“Gure konpromisoa eta gure lana eskaintzen dugu gure hiriaren eta gure besten alde”

Sanferminen erdian gaude jadanik. Bestan murgildurik dabil Iruñea eta berarekin batera baita Gora Iruñea! ere. Zer moduz doa egitarau herrikoia?

Badoa, badoa aurrera, baina arazo handiak izaten ari ditugu. Aurten Udala benetan tematu da jai herrikoien aurka egiten eta beste urteekin konparatuz arazo handiagoak izaten ari ditugu. Udaltzainak agertu dira gure ekimenetan debekua aurrera eramateko. Jadanik bizpahiru ekimen bertan behera utzi behar izan ditugu udaltzaingoa azaldu delakoz.

Hala ere, oztopoak-oztopo aurrera egitea pentsatu zenuten eta ekitaldi batzuk bederen egin dira.

Egitarau herrikoia garrantzitsua da oso, baina inportanteena ez da Gora Iruñeak prestatzen duen egitaraua, filosofia hau baizik. Hori da azpimarratu nahi duguna. Ideia oso garbia da: guk, herritarrok izan behar dugu edozein festetako protagonistak, baita ere Iruñekoetan. Geroz eta jende gehiago dago ideia honekin ados, baina zoritxarrez geroz eta zailagoa da jai herrikoiak egitea. Gure egitarauarekin eta filosofiarekin azpimarratu nahi dugu gu garela protagonistak, ez bakarrik festetan, baita hiri honetan ere. Aurten egoera zailagoa utzi digute gure egitaraua aurrera eraman ahal izateko, baina jarraituko dugu. Gainera aurten esan dugun bezala, gure asmoa da Sanferminak prestatuko dituen jai batzorde herrikoi bat sortzea.

Herriak kontzientzia hartu duela diozu eta peñek ere jai herrikoien aldeko apustua egin dute. Pankarta beltzekin salaketa egiten ari dira Iruñeko karriketan barrena, igandean ez dira zezenketara joanen, … nola baloratzen du Gora Iruñeak iniziatiba hau?

Peñak hor dabiltza jo eta fuego, jai herrikoien alde duten konpromisoa aurrera eramateko lanean. Aurten erabaki dute pankarta beltzekin aterako direla, kalean aldarria presente egon dadin, baina bestak ospatuko dituzte. Barcinak esan zuen “están de luto” baina hori ez da horrela, hemen inor ez dago lutuan. Beraz, Sanferminak ospatuko dituzte eta era berean jai eredu jakin bat aldarrikatu.

Gaur Euskal Herriko jaien eguna da. Zertan datza horrelako eguna? Zerk bultzatu du Gora Iruñea! horrelako eguna ospatzera?

Hau aurretik dator. Maiatzean Euskal Herri mailan jai herrikoien alde egindako eztabaidan parte hartu genuen. Izan ere, Iruñean gertatzen dena ez da hemen bakarrik pasatzen; ez da bakarrik UPN-k eta Barcinak egiten duten zerbait. Euskal Herriko hainbat lekutan, hainbat herri eta hiritan gauza bera gertatzen da. Honen adibide oso argiak ditugu: Bilbon konpartsak, Donostian piratak eta auzoak, Gasteizen txosnen batzordeak eta blusa eta neskak, … Hau ikusirik, pentsatu genuen katilurik ez bazuten nahi, katilu eta erdi emanen geniela. UPN eta Barcinak jai herrikoien aurka duten jarrerarekin gure kulturarekin eta gure hizkuntzarekin amaitu nahi dute. Horregatik prestatu dugu Euskal Herriko jaien eguna, horrela Euskal Herriko nortasuna eta izaera present egonen delako gure karriketan eta denok batera aldarrikatuko dugu jai eredu hau. 

MjgyNQ==

Euskal Herriko jaien egunaz gain aurten ere Gora Iruñea! eguna ere ospatuko da 13an. Dena-den, aurten ez da gunerik eskatu ekimenak aurrera eramateko. Bada arrazoiren bat?

Badugu gure gunea, gure lekua Iruñeko kaleak baitira. Hori da aldarrikatu behar duguna. Ez dugu egitaraurik behar eta bakoitzaren egitaraua aurrera eramateko gunerik aproposena daukaguna da: kalea. Horregatik ez dugu baimenik behar gure karriketan bestak ospatzeko: bazkaltzeko, hamaiketakoak egiteko, afaltzeko, dantzatzeko, kantatzeko, … Ez dugu baimenik behar gu garelako protagonistak eta horregatik ospatzen ari ditugu eta ospatuko ditugu gure bestak Iruñeko karriketan.

Egitarau herrikoiak ez diola bestari ekarpenik egiten dio Iruñeko Udalak. Hala ere, programa ofizialetik euskal dantzak kentzeko hautua egin du bestatik at den futbol partida bat pantaila erraldoietan azaltzeko.

Esaten digute ez dugula deus eskaintzen eta hori gezurra da. Gure konpromisoa eta gure lana eskaintzen dugu gure hiriaren eta gure besten alde. Haiek ordea, herritarrei protagonismoa kentzen ari digute eta gure herriko dantzak kentzen dizkigute, beste gauza batzuk paratzeko, azken finean kanpoko jendeak disfrutatzeko eta bertakoak baztertzeko.

Orain lanean jarraitzea dagokizue eta Sanfermin txikirako prestatu. Heldu den urterako pentsatu duzue ezer?

Guk jarraituko dugu gure lanarekin, baina oraindik besta batzuk baditugu ospatzeko Iruñean: Sanfermin txikito, Etxabakoitzeko jaiak, Iruñeko eguna, Olentzero eta abar. Beraz, guk orain arteko besta egutegiarekin jarraituko dugu, jaiak landuz eta bultzatuz.

Irudia | Dani Saralegi, Gora Iruñeako bozeramailea | zz | Creative Commons By SA

BARDO GORRI NAFARRA