Welcome to the jungle!
Welcome to the jungle –
Ihes egin nuen guzti horrengandik, at, eskapo. Ez dago arrazoi argi bat baina inkontzienteki, ixilpean, emeki-emeki eta inor konturatu ez zedin zaratarik ñimiñoenak ekidinez, desagertu egin nintzen.
Nola?
Arnasarik hartu gabe, ur-azalean ez agertzeko edo. Begiak gogor gogor itxita inork ni ez ikusteko. Belarriak erne ordea, tente tente, norbait bila bazetorren begiak lehen baino estuago ixteko. Baina gutxi irtengo dira desagertutakoaren bila. Nekez. Guztiz kontrakoa, arduratu beharrean, haserretu egingo dira joan delako.
Ez nintzen ni sentitzen han, ezta han sentitzen bertan nengoenean. Ezabatzen joan nintzen apurka apurka, geroz eta txikiago askoren ahotan. Baliogabe hitz apainduetan. Bertan ez bazaude ez zara inor, eta bertara ez bazoaz traidorea zara. Berba eder eta jatorrak joanean, lepoak, ordea, etorrian. Eta buelta, berriro ere errealitatera, baina errealitate zintzora behintzat.
Nola lortu denok pozik egotea?
Welcome to the jungle erantzun zidan harek, errealitatera erori nintzen, danba! Bizirauteko begiak irekita izan behar direla adierazi nahi izan zidan, errealitateaz jabetu nadin, ipuinetatik irteteko, min ematen badu ere. Ireki nituen bai, zabal zabal, eta gauza gehiegi ikusi. Hor ez dago aukeratzerik, ez dago filtrorik, ezta zapping egiterik ere. Edo dena ikusi edo desagertu.
Min ematen du hasieran, ez gatzak zaurietan bezain beste, ate batekin atzamar bat harrapatzearen antzeko sentsazioa da: momentuan izugarrizko berotasuna sentitzen da, apurka otzanduz doana, egun batzuk irauten du ondoezak, eta gero lantzean behin dator kurik egitera, trauma tankeran. Baina momentu batetik aurrera, gogorrago sentiarazten dizu. Eta listo, osatuta.
Bide ezberdina hartzen duena isolatua izan ohi da, liderra jarraitzen ez duena arraroa, baztertua. Denek egiten dutena egiten ez duena ardi beltza da. Baina ez al dago norbere iritzi eta sinesmenak izan eta elkarbanatzea baino gauza ederragorik? Horretan datza, bada, nortasunak, nor bakoitzak nolakotasun bat izatean, baina ezin gara denok pozik egon, beraz, zentzuzkoena norberaren poztasuna bilatzea...
Bakoitzak bere bideari ekin behar diola konturatu nintzen desagertu nintzenean, inori ez ezeri lotu gabe, nahi duzun horren edo horien alboan, eta ez egoera, odol edota kokapenak ezarritako harreman pozoitsuetan murgildu. Pozik eta ahalik eta buruko minik txikienekin bizi.
Norbera izan.
Eta kito.