Nur eta herensugearen tenplua eta gainerako estreinaldiak
Nur eta herensugearen tenplua eta asteko gainerako estreinaldiak!
Estreinaldiak: Ekainak 2
Egilea: Maialen Goñi
.
Nur eta herensugearen tenplua
Juanba Berasategiren azken filmak Txinako dragoien eta tenpluen mundura eramango gaitu, Toti Martinez de Lezeak sortutako Nur neskatilaren bidez. Izan ere, gaztea Txinara joango da gurasoekin, eta bertako lagun baten urtebetetze-festan zirraraz beteriko abentura biziko du, labirinto batean barrena. Lotura Filmsen ekoitzi du haurrentzako animaziozko lana, eta Martinez de Lezearen gidoia egokitzeaz arduratu da Eneko Olasagasti aktore, zuzendari eta idazlea. Hego Euskal Herriko dozena bat zinema aretotan ez ezik, Madrilen eta Bartzelonan ere izango da ikusgai filma.
.
Clash
2013an Kairon jazotako prostesten testuinguruan kokatuta dago Mohamed Diab egiptoarraren polizia giroko drama. Morsi presidente islamista kargutik kentzeko helburua duten protestetan, hainbat manifestari atxilotuko dituzte, eta Poliziaren furgoi batean sartu. Manifestariak ideologia ezberdineko herritarrak izango dira, eta lau pareten artean, asaldatuta dagoen gizartearen liskarren isla izango dira. Etenik gabe tentsioa mantentzeko gaitasuna eta kameraren erabilera bikaina azpimarratu zituzten kritikariek filma iazko Cannesko Un Certain Regard sailean aurkeztu zutenean.
.
Norman: The Moderate Rise and Tragic Fall of a New York Fixer
Richard Gere aktoreak gorpuztutako Norman Oppenheimer New Yorken bizi den fundamentu gutxiko finantza agente bakartia izango da. Ez du arrakastarik izango, eta bere helburu nagusia harreman sare interesgarria osatzea izango da. Egun batean Micha Eshel politikari israeldar gaztea ezagutuko du, hura ere garai txarra igarotzen ariko denean. Eta hiru urte geroago, itzal handiko politikari bilakatuko denean, Normanen bizimodua aldatuko du. Joseph Cedar zinegile israeldarraren filma Torontoko jaialdian estreinatu zuten iaz. Aurretik, Beaufort (2007) eta Footnote (2011) filmak zuzendu ditu, Berlinen eta Cannesen saritutako harribitxiak.
.
Marie Curie
Marie Noëlle zinegile alemaniarrak, bere aldetik, XX. mendearen lehen urteetan girotutako drama biografikoa ekarriko digu, Marie Curie fisikariaren inguruan. Pierre senarrarekin batera Fisikako Nobel saria jaso eta denbora gutxira, gizona istripu batean zendu zen. Ondorioz, ikerketa zientifikoan murgildu zen Curie, eta Parisko Sorbona Unibertsitatean katedra eskuratu zuen lehen emakumea bilakatu zen. Ezkonduta zegoen zientzialari batekin maitemindu zen, eta gizonaren emazteak bien arteko harremana publiko egin zuen, Marie Curiek Kimikako Nobel saria jaso zuen garai berean. Kontzientziaren harrak ez zion lorpenaz gozatzen utzi.
.
Correspondências
Dokumentalaren eta fikzioaren arteko mugan kokatzen den proposamena iazko Locarnoko zinema jaialdian estreinatu zuen Rita Azevedo Gomes zinegile portugaldarrak. Jorge de Sena eta Sophia Mello Breyner Andersen poeten arteko gutun bidezko harremana du oinarrian filmak, Brasilera lehenik eta AEBtara ostean, erbesteratu behar izan baitzen lehena. Haien poesia eta bertsoen bidez elkarrizketa moduko bat sortuko du zinegileak.
.
Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!