan haur eta gazteen arteko trukerako bideak aztertuko ei dituzte.

Euskarazko baliabide digitalen inguruko informazioa partekatuko dute, horretan interesa duten erabiltzaileek errazago eskura. Euskarak duen presentzia handitzeko ekimenak sustatuko bide dira, “euskarazko wikipediaren bitartez” adibidez.
Arlo-sozioekonomikoan euskara sustatzeko esperientziak partekatuko, eta enpresetan euskara sustatzeko egitasmoak bultzatuko dituzte elkarlanean antza. Bestalde, erakunde publiko zein pribatuetan euskararen erabilera plan ereduak aztertzea eta esperientziak partekatzeko modua sustatuko ei da.

EUSKARARI BURUZKO GOGOETA ETA SUSTAPENAri dagokionez, elkarlanean arituko omen dira, eta egoki jotzen denean, sortutako materialen hedapena bultzatuko da. Gogoeta guneak partekatzeko modua egingo bide da interes komuneko gaiak aztertzen direnean.

IKERKETAK ETA HIZKUNTZAREN CORPUSA: Azterlan eta ikerketa soziolinguistikoen gaineko informazioa elkarri trukatuko bide dizkiote.

Zinpeko itzultzaileen eta interpreteen egiaztapenei buruzko informazioa trukatuko eta lankidetzarako bideak ezarriko direla sinatu dute. Itzulpen memorien banku publikoa elikatzeko eta garatzeko lankidetzan aritzea, terminologiaren arloan elkarlanean aritzea… Hiru aldeak lankidetzan arituko omen dira, Europar finantzabideek eta POCTEFA ekintza programa berriek, (euskararen) hizkuntza politikaren erronkak kontuan har ditzaten.

Hitzarmenari LAU URTEKO INDARRALDIA dario printzipioz.
Jarraipenerako batzorde mistoa urtean behin bilduko omen da (gutxienez): ekitaldi bakoitzeko jarduera plana proposatzea, jarduerak aztertzea eta erabakien balorazioa egitea egokituko ei zaio.

BOTEPRONTOAN

Euskal Herria desagertu egin da Hizkuntza Politikako arduradunen adierazpen eta testuetatik… “Euskara 21” ardatz-txosten txit-adostua erditu zenetik. Aurreko txostenetako “euskararen lurraldeak” xelebretik, “euskara hitz egiten den eremura” igaro gara itun honetan. Euskararen lurraldeak eta euskara hitz egiten den eremua ez dira bada gauza bera? EUSKAL HERRIA alegia?

Dokumentuak ez duela ekarriko inolako betebehar ekonomikorik” azpimarratu dute sinatzaileek… Inork badaki “inolako betebehar ekonomikorik” gabeko egitasmoen arrakasta tasa zein den?

Ez ekimen zehatzik, ez epe, ez arduradun jakinik, ez baliabideak ezarri beharrik…
XXI. mendean Eusko oasian publizitatu diren beste “egitasmo handi” batzuen usaina hartzen zaio honi ere. Gogoratuko da inor lau urte barru itun honen emaitza zehatzak neurtzen?

Itunaren helburuak zorrotzegiak direnik ezingo dugu esan.
Malgutasuna dute ezaugarri nagusi: beharrezkoak ez diren gastuak saihestea, erakunde bakoitzak hitzarmeneko programak garatzea nork bere ahal ekonomikoen heinean, elkarlanean aritzea, baterako edo besterako aukerak aztertzea, “interesa dutenei” edukiak eskuragarriago jartzea…

Batzorde Mistoaren lehen bileraren emaitzen zain, ez dirudi hitzarmen honen garrantzia, lortu duen oihartzinaren neurrikoa denik.

Nahiago nuke erabat oker egon.

Aurrekonturik gabeko ituna sinatu dute

Oinezkoa

2 pentsamendu “Aurrekonturik gabeko ituna sinatu dute”-ri buruz