PlayStation sareak erabiltzaileen datuen lapurketa jasan lezake

psnJoan den asteazkenean, mundu osoko 77 milioi PlayStation jokalari zintzilik geratu ziren. Sonyk on line jolastea ahalbidetzen duen sarea itxi egin zuen, PlayStation Networkek erasoa jasan baitzuen apirilaren 17a eta 19a artean. Itxieraren arrazoia ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula: bere blog ofizialean egindako iragarpenean, hacker batek zerbitzuaren erabiltzaileen datu eta bankuko informaziora sarbidea izan ahal du, kasurik larrienean.

Erabiltzaileen izena, helbidea, email kontua, pasahitzak edota jaiotza data hackerraren esku geratu ahal izan dira. Baina hori ez da okerrena, kreditu txarteletako informazio guztira ere sarbidea izan omen du: txartelaren zenbakia eta iraungitze-data, baina, dirudienez, ez Internet bidezko erosketak egiteko beharrezkoa den segurtasun kodeko zenbakira (kasu gehienetan).

Hau egia balitz, Interneten historiako delitu informatiko handienaren aurrean egongo ginateke. Dena dela, multinazionalak ohartarazi du datu lapurreta ez dela zergatik horrenbesterainokoa izan.

Sonyk astebete behar izan du arazoaren berri argi eta garbi emateko. Hasiera batean sarea itxi zuen segurtasun neurri gisa mantentze lanen aitzakian, baian orain norbait sarean bidegabe sartu dela aitortu du eta bart komunikatua argitaratu zuen.

Erasoaren berri izan zenetik, askok Anonymus taldean jarri zituzten begiak, taldeak Sonyren aurkako ekintzak aurrera eramango zituztela aditzera eman baitzituen GeoHot hakerraren jazarpenaren erantzun gisa. Baina taldeak berehala adierazi du ez duela azken arazo honekin zerikusirik.

Pasa den astetik, Sony buru-belari ari da PSN eta Qriocityren arazoak konpontzeko eta sarea berrezartzeko lanean, eta erabiltzaileen pazientzia eskertu du behin eta berriz.

erasoa, Hackerrak, Internet, Play Station

UDAZKEN KOLOREAK

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude