'80 egunean' Donostiako Hiria Sarirako hautagai

Film Commission Donostiako Hiria Sarirako hautagaia izendatu du Donostiako Sustapenak 80 egunean, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filma. Beste bi luzemetrairekin lehiatuko da: Emilio Aragonek zuzendutako Pájaros de papel eta Felix Sabrosoren eta Dunia Ayasoren La isla interiorrekin. 

MzEwNg==

Irailaren 17tik 25era ospatuko den Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 58. edizioa bitartean emango dute ezagutzera zinta irabazlea. “Hirietako paisai, Kultura eta balore sozialak hobekien erakusten dituen zinta” saritu nahi du duela sei urte sortutako Film Commission Donostiako Hiria Golardoak.

Zinemaren munduko izen ezagunez osatuta dago epaimahaia: Michel Gaztambide Vacas eta La Caja 507 pelikulen gidoigilea, Juan Manuel de Prada idazlea eta Maria Botto eta Alexandra Jimenez aktoreak. Azken urteetan, Tres días con la familia, Pradolongo, Alatriste, La leyenda del tiempo eta En la ciudad filmeek jaso dute golardoa.

Film saridunak aipamen bikoitza lortuko du: 12.000 euroko sari ekonomikoa eta  Zinemaldiaren Made in Spain atalean proiektatzea. Eta 80 Egunean ikusi ez baduzu, zu ere izango zara saridun, film eder hau pantaila handian ikusteko bigarren aukera izango baituzu. Ederra, goxoa, sakona, arina, tristea eta alaia da, besteak beste, Arantza San Sebastianen iritziz.

 

Irudia | 80 egunean | Jose Mari Goenaga, Jon Garaño | Creative Commons By SA

kazetaria-edo