Literaturia, gure isla da

Literaturia, gure isla da

Zarautzek hirugarren urtez jasoko du Literaturia, udaberriko letren jaialdia, maiatzaren 25etik 28ra.

“Askotan gertatzen da, irakurtzen hasi eta zeure burua deskubritzen duzu bapatean, esaldiren batean, pasarteren batean… konturatzen ez zinen alderdiren bat deskubritzen duzu. Eta Literaturiako egun horietan ere, jendeari eman nahiko genioke bere burua ezagutzeko aitzakiaren bat, ordura arte ezagutzen ez zuten alderdi hori”. Hauxe da Ana Galarragak Donostiako Kaxilda liburudendan agertu zuen asmoa. Bertan aurkeztu zuten Literaturia atzo, Irati Jimenez eta Pettiren partaidetzarekin gozo hasi zen ekitaldian.

Ispiluak gai eta “Gure isla da” lelo izango dituen Literaturia letren plazarako propio prestatuta duten “Nigan, ispilu batean bezala” ikuskizunaren lagin bat aurkeztu zuten Jimenez eta Pettik. Izan ere, hauxe da jaialdiko ezaugarri nagusietako bat, elkarlan bereziak eta espreski sortutako ikuskizunak taularatzea, estreinaldiak asko.

.

Triangelu bat ispilu jolaserako

Hiru gune nagusi izango ditu Literaturiak. Ikuskizun nagusiak taularatuko dituen Modelo aretoa baga, liburu aurkezpenak jasoko dituen Garoa liburudenda biga, eta haurren txokoa kokaleku izango duen Musika Plaza higa.

Modelo aretotik pasako direnen artean izango dira Bea Salaberri, Katixa Dolhare, Bihotz Bakartien Kluba, Huts Teatroa, Manex Agirre, Gaizka Amondarain, Lou Topet, Iban Zaldua, Miren Gorrotxategi, Fito Rodriguez, Ramon Agirre, Amagoia Gurrutxaga, Ainara Lasa, Lorea Agirre, Josu Landa…

Garoan aurkeztuko diren liburuetako batzuk dira “Maite ditut maite”, “Argi estalia”, “Koadernoa Zuri”, “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama”, Kaosaren ederra”, “Surflaria eta paradisua”; 2017ko udaberrian plazaratuak, bakoitzak egilea ondoan duela.

.

Jon Braunen Tipia

Galarragarekin batera Ibai Ferrerak eman zituen aurtengo jaialdiari buruzko xehetasunak. Bere esanetan, “haurren gunea da aurtengo berrikuntza nagusia, konturatuak baikeunden hutsune bat genuela hor”. Guneak egitarau zabala izango du eta Musika Plazan kokatuko dute, Jon Braunen Tipia izenarekin, Imanol Urbietari omenaldi legez. “Helburua, literatura den suaren inguruan ahalik eta indio txiki gehien dantzan jartzea”, eta irakurzaletasuna bultzatzea, gozamenez.

Egitarau oparoaz aparte -aukeratu beharra izango da, fisikoki ekitaldi guztietara joaterik ez baita izango-, literatura zale eta idazleen arteko topagune ere izan nahi duen Literaturiak atzo aurkeztu zuen aurtengo bideoa ere, duela bi aste argitaratua zuen teaserraren ondotik.

Ikus-entzunezkoetan genero fantastikora hurbiltzeko joera du Literaturiak, eta halakoxea da Iraia Elias protagonista duen aurtengo “Isla Hadi” lana ere, Hiru Damatxo ekoiztetxeko mutilek egina.

Literaturia, gure isla daLiteraturia, gure isla da
ispiluak, literatura, literaturia, Zarautz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude