Zertarako arrak?

Zertarako arrak? –

Zertarako arrak?Bonoboak eta txinpantzeak Pan generoko bi espezieak dira. Kongo ibaiak banatzen ditu bi espezie horiek. Iparraldean txinpantzeak bizi dira; hegoaldean, bonoboak. Txinpantzeak bonoboak baino handiagoak dira (txinpantze txikia edo ipotxa ere deitzen zaie hauei).

Hori da, haien arteko desberdintasunik ikusgarriena.

Haien  jarrera aztertuz gero, desberdintasun nabariak aurkitzen ditugu. Txinpantzeak oldarkorrak, hierarkikoak eta lurraldekoiak dira; bonoboak, ordea, baketsuak, berdinzaleak eta abegitsuak. Txinpantzeak exhibizionistak eta oihulariak dira; bonoboak, ordea,  isilak eta ia ikusezinak. Txinpantzeak janari eta emeengatik etengabeko borrokan dabiltza; bonoboek, ordea, janaria nahiz emeak konpartitzen dituzte.

Txinpantzeen artean arrak dira nagusi; eta arren artean, alfa arra. Bonoboen artean, aldiz, eme zaharrak. Haien nagusitasuna kolektiboa da. Borroka eta liskarra dira nagusi txinpantzeen artean; indarra, hierarkia eta jabetza gailentzen dira txinpantzeen artean; adimena, berdintasuna eta kooperazioa dira bonoboen bizitzaren zutabeak.

Kongo ibaiaren iparraldean gerra nagusi da; hegoaldean, aldiz, bakea. Zein da bi ertzen arteko ezberdintasuna? Gorilak, hain zuzen. Iparraldean, txinpantzeen artean gorilak ere bizi dira. Hegoaldean, aldiz, ez dago gorilarik. Hauek txinpantzeak baino handiagoak eta oldarkorragoak dira. Gorilei aurre egiteko, txinpantzeek «arren pasio sorta» —agresibitatea, hierarkia eta jabetza—  garatzera behartuak izan ziren. Hegoaldean ez zegoen gorilarik, eta  bonoboek «emeen pasio sorta» —elkar laguntza, berdintasuna eta erotismoa— garatu ahal izan zuten.

Zertarako arrak?Halere, txinpantzeen bizitza, baita gorilena ere, gertu eta arretaz ezagutu ondoren, badakigu haien artean ere «emeen pasio sorta» garatuta dagoela. Eta halaxe izan behar, biziraupenerako ezinbestekoak diren pasioak emearen pasioak dira eta. Izan ere, bizitza litekeena da arrik gabe, baina ezinezkoa da emerik gabe. Hori da pasioen arteko ezberdintasuna ere  Emeen pasiorik gabe ezin da animalia talde bat osatu; arren pasioak, ordea, luxuzko pasioak dira, nolabait esateko. Arren pasiorik gabe ere litekeena da bizitza (askoz aspergarriagoa, hori bai, eta batez ere, askoz sinpleagoa).

Zertarako arrak? Arrik gabe bizitza posible izango litzateke. Sexu bereizketari esker, ezin da ukatu, bizitzaren eboluzioa zaharo aldatu da. Baina arrak agertu ondoren ere bizitzaren zama eta ardura emeek eramango dituzte. Bizitzaren eboluzioa ere, arrak agertu ondoren, emeen bizkar gainean garatzen da. Izan ere, bizitzaren ahalmen ebolutiboa emeengan datza (biologo eta zientifikoen artean gaur nagusi den ideologia genetikoak kontrakoa badio ere). Bizitza, berez, emea da. Hori ukaezina da.

Zertarako arrak! Hori da emakumeek beren buruari behin eta berriro egiten dioten galdera.  Zertarako jostailu eta apaingarri garesti eta alfer hau! Arren defentsan hau alegatu liteke: adimen eta sormen aldetik ez dute ezer berezirik ekartzen, egia da, baina hain ederrak eta xarmagarriak dira haserretzen eta asaldatzen direnean!

Ederrak eta xarmagarriak izango dira agian, baina zein azkar txepeltzen diren! Gizonen edertasunak eta xarmak espermatozoide baten biziraupenik baino ez du.

Zertarako arrak?

FILOSOFO OHIA