Isolamendu kapsula
Isolamendu kapsula
Hilabete igaro da Arabako Bertsolari Txapelketa jokatu zenetik. Manex Agirrek finalaren biharamunean txapeldunak esandakotik esaldi batean jarri zuen arreta, jatorriz Info7 irratiko Gureaz Blai saiorako sortu eta salabardoak Alean aurkitu duen sarrera honetan.
Oso gertuko dut Oihane Perea, bertsokidea, laguna, bide-erakuslea. Bada, apirilaren 1ean Arabako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen (edo “zigun”, kiroltasunez hitz egin behar baldin bada), eta, handik bizpahiru egunetara Berria egunkarian argitaratu zen elkarrizketan, txapela irabazi zuela jakin zuen unean, seguru asko buruz burukoan bakarka hautatu zuen bideagatik, bere buruari honela esan ziola dator jasota: “La que he liado”.
Esapide naturala, edozeinek esateko modukoa, baina ai, gaztelaniaz esandakoa, eta Ane Zuazubiskar kazetariak nire ustez azertu handiz hitzez hitz eta jatorrizko hizkuntzan jasotakoa, sortutako eta Oihanek elkarrizketan emandako hizkuntza berean.
Niri, irakurri nuenean, ez zidan arreta handirik deitu, nahiz eta ez den ohikoena Berrian gaztelaniazko zitak sartzea, eta, egia esan, gure burbuila linguistikoaren barruan, ez du, nik dakidala, oihartzun handirik izan, twitterren aurkitu dudan erreferentzia azalekoren batetik aparte. Baina, perbertsio-zalea banaizenez, hasi naiz plazerik handiena ematen digun bizioari ematen, hau da, transformismoa praktikatzen, eta saiatu naiz elkarrizketa hori irakurriko lukeen perfil zehatz bateko euskaldunaren buru barruan sartzen, eta oi, uste baino errazago jarri dut nire burua honelakoak esaten: “nola liteke, bertsolaria izanda, eta nahiz eta arabarra izan, oraindik ere zure buruarekin gaztelaniaz aritzea, horrek zera esan nahi du, galbidean goazela, hau dena pikutara doala, euskalduna baita bere buruari euskaraz hitz egiten diona, eta une horretan tokatzen dena ez da “la que he liado”, “hau da nahastea sortu dudana” edo pareko zerbait baizik”.
Tira, ba nik diot, ez dagoela Oihane Perearen ibilbide linguistikoa ezagutu beharrik halako iritzidun jendeak begirada murritza duela jakiteko, eta hobe duela ezagutzea euskarak bere lurralde osoan duen permeabilitatea, eta ertzak dauden lekuan daudela nahasmenduak, eta ez dutela zertan derrigorrez txar-txarrak izan, eta hartu behar ditugula naturaltasunez, eta berreuskalduntze-prozesuak ez direla zerotik hasten, eta zulatu dezala bere isolamendu-kapsula, on egingo diola. Baina isil nadin, hau dena, lehentxeago esan bezala, perbertsio bat baita, eta seguru asko ez baitago horrela pentsatzen duen jenderik, eta dena baita hizketan ari den honen “ida de olla” bat.