PKK negoziazioen truke armak uzteko prest

“Gatazka bide demokratikoetatik eta negoziazioaren bidez konpontzen bada, guk armak alde batera utziko ditugu, bai. Ez dugu armarik eramango”. Horrela mintzatu da Murat Karayilan, Ocalan kartzeleratu zutenetik PKKko liderra dena, Hegoaldeko Kurdistanen (Iraken menpeko lurraldea) BBCri eskainitako elkarrizketan. Talde errebeldea prest dago armak uzteko Nazio Batuen ikuskapenarekin, beti ere Turkiak hainbat baldintza betetzen baditu. PKKko buruzagiak, zibilen aurkako erasoak amaitzeko eta kurduen aurkako atxiloketak bertan behera uzteko eskatu dio Erdogani. Beraz, eskubide kultural eta politiko gehiago eman beharko dizkio Ankarak herri kurduari 26 urtez luzatu den gatazkaren konponbideari atea irekitzeko. 2009ko abenduaren 11an DTP alderdi kurdua legez kanpo utzi zutenetik, aunitz izan dira zio politikoengatik egindako atxiloketak.

Turkiak baldintzak bete ezean, hau da, gatazka bide demokratikoetatik eta negoziazioaren bidez konpontzeko borondaterik erakusten ez badu, PKK ez da besoak gurutzaturik geratuko: “independentzia aldarrikatuko dugu”.

Mjk1MA==

Turkiari ez zaio proposamena gustatu, baina ikusi beharko da zer gertatuko den aurrerantzean. Orain arte Ankarak ez du negoziatu nahi izan, PKKko gerrillariak “terroristak” direla argudiatuz. Are gehiago, proposamen honen aurrean, “terroristen deklarazioen inguruan” ez dutela hitz egiten azaldu zion Turkiako Gobernuko bozeramaile batek BBCri. Amerikako Estatu Batuek, Europar Batasunak eta Turkiak, talde terroristatzat dute Kurdistango Langileen Alderdia (PKK). 

Gatazka odoltsua

Abdula Ocalan kurduen buruzagiak (egun kartzelan) bake prozesuaren porrota iragarri zuenetik, areagotu egin da indarkeria. PKKk Hego Kurdistanen dituen kanpamenduak bonbardatu ditu Turkiak eta dozenaka soldadu hil dituzte gerrillari kurduek. Biek ala biek gerrillariei baizik ez dietela eraso egin esan dute, baina era berean zibilak hil izana leporatzen diote elkarri. Beraz, gatazka armatua gori-gorian delarik agertu dute su-etenerako nahia PKKko kideek.

Alde biko su-etena lortzekotan, 26 urtetan bakearen bidean emaniko urrats garrantzitsuena izan daiteke. Gatazka armatua hasi zenetik, 40.000 lagun hil dira turkiar eta kurduen arteko borroketan.

Irudia | Kurdistango parajeak | Larsa | Creative Commons By SA

BARDO GORRI NAFARRA