Altsasuko gurasoak

Altsasuko gurasoak

Altsasuko gurasoak

“Altsasuko taberna batean gertaturiko liskarraren ondorioz” semeak auzipetuta dituzten gurasoek, www.altsasugurasoak.com ataria sortu dute, “kasuaren inguruko datu eta informazio guztia zabaltzeko eta jaso dugun elkartasun guztia biltzeko asmoz”.

Kasuaren inguruko dokumentazioa eta kronologia aurkezteaz gain, atariak gazteei babesa agertu eta bertan eskegi duten manifestua sinatzera deitu ditu herritarrak. Hemen duzuen hauxe:

.

MANIFESTUA

Iragan urriaren 15ean, ordu txikitan, Altsasuko taberna batean jazo ziren gertaerak direla medio, herriko hamaika gazteri terrorismo-ekintza egotzi diete, horietako zazpi behin-behinean espetxeratuak izan direlarik. Hilabete pasa eta gero, horietako lau gazte karguekin askatu dituzte eta beste hiruk kartzelan segitzen dute. Elkarbizitza, askatasuna eta justiziarekiko konpromisoarengatik, giza-eskubideekiko errespetuarengatik eta Zuzenbide-Estatuaren printzipioengatik, dokumentu hau sinatzen dugunok gure kezka adierazi nahi dugu kasua garatzen ari den moduarengatik.

Oinarritzat jotzen dugu jendarteak, instituzioetako ordezkariek, hedabideek eta sistema judizialak zuhurtasun, inpartzialtasun eta proportzionaltsun irizpideen arabera jokatzea. Errespetua zor diogu errugabetasun-presuntzioari eta, horregatik, gure kezka agertu nahi dugu gazteen identitatea argitaratu izanagatik, horietako bi adin txikikoak izanik, eta atxiloketak gauzatu diren moduarengatik ere: agindu judizialik gabe eta ordu eta leku publikoetan, nahiz eta aurretik beren kabuz deklaratzera aurkeztu ziren. Epaile naturala ukatu zaie eta, jurista entzutetsuek azpimarratu duten bezala, berme prozesalak (defentsa-eskubidea, norbanakoaren ardura, interpretazio ez estentsiboa, proportzionaltasuna, bidegabekeria-eza…) zalantzatan geratu dira.

Gure kezka azaldu nahi dugu, era berean, gertaerak terrorismo delitutzat judizialki izendatzeagatik. Proportzionaltasun-faltak eta interpretazio estentsiboak urratzen dute askatasuna, berme prozesala eta herritar guztiok babestu behar gaituen segurtasun juridikoa. Hori dela eta, nabarmendu nahi dugu Foruzaingoak eta Guardia Zibilak idatzitako lehenengo txostenek ezeztatu eta errefusatu egin dutela gertaerak terrorismo-delitutzat kalifikatzea.

Terrorismo-ekintzatzat hartuz gero, 10-15 kartzela zigorra legokieke gazte hauei, erailketa delituari dagokion zigorraldia beraz, eta hori ez dator bat mediku agirietan adierazten diren lesioen larritasun mailarekin. Nabarmendu beharra dugu gehiegizko zigor horiek betetzeak gazteei ekarriko lieken konpondu ezinezko kaltea. Azpimarratu beharra dugu behin-behineko kartzelaldia salbuespenezko kautelazko neurria dela. Kezkagarria da aipaturiko neurria gazte horiei ezartzea, behin baino gehiagotan, eta beren borondatez, epaitegietan aurkeztu direlako, deklaratzeko prest. Ulertzen dugu familiek sentitzen duten babesik eta defentsiorik eza.

Bestaldetik, gertaerak izan zirenetik hedabideek neurriz gaindi jorratu dute gaia eta Altsasuko herriaren errealitatearekin bat ez datorren irudia eman dute. Oso kaltegarria izan da, eta ez dio elkarbizitzari mesederik egiten.

Horregatik guztiarengatik, eskatzen dugu proportzionaltasunaren, justiziaren eta ekitatearen printzipioak gailen daitezen eta galdegiten dugu terrorismo-delituaren kalifikazioa ezabatzeko, eskumena Iruñeko 3. Instrukzio-epaitegiari bueltatzeko eta, ondorioz, zazpi gazteak aske uzteko.

Aldi berean, agintari eskudunei eskatzen diegu (Fiskaltza Nagusia, Auzitegi Nazionala eta Nafarroako Probintzia-Auzitegia) norabide berean birplanteatu dezatela beren jarduna, eta Herri-administrazio, hedabide, gizarte eta politika-eragile eta jendarteari ere eskakizun hauek bete ditzatela.

Altsasuko gurasoak

.

Altsasuko gurasoak