Asteko zinema estreinaldien errepasoa

Asteko zinema estreinaldien errepasoa –

Estreinaldiak: Apirilak 21

Asteko zinema estreinaldien errepasoa

Egilea: Maialen Goñi

.

Stefan Zweig: Farewell to Europe

Stefan Zweig intelektual austriarrak erbestean egindako urteen inguruko biopic-a, Maria Schrader aktore eta zinegile alemaniarraren gidaritzapean. Judutarra izaki, sorterritik alde egin behar izan zuen nazien errepresioagatik, eta Parisen eta Londresen gorde zen, azkenik, emaztearekin Brasilera ihes egin zuen arte. Bertan bere buruaz beste egin zuen 1942an, nazismoa mundu osora hedatuko zen beldur zelako.

.

Ucitelka (La profesora)

Gutxi dira Eslovakiatik gureraino heltzen diren filmak, baina Jan Hrebejken drama hainbat euskal aretotan izango da ikusgai bihartik aurrera. Filmeko protagonista Maria Drazdechova (Zuzana Mauréry) irakaslea da. Bratislavako auzo behartsu bateko eskolara bidaliko dute lanera, baina gazteek, haien gurasoek eta eskolako arduradunek ez dute begi onez ikusiko, eta bertatik bidali nahiko dute. Irakasleak Alderdi Komunistarekin dituen lotura estuek, ordea, haien asmoak zapuztuko dituzte.

.

John Wick: Chapter Two (John Wick: Pacto de sangre)

Keany Reeves, ostera, John Wick hiltzailearen azalean sartu da Chad Stahleskik zuzendutako akziozko film berrian. Aspaldi egindako odolezko juramentu bat tarteko, erretiroa alboratu eta nazioarteko hiltzaile talde misteriotsu baten aurka borroka egin beharko du. Horretarako, Erromara joango da, adrenalinaz eta sorpresaz beteriko bidaia arriskutsu batean. Riccardo Scamarcio, Bridget Moynahan eta Ruby Rose bezalako aktoreek ere egin dute bat proiektuarekin.

.

Ma Loute (La alta sociedad)

Canesko zinema jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu zen iaz Bruno Dumonten komedia dramatikoa. Surrealismoa eta umore beltza uztartzen dituen proposamena 1910eko hamarkadan girotuta dago, Frantzia iparraldeko kostan. Bertan bizi da Ma Loute gaztea, arrantzale familia bateko seme zaharrena, eta bertara etortzen da, baita ere, Van Peteghem familia burgesa, uda igarotzera. Bada, Machin eta Malfoy inspektoreak hainbat lagunen desagertzeak ikertzen ariko dira inguru horretan, eta bi familiei buruzko susmoak izango dituzte. Sevillako zinema jaialdian film onenaren eta emakumezko aktore onenaren (Raph) sariak jaso zituen, eta Frantziako Cesar sari ezagunak eskuratzeko hautagaia izan zen bederatzi kategoriatan.

.

The Space Between Us (Un espacio entre nosotros)

Zientzia fikzioa, nerabezaroa eta maitasun istorio erromantiko bat; hiru osagaiek bat egin dute The Space Between Us berezian. Astronauta talde bat Martera joango da, eta kideetako batek bertan erdituko du. Haurrak ezin du itzulerako bidaia egin pixka bat koxkortu arte, eta bertan heziko dute. Hamasei urterekin itzuliko da Lurrera, eta gaztearen helburua Internet bidez ezagutu duen neskarekin elkartzea izango da. Tim Burtonen Miss Peregrine’s Home for Peculiar Children (2016) filmaren bidez ezagun egin den Asa Butterfield aktorea eta Britt Robertsonek antzeztu dituzte pertsonaia nagusiak, Peter Chelsom zuzendariaren aginduetara.

 

Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!

Asteko zinema estreinaldien errepasoa

Euskal pantailaren gunea