Hiritarren %61 eremu publiko itxietan erretzea debekatzearen alde EAEn

Drogamenpekotasunen euskal legea tabakoaren kontsumoari dagokionean eraldatzeari buruzko ikerketa bat burutu zuen Eusko Jaurlaritzak joan de uztailean. 18 urte edo gehiagoko 1200 elkarrizketa egin zituzten guztira: 320 Araban, 400 Gipuzkoan eta 480 Bizkaian.

Ikerketaren datuen arabera, galdetutakoen %22ak egunero erretzen du edo egunero erre izan du eta %46ak ez du erretzea sekula ohituratzat izan. Egunero erretzen dutenen %69k erretzeari utzi nahiko lioketela aitortzen dute, %26ak ideia hori zeharo arbuiatzen duen bitartean.

MzEyOA==

Lan eremuetan eta eremu publikoetan tabakoa debekatzeari buruz galdetuta, %53 jatetxeetan erretzea debekatzearen “guztiz alde” daude, eta %15 guztiz aurka. Taberna, kafetegi, pub eta diskotekei dagokienean, %8 jaisten da neurriaren alde daudenen kopurua. Honela, galdetutakoen %45ak dio neurriaren alde dagoela, aurkakoen kopurua %19koa den bitartean. Lantokietan aldiz %7a baino ez da tabakoa debekatzearen aurka ageri, neurriaren alde dauden %67aren aurrean.

Egun indarrean dagoen legea onartu zenean polemika gehien sortu zuen eremuetako bat frontoiak izan ziren. Kasu honetan, Jaurlaritzaren inkestaren datuen arabera EAEko biztanleen ia erdia, %49a, frontoietan erretzea debekatzearen “guztiz alde” dago eta %15 “guztiz aurka”.

Galdera orokortuta, %61a eremu publiko itxietan erretzea debekatzearen alde dago, jatetxe eta 100 metro koadro baino gutxiagoko tabernak barne, eta %34a aurka.

Irudia | Hamarretik sei debekuaren alde leudeke | joseeivissa | Creative Commons By SA