Pornografia juridikoak

Pornografia juridikoak

Pornografia juridikoakPoz handiz hartu dut Arantxa Zulueta kaleratzearen urrea, noiz eta begien aurrera gorotz judiziala ere ausarki oldartua dugunean, Urdangarin infanta senarra kondenatua izan eta Suitzako lapurzulora lasai-lasai itzuli dela ikusita. Lehenengoak 20.000 euro ordaindu; bigarrenak, berriz, zeuro ordaindu, 0, garai estuetan herritarren lepotik zerriki aberastuta ere. “Denok gara ogasuna” bai, baina batzuk ogasunago beste batzuk baino, Orwellen Animal farmeko esaera gogora ekarriz. Esango dugu, hala ere, PPko batzuek goiburu hori leloentzako lelotzat daukatela, tira (etai lelori bai lelo, leloa zarai leloa…).

1973ko O Lucky Man film operistiko-satiriko aparta ezin bestean etorri burura. Malcolm McDowell eta Hellen Mirren aktoreek lan poetiko eta koral bikaina egin zuten Lindsay Anderson berexiak trebezia handiz zuzenduta, free cinema ingeleseko adibide peto-petoan.

Bada, bizitzako perla ederrak utzi zizkigun O Lucky Man filmak 1970etako Ingalaterra industriala pikutara zihoan unean, eta klimaxa, Espainiako auzitegi bat bailitzan, Travis gazte goranahi inuzentearen epaiketa zoragarrian iristen da, ordurako jipoi andana hartuta. Gazteak uste osoz koxk egin dio nagusi aberaskilo ustelaren am(arr)uari, zergatik ere ez dakiela inozoki gortera arrastatu dute tratu txarren markak agerian dituela,  eta orain epailearen errieta moral zakarra entzutea tokatu. Gaztetxoarekin suminduta, epaileak bereak eta bi bota dizkio rajoy bat bailitzan, ez galdu diskurtsoa: “herrialdeko izen handieneko industrialari baten konfiantzari huts egin dio”, “if such a perfidy can be commited without retribution how can the rule of law, patriotism, duty, the very basis of our society hope to survive?”.

Barrenak hitz potoloz hustuta, epaileak bere denbora hartu du, gogoangarria baita purrustadari segitzen dion epailearen eszena masokista epaitegiaren atzeko gelan. (Hala egingo ez ote duten Madrileko epaitegietan ere…) Sir James, Travisen nagusia, eta inguruan dituen handiki, lankide, kazikeak barre algara batean lehertu dira lotsagabe, Urdangarinen herenegungo barremurritzaren oihartzun harro retroaktiboa bailitzan. “The dividing line between the House of Lords and the Pentoville jail is really, really thin”. Arrain txikia zigortuta, gauzak bere onera bueltatu dira filmean; Espainiako pasadizoan, berriz, arrain larria airoso etxeratuta (suitzaratuta).

Pornografia juridikoak

Euskal Wikilarien Elkarteko kidea, itzultzailea