Komunikazio planaren eragina neurtu
Orain arte komunikazioari buruz idatzitako postetan komunikazio plan bat idazteko egin behar diren urrats guztiak aipatu ditut, egoera aztertzeko aurre-ikerketatik akzioak burutzeko egutegiraino. Baina oraindik beste urrats bat falta da, alegia, indarrean jarri dugun planifikazioaren neurketa aurreikustea. Hau ere ezinbesteko urratsa, komunikazioa ez baita zientzia zuzena, eta nahiz eta kontu guztiak arreta handiz artatu baliteke emaitzak guk nahi ditugunak ez izatea. Egoera horretaz lehenbailehen ohartzeko ezinbestekoa da neurtzaile batzuk jartzea, eta txarrak izanez gero hauek zuzentzeko neurriak aurretik ikustea.
Komunikazio planaren helburuak jartzean, neurgarriak izateko moldatu ginen, behintzat azpi helburuei dagokionez. Azpi helburuak helburu nagusia edo nagusiak gauzatzea ahalbideratuko duten helburuak dira. Neurtzaile horiek dira preseski gure plana ondo doan ikustea ahalbideratuko digutenak. Komunikazio planaren hasieran jarritako neurtzaile horiek dozena erdi bat baino gehiago izaten ohi direlako, une honetan gutxienez beste dozena erdi bat neurtzaile gehituko ditugu: Izan daitezke kalean egindako inkesta baten emaitza batzuk, Google Analytics-ek, Facebook-ek eta Twitterrek emandako emaitza batzuk, edo besterik gabe, enpresak berak jasotako emaitza batzuk: museo batean adibidez, sartze kopuruen gorabeherak, egunkari batean, harpidedunen gorabeherak, edo barne komunikazio plan batean, langileen baja kopuruaren gorabeherak. Ahal den neurrian neurtzaile osatuak izan beharko dira, alegia, aurreko emaitza batekin konparatzen direnak eta ez zenbaki hutsak.
Jarraipen hori egin ahal izateko, datuak biltzeko epeak jarriko ditugu, eta horretaz arduratuko den pertsona izendatuko. Ongi goazen ala ez jakiteko lortu beharreko helburuak finkatuko ditugu aurreko urte edo hilabeteetan izandako emaitzetan oinarrituz baita komunikazio planak gure ustez izan beharko lukeen eragina kontutan hartuz ere. Hau ere ez da zientzia zuzena eta plana egiten duena asmatzen jakin beharko du baikorregia edo ezkorregia izan gabe. Helburu horiek nola finkatu dituen azaldu beharko du planaren egileak erakusteko besteak beste ez dituela arinkeriaz jarri.
Gaizki goazen edo alferrik ari garen lehenbailehen ohartzea garrantzitsua da, baina bere horretan ez du askotarako balio. Horretarako, eta horri aurre egiteko, balizko hutsei aurre egiteko neurriak aurreikusiko dira, azaletik nola ez, ez baitago bigarren komunikazio planik idazteko astirik eta baliabiderik, baina kale eginez gero, denbora aurrezteko bide bat. Adibide arrunt bat emateko, prentsaurreko bat ematen duenak pasarazi nahi duen mezua prestatuko du, baina komunikatzaile ona izan nahi badu, kazetari zorrotz edo bihurri batek eginen dizkion balizko galderei erantzuteko ere prestatu beharko du. Behar izanez gero, kazetari horrek ez du ustekabean harrapatuko eta deitzaileari prentsaurrekoa ez zaio eskutik joanen. Komunikazio plan batean, gauza bera da, baina beste maila batera eramana, konplexuagoa alegia.