Ondarroa 12 mila

Ondarroa 12 mila

Ondarroa 12 milaPasa den astean urpeko mendiak arraste sareekin nola ustiatzen dituzten izan nuen aipagai, eta zazpi itsasoetatik Kantaurira hurbildu eta hemengoaz hitz egitea tokatzen da oraingoan. 

Arrantzak garrantzi handia izan du Euskal Herriaren historian, bai kostan eta bai barnealdean. Pasa den igandean ikusi genuen “Herri txiki, infernu handi” programan Oionen bakailaoa lehortzen zutela, eta Araban “ardoaren eta arrainaren bidea” ere bazegoen; Gipuzkoan sagardoarena bezala. Ezkioko Igartubeiti baserria bisitatzeko gonbitea luzatzen dizuet, oso ondo azaltzen baitute XVI. mendeko barnealdeko baserri batek itsasoarekin eta bere ekonomiarekin zeukan harremana. Antzinatik, arrantza elikagaien, lanpostuen eta irabazi ekonomikoen iturri garrantzitsua izan da jarduera horri lotuta daudenentzat, zeharka edota zuzenean. Askotan jabetu ez arren, egurra energia iturri berriztagarri bat da, baso politika arduratsu eta jasangarri bat aplikatuz gero; hein berean, arrantza ere elikagai iturri berriztagarria da. Baina arrantza edo basogintza modu itogarrian ustiatuz gero, agerian geratzen da berriztagarri eta agortezin hitzek ez dutela zertan izan sinonimo.

Hainbat arrain populazio gehiegi arrantzatu da: EBeko uretako populazioen % 88-a Gehienezko Etekin Jasangarriaren mailatik gora ari dira ustiatzen, Ipar Atlantikoko populazioen % 48-a gain ustiatuta dago, eta populazio horien % 30-a seguritate-muga biologikoaren azpitik aurkitzen da. Bizkaiko Golkoa eta euskal kostaldea ez daude egoera honetatik salbu. Azken hamarkadan, antxoa, zapoa, legatza, … eta antzeko espezieak egoera kritikoan daude, populazioak berreskuratzeko arazoekin. Bisigua, papardoa eta beste hainbat espezie, berriz, desagertu egin dira.

Ondarroa 12 mila
Orion harrapatutako azken balea (1901)

Mendeetan zehar euskal arrantzale gehienentzat arrantza-kalak izan diren Bizkaiko Golkoa eta euskal kostaldeko kontinente-plataforma bioaniztasun handiko guneak dira, arrantzarako ezinbestekoak izan diren hainbat espezieen erreklutamendu guneak, habitatak eta arrautzak erruteko lekuak. Cap Bretongo fosa, esaterako, Ipar eta Hegoan dituen itsaslabarrekin, bizitza-iturri oso garrantzitsua da, hainbat kalen jatorria: Ixkote, Erreka, Gaztelu, Garro, Plaiasun, Xantamo, Apo….

Hori dela eta abiatu zuten “Ondarroa 12 milla” ekimena hainbat arrantzalek, duela bost urte inguru. Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan otzararekin, tretzarekin, palangreekin, pintxoarekin, sare txikiarekin, kazean, eskuko tresnekin eta orokorrean itsas bazterreko ustiapen-moduak erabiltzen dituzten itsasontzietako arrantzale dira. Eskaera zehatz batzuk plazaratu zizkioten gizarteari, Administrazio eta instituzio ezberdinei, Kofradiak, Udalak, Foru Aldundiak eta Jaurlaritza kasu:


Ondarroa 12 mila
Lekeitioko arrantzaleak Donostian (1917)

1. Frantziar estatuak eta Kantabriak mugatzen dituzten barruko uren kostaldeko eremua erregulatu eta antolatzea. Kutsadura, azpiegiturak, dragatzeak, eta hazkuntza-lekuak kontrolatzea, eta barruko uretan tresna ezberdinekin dabiltzan itsasontziek araudia betetzen dutela kontrolatzea.

2. Barruko uretan inguruketa-sareak debekatzea, eta karnata biziaren arrantza arautzea.

3. Aisialdiko Itsas Arrantzaren Araudia berrikusi eta eguneratzea, eta arrantza-mota honek eragiten duen intrusismoa eta konpetentzia desagerrarazteko kontrol zorrotza.

4. Artisau erako metodoen bidez harrapatutako espezieen salerosketarako erraztasunak jartzea errentagarritasuna handitzeko, eta espezi hauek etiketa bidez identifikatzea erosleak ondo ezberdintzeko moduan.

5. Madrileko Gobernuarekin harremanetan jartzea 12 milia bitartean dauden barruko uretarako eskuduntzak eskuratzeko, arraste-arratza hondokoa zein pelagikoa bezalako arrantza-modu predatzaileak debekatu eta inguruketa-sareak arautzea.

6. Artisau-flotaren definizioa, tresna sostengarriak (tresna txikiak) erabiltzen duten itsasontzien zerrendan dauden itsasontziek egiten dituzten harrapaketen baitan egitea, nahiz eta itsasontzi hauek 12 metro baino luzeagoak izan. Eta hauek ingurumenaren eta gizartearen sostengarritasunaren alde egiten duten apustuaren ordainetan, arrantza-baliabideekiko lehentasuna izatea.

7. Arraste-erako arrantzak eremu horretako bioaniztasunaren galeran izan duen erantzukizunaren ebaluazio zientifikoa egitea. Halaber, proposatu diren alternatiben azterketa zientifikoa egitea kala tradizionalak leheneratzeko aukerarik eskaintzen duten ikusteko. Horrela baino ez baita bermatuko etorkizun sostengarria kontinente-plataforman.

Ondarroa 12 mila

*Iturriak: Wikipedia eta Ondarroa12
Ondarroa 12 mila Ondarroa 12 mila

 

 

arrantza, arrantza tradizionala, Bizkaia, Ekonomia, euskal kosta, Gipuzkoa, jasangarritasuna, kostaldea, Lapurdi, lehen sektorea, ondarroa, Ondarroa 12 mila
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Zer duzu buruan “Ondarroa 12 mila”-ri buruz

  • Oso ondo dago guzti hori eskatzea, baina intrusismoaz hitz egiten duten horiek dira hainbat langile zamaketari bezala kontratu gabe dituztenak, arrainaren prezioa gehiegi ez igotzeko arrantzatutako arraina botatzen dutenak; edo hainbat urtetan sekulako dirutzak beltzean irabazi dutenak. Eskatu bai, baina norberari dagokiona bete ere bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude