Hiru ohar ETAren elkarrizketaz
- Igandean elkarrizketa publikatuko zela jakinarazi bezain laster, galdera ugari zeuden sare sozialetan larunbat arratsaldean. Horietako batek, elkarrizketa sinatuta joango zen galdetzen zuen. Josu Juaristik, Gara egunkariko zuzendariak bere izenez sinatzen du atzokoa. Dena den, Josu Juaristi ez da elkarrizketako argazkietan ateratzen. Argazkietan soilik bi ETAkideak agertzen dira. Ulertzekoa denez, ez da elkarrizketa egin zen moduez hitz egiten Gararen edizioan. Argazkiak ere nork egin zituen ez da sinatzen. Beste adibideren batean ikusi genuen Juaristi bera elkarrizketa egiten, ikusi hemen.
- Argazkietan bi etakide ikusten dira ohiko jantzi eta iruditeriarekin. Ezker aldean arrano beltza eta Nafarroako bandera dituzte paratuak eta eskuin aldean ikurrina, erdian ETAren ikurra dagoelarik. Euren jantzietan, jertse iluna ETAren eta zazpi herrialdetako ikurrekin, aurpegian zapi zuria eta txapela dituzte. Eskenatokia sinplea da, baina itzalei erreparatuta, argiteria jarria dutela nabarmentzen da. Duela hiru aste publiko egin zuten bideoko estetika bera da. Eskenatoki bera izango al da? ETAkideek paperak dituzte eskuetan. Bideotik falta den gauza bakarra, mahaian zegoen zazpi herrialdeen ikurra da.
- Eragile politiko zenbaitek bezala, Lukas Mateok ZuZeun ETAri prozesua tutelatzeko nahia ikusten zioten ETAk puntu hori aipatzea aipagarria iruditu zait. Hauxe da pasartea: “Bada marka, Espainia eta Frantziako estatuen tutoretza ontzat ematen dutenek ETAri halakorik leporatzea. Guardia Zibilak eta jendarmeek tutelatzen dute egun Euskal Herria! Arazoa ez da borroka armatua edo ETAren jarrera, hori aitzakia hutsa da. Arazoa da Espainiako Estatuak finkatu nahi duela zer den onargarri eta zer ez, herritarren borondatearen gainetik. Katalunian ikusi berri dugu. Ibarretxeren plana ere adibide argia da eta ETAri prozesua tutelatu nahi izatea leporatzen dioten horiek ahotsa ere altxa gabe onartu zuten. ETAk ez du prozesuan protagonismo berezirik nahi. Euskal eragile politiko eta sozialei, euskal herritarrei oro har, dagokie Euskal Herria eta erabakitzeko eskubidearen aitortza artikulatzea eta euskal herritarrok hitza emateko prozedura adostea. Bai eta euskal herritarrok tutoretzarik gabe, muga eta injerentziarik gabe, erabakiko duguna errespetatua izateko bermeak lotzea ere. ETAk prozesua elikatzeko, sendotzeko eta gorpuzteko ekarpen iraunkorra egingo du.”
Eta zuri, irakurle, zer egin zaizu aipagarri elkarrizketan?
Irudia | Antzeko eskenategia mezuan sakontzeko | Ezezaguna | LGPL