EHGAM: "Gizarte honetan pairatzen dugun bazterketa borrokatu eta erreferente positiboak lantzen saiatzen gara"

Argitaratu berri den lan batek nabarmena zena bermatu du, beste behin ere: itzelezko homofobia dagoela ikastetxeetan. Horren aurrean, gaia zentroetan landu, gaiok literarioki jorratzen dituzten gazteei laguntza eman eta dibulgaziorako materiala lortzea dira Madelon literatur lehiaketaren funtsak.

Lehiaketaren gaia librea izango da, baldintza bakar batekin: gay, lesbiana, bisexual, transexual edo beste edozein motako harreman afektiboak isla ditzala. Bigarren edizio honek bi kategoria izango ditu, bata 14 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat eta bestea 18 urtetik 25 arteko gazteentzat. Euskaraz zein gazteleraz aurkeztu ahal izango dira lanak eta epea urriaren 31an amaituko da. Jendea anima dadin, bi sari aitortuko dira. Edonola, informazio zehatzagoa eskuratuko duzu lehiaketaren oinarrietan.

Euskal Herriko Gay Askapenerako Mungimenduaren asmoa, sexu aniztasuna jorratzeko beste ekimen bat eskaintzea da, bisibilitatea eta sentsibilizazioa bultzatuz, askatasuna eta dibertsitate afektibo-sexualaren alde eginez, betiere. “Gizarte honetan pairatzen dugun bazterketa borrokatu eta erreferente positiboak lantzen saiatzen den ekimena da gurea. Bi helburu horiek ezinbestekoak dira nerabe eta gazteentzat, gay, lesbiana eta transexual bezala, babes falta gehien dutenak baitira”, azaldu digute EHGAM Gipuzkoako kideek.

 

MzI1Mg==

Irudia | Madelon Sariak 2010 | EHGAM | Creative Commons By SA

kazetaria-edo