[Nor zen?] Joseba Elosegi
[Nor zen?] Joseba Elosegi –
Joseba Elosegi Odriozola (Donostia, 1915-1990) eusko gudaria eta politikari abertzalea izan zen.
Donostian merkataritza-peritu izateko ikasketak burutu zituen, eta Parisen Arte Ederrak. 1936an borrokan aritu zen Eusko Gudarostean. Etxebarriako Urko mendian zebilela, Gernikako bonbardaketa ikusi zuen. Italiarrek Santoñako hitzarmena hautsi zutenerako Saseta Batailoiaren kapitaina zen, eta frankistek Elosegi Castro Urdialeseko Barquin eskolan zuten preso. Heriotza zigorra ezarri zioten baina, El Duesoko espetxean zegoela, frankistek beste preso batzuen truke aldatu zuten. Halaxe, 1938ko urtarrilaren 20an Katalunia aldera joan zen, eta komandante-graduarekin Armadaren 44. Dibisioaren barnean Ebroko guduan eta Kataluniako ofentsiban parte hartu zuen. Gerra ondoren Lapurdira joan zen bizitzera.
1942ko otsailean, Hegoaldera itzuli zen, barnealdeko erresistentziari laguntzeko. 1946ko uztailaren 18an Guardia Zibilak harrapatu zuen Artzain Onaren katedralean ikurrina jartzeagatik. Egun batzuk geroago, libre irten bezain laster, Lapurdira ihes egin zuen. Itzuli eta 1950eko uztailaren 18an berriro atxilotu zuten. Joan-etorriak 1964an bukatu ziren.
1970eko irailaren 19an, Donostiako Atano III.a pilotalekuan (garai hartan Anoeta pilotalekua zen), Francisco Franco Munduko Pilota Txapelketako partida bat ikusten ari zela, Elosegik bere buruari su eman zion eta bigarren galeriatik kantxara jauzi egin zuen, «Gora Euskadi askatuta» oihu eginez.
Hamazazpi egun izan zen hilzorian, eta zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Presondegian zegoela, Quiero morir por algo liburua idatzi zuen.
1977ko uztaileko hauteskundeetan diputatu aurkeztu zen EAJren zerrendetan, baina ez zuen kargua lortu. Hala ere, senatari izendatu zuten 1979, 1982 eta 1986ko legealdietan.
1984ko ekainaren 6an Madrilgo Armadaren Museotik Itxarkundia batailoiaren ikurrina ostu zuen. Ikurrina “enseñas del bando republicano durante la guerra de liberación” (askapen gerrako errepublikaren bandoaren ikurriak) taldearen barnean erakusten zuten. Senataria ezin izan zuten epaitu.
1986ko EAJren zatiketan Eusko Alkartasunera pasa zen. Bihotzekoak jota hil zen.
Bi dokumental grabatu dituzte berari buruz: 1971n Jeremy Wallingtonek The Man at The Window (Gizona leihoan) izenekoa grabatu zuen Granada Televisionentzat, eta 1979an Pedro Oleak Ikuska 2rako elkarrizketatu zuen.
Etxamendi eta Larraldek abesti bat eskaini zioten Elosegiri frontoiko ekintza egin eta gero.
Ezberdintasun politikoak gorabehera, miresgarria gizon honen kemena eta ekintzarako prestutasuna. Hitzontzi-teoriko gutxiago eta horrelako pertsona gehiago behar ditu gure herriak biziko bada