Errobi, urrearen hobi
Errobi, urrearen hobi
Errobiko hainbat herritan urrea esploratzeko proiektua isil samar dago, baina aitzina doa. Urtarrilaren 30az geroztik kontsulta publiko bat abiatu zuen Ekonomia eta Finantza Ministeritzak. Sudmine enpresari urrea esploratzeko parada emanen dion baimenari buruz bere iritzia plazaratu zezakeen edonork otsailaren 17a arte; ingurumenaren alde lan egiten duten elkarteek “abisatu gabe” abiatu dutela salatu dute. Horren kontra jotzeko mila pertsona baino gehiago mobilizatu ziren otsailaren 11n Ezpeletan. Eskualdeko kontseiluan “Kanboko baimenaren” aurkako mozio bat bozkatu zuten aho batez otsailaren 13an.
Stopmines EH elkarteak ere kontsultaren kontra jo du. Thierry Michelek “denak kontra daudela” nabarmendu du. “Denak, salbu Sudmine. Horrek, interes ekonomikoak gidatuta, urrezko mina bat atzeman nahi du”, gehitu du. Ezin izan dut informazioa zuzenean atera web honetatik, Bidasoari bizkarra emanda Republiqueari begira daudelako, web orria frantses hutsean jarrita.
“Kanboko baimena” deituriko eskakizunaren bidez Sudmine enpresak Ainhoa, Kanbo, Ezpeleta, Haltsu, Itsasu, Jatsu, Larresoro, Sara, Senpere, Zuraide eta Uztaritzen 126 kilometro karratuetan esploratzeko baimena eskatu zuen. Mobilizazioari anitz izan dira, eta jende asko sentsibilizatu.
Sudminek esplorazioak ingurumena errespetatuko duela ziurtatzen duen arren, elkarteen aburuz ingurumena eta meategiak ez dira bateragarriak. CADEko Martine Bouchete Salsigneko meategiaren kasua errepikatzeaz beldur da. Ikerketa batean oinarrituz, meategi ohitik datorren artsenikoa baiara kutsatzen duela dio. “Urrea dagoelarik, artsenikoa dago”, gehitu du.
Proiektuaren kontra diren elkarteek laborantzaren defentsari lehentasuna ematen diote. Sudminek, ildo horretatik, esploratuko lukeen urrea Euskal Herrian landuko lukeela argudiatu du: “eskualdean bitxiak ekoizteko”.
Euskal Elkargoa prioektuaren aurka posizionatu da, eta Jean-René Etchegaray lehendakariak, gutun baten bidez, “Kanboko baimenarekiko” duen iritzi ezkorra adierazi dio Michel Sapin Ekonomia eta Finantza ministroari. Arrazoi ugari daude: Lapurdi landa eremua eta mendiak, monumentu historikoak, zaindu beharreko ondasun arkeologikoa, Errobiko sare hidrografikoa, Kanboko ur termalak… Kanboko bainuetxean lagun ugari dabiltza lanean, eta Errobi aldean 300 laborarik tokiko ekonomia sustatzen dute.
“Agian Stopmines EH elkarteak euskaraz (ere) jarri beharko luke lehen eskuko informazioa, zeren eta frantses hutsean ipinita hurbilago daude Calaisetik Irunetik baino” esaten duzu, ahazturik frantsesa ere Euskal Herriko usadiozko hiru hizkuntzetako bat dela eta euskaldunok, Euskal Herriko edozein herritako euskaldunok, aipatzen duzun Calais herrira hurbiltzen gaituela frantsesak. Garai batean ia inork ez luke euskaldunoi hain baliotsua gertatzen zaigun tresna (frantsesa) hala mezpretxatuko, baina gaur egun Hegoaldekoen ezjakintasunak halako gauzak irakurtzera garamatza. Zalantzarik ez dut Iparraldeko eragileek euskara erabili eta lehenetsi beharko luketela, baina horrek ez du esan nahi frantsesari uko egin behar diotenik. Hegoaldekoek ere ez liokete frantsesari muzin egin beharko, batez ere Hegoaldekoen espainierarekiko eta Espainiarekiko lilura eta miresmena zein handia den kontuan izanik…
Frantsesa hizkuntza inposatua da, euskara gurea. Euskaraz egon behar du baina frantsesez egotea guztiz hautazkoa da, ingelesaren atzetik.