Bertso giroa Zarautzen

Gaur gaueko 22:00etan jarriko dute martxan Bertso Astea, Torre Luzeako parkean, bertso musikatuen saioarekin. Xabier Etxaberen gitarra, Imanol Etxeberriaren perkusioa eta Iñigo Manzisidor Mantxiren ahoko soinua lagun dituztela, herriko bertsolariek hamar bat bertso sorta kantatuko dituzte. Gainera, eta ekitaldira gerturatzen diren entzuleak giroan sartzen joan daitezen, bertso eskolako kideek kafea eta patxarana banatuko dute doan bertaratzen direnen artean.

Gaztetxoenei zuzenduriko eguna izango da biharkoa. Horretarako Ttinbili-Ttanbala antzerki taldearen Hiru, bi, zast… egizu jolas! bertso antzerkia antolatu dute Torre Luzean, arratsaldeko 19:00etan. Bertsozaletasuna belaunaldi berriei transmititzea da bertsoa, koplak eta txotxongiloak elkartzen dituen antzezlanaren helburua.

Mjg4Mw==

Bertso eguna

Hiru eguneko asteari amaiera emateko, egun osoko egitaraua osatu dute antolatzaileek aurtengo Bertso Egunerako. Hamaiketakoarekin hasiko dute eguna Torre Luzean. Bertso sorta bat banatuko dute bertan, hamaiketakoaz gozatzen duten bitartean guztien artean abesteko. Bertso poteoarekin emango diote jarraipena egunari, Bertso txapelketa martxan jartzen duten bitartean. Eguerdian Egoki jatetxean egingo duten bazkarian izendatuko dute aurtengo txapelketako irabazlea.

Irudia | Gaur hasiko da Zarauzko X. Bertso Astea | Manuel Marin | Creative Commons By SA