Subirano eta kritikoki

Ez dut kritikoegiak izan garenik esan nahi, ez. Kritikoegiak? ez da hori… eskerrak kritikoak garen. Baina, epaimahaiak azken urteotan baino zorrotzago jokatu duela nabarmena da bertan gabiltzanon begietan.

Publikoaren TCM Saria eta Gazteriaren Saria aitortzen dutenen balorazioak erkatuz erakutsiko dizuet gazteon zorroztasuna. Epaimahai batek eta besteak ikusi dituzten pelikulak ezberdinak direla argitu behar dizuet, Le Quattro Volte pelikula salbuespen. Publikoak 12 filmen artean aukeratu du, eta gazteriak berriz, 28 luzemetrai izan ditu ikusgai. Edonola, esanguratsua da balorazioen ezberdintasuna eta baita bien arteko erkaketa ere.

Honatx datuak: 7.60-ko bataz besteko puntuazioa eman die publikoak filmei, eta denak jo ditu gainditutzat, 5.52a izan baita baloraziorik okerrena. Gainera, hamabi filmetatik bederatziri eman die 7tik gora eta hauen artean seiri 8tik gora. Hortaz, Barney’s Version luzemetrailari aitortu zaio publikoaren saria, 8.78-arekin, baina parekatu-parekaturik ibili da Happy Thank You For Please, Buried, Cirkus Columbia, Exit Through The Gift Shop eta How Much Does Your Building Weigh, Mr. Foster? filmekin. Gazteok berriz, 5.78-ko bataz besteko puntuazioa eman diegu pelikulei eta hauen herenari jarri diegu gutxiegi. Aita astigarragatarrari 2.63a eman diogu eta urrunera jo dugu pelikula onenaren bila: Diego Lunaren Mexikora hain zuzen, 8.37-arekin irabazi baitu Abelek. 8tik gora balioetsi den luzemetrai bakarra izan da eta bere lehiakideetatik lauri besterik ez diegu eman 7tik gora.

MzQxOQ==

Kontuak kontu, ezinezkoa da gazteek zer desio duten jakitea 300 kideei banan-banan galdetzen ez bazaie, baina, balorazio onena jaso duten pelikulek badute ezer komunean: aparteko sentikortasunez darabiltzatela gai gogorrenak.

Semeak fakultateko ikaskide eta irakasleak hil eta bere buruaz beste egin ondoren haren gurasoek bizi duten prozesua kontatzen digu Beautiful Boy estatubatuarrak. “Zergatik egin zuen?” galdera ekidin behar dela ohartarazten zigun zuzendariak, eta hiltzailea bera, mutil zoragarri hori, eta bere gurasoak sarraskiaren biktima direla. Estatubatuetako italiarren mafien kutsua hartu nion Chrzest (Bataioa) poloniarrari. Abel eta Kainen istorioa gogorarazten duen filmaren gogortasunak tentsioan mantendu zuen zine areto osoa. Izarren Argian kontatu behar zen istorioa erakutsi zigun Mikel Ruedak: Saturrarango kartzelako emakumeena. Ikusleak gehien hunkitu zituen filma izan dela esan dezaket, gertu-gertukoa egin baizitzaigun gerla eta Frankismoa bizi ez, baina zeharka pairatu ditugun gazteoi. Kolonbiako gatazka umeen begietatik ikusi genuen Los Colores De La Montaña filman. Eta, aurreko urteetan zinemaldian izan diren Buda Explotó Por Verguenzai ala Min Dit: The Children of Diyarbakir itzelak oroitarazi zizkidan, non haurrak gatazken lekuko eta protagonista diren. Eta azkenik, irri eta negar batean izan gintuen aitaren hutsunea betetzeko etxean haren rola hartzen duen Abelek.

Zinemaldia
Irati Elizalde

kazetaria-edo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude