Laga diezaiogun barkamena eskatzeari euskaraz jarduteagatik

Laga diezaiogun barkamena eskatzeari euskaraz jarduteagatik –
Leire Narbaizak Info7 irratiko Gureaz Blai saioko Egin Kontu (audioa) atalerako idatzitako sarrera interesgarri bat dakargu, Kalamuatik Txargainera blogetik jasoa (testua), sarriegi jazoten den jokamolde bat abiapuntu hartuta, “barkamena eskatzea euskaraz jarduteagatik”.
Laga diezaiogun barkamena eskatzeari euskaraz jarduteagatik“La película Richard la cigüeña (Richard zikoina) solo la proyectamos en euskera. Disculpen las molestias”. Hala zioen twitterren ikusitako argazkiak. Txiolariak zehaztu zuen: 20 pelikulatatik bakarra euskaraz ta hau irakurri beharra… nun ta Usurbilen.

Hara! Barkamena eskatu behar umeendako film bat euskaraz baino ez delako eskainiko, beste 19ak gaztelania hutsean emango direnean.

Uste dut Euskalduna jauregiko webean ere antzeko zerbait gertatu izan zitzaidala. Uste diot ezin izan dudalako berretsi, hemendik eta uztailera arte ez dagoelako ezer euskaraz! Ikaragarria! Bada, kontua da, sarrera erosterakoan euskarazko orrian ibili arren, euskarazko ikuskizunaren gainean ohar bat zegoela: Adi, euskaraz!. Ez nuen ikusi “adi, gaztelaniaz” inongo lanetan.

Etb2n ere inoiz nahastu eta Teleberrian euskarazko audioak ihes egin die; eta konturatu bezain laster, eten dute modu txarrean eta barkamena eskatu digute.

Norbanakook ere hala gabiltza. Norbaitengana jo euskaraz, ez dakiela erantzun hark eta sarriegitan esaten dugu “perdona”. 

Hala gabiltza euskaldunok barkamena eskatzen euskaraz dihardugunean. Mina emango bagenu moduan. Beti hanka-puntetan ibiltzen gara, tentuz, inor mindu barik, badaezpada ere.

Konplexuz betetako hiztun komunitatea gara, gainetik kendu ez dugunok mende luzeetako errepresio linguistikoa, hizkuntza ezdeusa berba egitearen errua, zama. Beti gutxitu, txiki, morroi, otzan, jator. Inkontzientean sartuegi ditugu historikoki eman dizkiguten astinduak.

Argi daukat ez diogula bueltarik emango egoera linguistikoari bularra harrotzen ez badugu, oilartzen ez bagara. Inkontzientean instalatuta dauzkagun aurreiritzi horiei jarki egiten ez badiegu. Esango nuke lotsabakoago jokatu beharko genukeela, kale erditik ibili, espazioa okupatu. Nor bagarela adierazi. Armairutik irten, aldarrikatu lau haizeetara, barkamen eske barik. Morroi izateari laga, eta ugazaba jokatu. Jaubie Lez!

Laga diezaiogun barkamena eskatzeari euskaraz jarduteagatik

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Laga diezaiogun barkamena eskatzeari euskaraz jarduteagatik”-ri buruz

  • Espainiako hizkuntza espainola da, ez gaztelera. Spanish, ez Castillian.

    Gauzak bere izenez hasten bagara deitzen jendea agian gure hizkuntza ez dela konturatuko zen. Baino beno, urteak dira “euskal herrian euskaraz” jartzen duen kartelik ikusi ez dudanik.

    Jendeak hemen espainola gero eta gehiago erabiltzen du (eta alderdi politikoena erabat lotsagarria da), ez da kasualitatea independentzia nahi dugunok gero eta gutxiago izatea, erabat erlazionatuta baitaude. Ama hizkuntza espainol edo frantsesa dutenek, zein kultura uste duzue daukatela errotuta beren baitan?

    Katalanek ondo ulertu dute hain sinplea den gauza hau, euskal herrian bizi direnek ordea…