Udalbiltzaren aurkako epaiketa hasiko da gaur
Zazpi urteren buruan heldu da Udalbiltzaren aurkako epaiketaren eguna. Egun hauetan lanean ibili da babes taldea Euskal Herrian zein atzerrian. Orain, Auzitegi Nazionalaren erabakia zein den jakitea baizik ez da geratzen. 22 pertsona jarriko dira akusatuen eserlekuan ETArekin lotura dutelakoan eta 10 eta 20 urte bitarteko kartzela zigor eskaerak dituzte haien bizkarrean. Defentsak 140 lekuko proposatu bazituen ere, epaimahaiak 20 baizik ez ditu onartu.
Epaiketa gaur hasi eta bihar jarraituko du. Hilaren 22 eta 23an ere izan daitezke saioak eta irailean jarraituko du. Egunkaria auziarekin egin zuen bezala, Berria.info-k zuzenean emanen du Madrilen gertatutakoaren berri. Auzitegi Nazionalean izanen dira Berriako kazetariak eta auzipetuen deklarazioak ezagutzeko aukera emanen dute. Euskal Herriko alderdi eta sindikatu gehienek bat egin dute auzipetuekin eta auzia bertan behera uzteko eskatu dute. Bestelako alor sozial eta kulturaletatik ere babes handia lortu du Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarrak.