Zupiriaren kale garbitzaileak
Zupiriaren kale garbitzaileak
Zupiria ezin da izan azken adierazpenetan azaldu den bezain traketsa.
Azkarragoa eta abilagoa da, zalantzarik gabe.
Baina dagoen tokian duen aulkian egoteak emozioz bete du eta liluratu, antza. Eta PSE-EEkoen maitasun samurrak ez dio gutxi lagundu lan berrirako adoretze horretan.
Zer egin, eta denbora xahutzeko entretenimendu hoberik ez duela eta, hara non bururatu zaion 38.000 hizkuntza eskakizun, banan-banan, berrikusten hastea. Horrela da, bai, 38.000 mila lanposturen eskakizunak berrikusten hasiko baita kementsu. Trena aurrera doala, bera atzera begira jarrita.
Hori bai etorkizuna planifikatzen jakitea eta hizkuntza plangintza burutzen hasteko urrats erabakigarria!
Eta lehenik eta behin, eginkizunaren garrantziaz ohar gaitezen, kale-garbitzaile EGAdunen adibide pedagogikoa azaltzea bururatu zaio prentsaurrekoan. Txintxo-txintxo, eta prentsaren mundutik ez baletor bezala, eta prentsa horiak zeri ematen dion lehen tokia ikasita ez baleuka bezala.
Kale-garbitzaile EGAdunak! Horrelakorik ere!
Baina halako adibide sendo eta grafikoarekin orain arteko Hizkuntza Politika zurbila hain barregarri utzi badu, segurua da Zupiriak bat edo bi edo igual hiru kale-garbitzaile EGAdun ezagutzen dituela erkidego guztian. Hiruak, seguru, kalte ikaragarri latza egiten diotenak komunitateari.
Hain zuzen ere kale-garbitzaile EGAdunak direlako funtsezko desoreka linguistiko sozialaren errudunak, eta ez, adibidez, euskara nahitaezko izan beharko luketen lekuetan dauden mediku analfabetoak. Berrehun mediku? Bostehun? Bi mila? Horientzat ez da hizkuntza eskakizunik jarri behar. Euskalduna baino hobeago baita mediku ona izatea.
Eta politikariak? Zenbat ezagutzen du Zupiriak bere alderdian eta ondokoetan euskaraz ideiarik ere ez dutenak eta erakunde publikoetan guztion ahots direnak eta izan nahi dutenak? Ehun? Berrehun? Bi mila?
Horientzat ere ez da hizkuntza eskakizunik behar. Nahi duten moduan jokatu behar dute horiek. Ala “egunon” modukoren bat marraskatzen ikastea baino gehiago beharko lukete horiek?
Horregatik dator orain Zupiria ispilu erretrobisorean begiratzera eta 38.000 hizkuntza eskakizun diskriminatzaile berrikustera. Kale-garbitzaile EGAdun asko dagoelako. Eta lan-merkatua gizartearen beharrizanei egokitu behar zaielako. Eta garrantzizkoena dena: psozialistek musu-truk eskainiko dioten esku-argia izango duelako lagun.
Beti izango du, jakina, asmo txarreko susmoak zabaltzen hasiko zaionik eta Hizkuntzaren Normalkuntza bermatu beharko lukeen arduradun nagusia hizkuntza langak, berez ahulak eta indargeak direnak, jaistera datorrela esango duenik. Eta kexaka arituko denik.
Ez halakoei kasurik egin, larreko behi-usainetara itzultzea bilatzen dutenak baitira horiek. Zeren eta garbi aitortu behar da, eta hori ikusten lagunduko digu seguruenik Zupiriaren berrikusteak, euskaldun atzerakoiena dela benetako beharrizanei erantzun egokirik ez ematearen errua, hemengo hizkuntza propioan bizi nahi izatea ez baita etorkizuneko gizarte berriak behar duena. Eta aitortu behar da dagoeneko ohartuta egon beharko luketela euskaldunek elebidun direla eta Jainkoak oparitu dien aberastasun magiko horretaz baliatzen ikasi beharko lukeela bizikidetza eta normalizazio soziala bermatzeko. Euskal Herrian euskaldun elebidun denari ezin baitzaio inolaz ere lehentasunik eman erdal elebakarren aurrean. Eta are gutxiago kale-garbitzaileei.
Gure ongi etorri beroena, beraz, Unzalu-Mendiaren diskurtso linguistikoa berpiztera eta geureganaraztera etorri zaigun Zupiria jaunari
Zupiria, eta lehenago Baztarrika, ugazabei lan zikina egiten.
EHBildu, LAB, ELA, Kontseilua… isilik.
PP, Podemos, UGT, CCOO pozez zoratzen.
Zulora doan herria.
Norabide garbiko politika linguistikoa EAJrena.
Hogeita hamabost urte eta gero, badakite zer egin azkenez: edozein gauza PSE-EEko laguntxoekin haserretu gabe jolastu ahal izateko.
Hizkuntz eskakizunen berrikusketa lehendabizi. Elebakartasun agonikoa diskriminatua sentitu ez dadin.
Justu orain, inkestek merkatuan inkorporatzeko inoiz baino uholde euskaldun handiagoa dagoela diotenean.
Euskaldunoi hainbeste gustatzen zaizkigun EL CORREO eta EL DIARIO egunkari hispano elebakarrak, pozarren albistearekin. Eta erdaraz iruzkina, noski, euskaldunok ere enteratu gaitezen:
Se trata de un debate necesario para que el euskera no sea un factor restrictivo sino que sirva para garantizar los derechos de los ciudadanos.
Hemendik aurrera funtzio publikoan hizkuntz eskubideak bermaturik.
Nor eta noraino elebidun? Itzultzaile ofizialak (C 1: total, boletina euskaratzeko), Txorierriko zaharrekin arituko diren erizainen hamarrenak (B 2), Tolosaldeko pediatraren bat (B 1), mostradore ofizialetako administratiboak (B 0,50: en erderaz, por favor; estoy aprendiendo), EHEko jendea epaituko duten epaileak (B 0,75: kondenatxen behar dut), errepidean askoz gutxiagotan geldiarazi beharko gaituzten ertzain goxuak (B 0,25: deme la txartela, mesedez)…
Eskubide bermatze horren truke, nork ez du funtzio publikoan euskaraz jakin beharrik izango? Ba, gainerako guztiek eta bereziki arduraren bat izango duten ordezkari politikoek (egunon: estoy en ello, ya llevo seis años estudiando euskera) eta klaustro euskaldunetara iritsiko diren irakasle berriek (Celaa planning: B 0).
Hogeita hamabost urte eta gero badakite zer eskatzen duen herriak.
Eta bitartean atzerrian bizi naizela, hastean 4 orduz alemana ikasi behar izan dut bertako gizartean integratu ahal izateko. 3 urte ta gero C1 azterketa gainditu dut. Beste batzuk 40 urtetan euskaraz eguraldiaz hitz egiten ere ez dakite….
FICK PNV